Jose Luis Etxeberriari aurtengo Olazabalen Bidea saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 10a, 19:06

Jose Luis Etxeberria Urrutiak Andoaingo txistularien bandan eta Alberto Agirre abestatzan egin duen ibilbide luze eta oparoa hartu dute oinarrian aipamena egiteko garaian. Herriko zenbait erakundeetako ordezkariek osatutakoa da epaimahai hori. Andoaingo Caritas elkarteak antolatu ohi du sariketa, Andoainen gizarte ekintzaren eta solidaritatearen arloan nabarmendu den pertsona edo elkarteari esker ona agertzea du helburu.

Pozik hartu du albistea Etxeberriak, nahiz eta bizitza osoan erakutsi duen apaltasunari eutsi oraingoan ere: “Sekula ez zait gustatu nire burua nabarmentzea. Modurik isilenean eta diskretoenean egin izan ditut gauzak nire bizitzan. Ez dakit nola sentituko naizen horrelako ekitaldi batean, baina eskertzen diet nirekin gogoratu direnei, eta saiatuko naiz Olazabalen sariak eskatzen duen seriotasunari erantzuten”.

Andoaingo kantagintzan eta txistularien bandan Etxeberriak ekarpen handiak egin dituela azpimarratu nahi izan dute epaimahaikideek.  Aldi berean, erantsi dutenez, beti erakutsi izan du prestutasuna eta eskuzabaltasuna Andoaingo herrian nahiz auzoetan ospatzen diren ekitaldi eta jaietan.

Etxeberriak Andoainen musikari eskaini dio bizitza osoa, eta besteak beste, Andoaingo Udal Txistulari Bandaren eta Alberto Agirreren sortzaileetakoa izan zen. 2008ko Sanjuanak zirela eta Aiurriri eskaini zion elkarrizketan adierazi zuenez, etxetik zetorkion txisturako joera. “Aitona, Angel Urrutia, txistularia genuen. Etxean beste inork ez zuen jotzen, eta nire artean “nik jo behar diat” esan eta hasi nintzen, etxeko tradizioa ez hausteko”. Horrela, hamasei urterekin, Inaxio Aizpurua herriko txistulari famatua izan zuen irakasle. Labordeko lantokian, txistulari koadrilarekin jardun zuen bolada batean. “Hango eskolan ikasita, baziren orduan txistua jotzen zutenak: Jose Goikoetxea, Pablo Etxeberria, Ramon eta Emilio Truchuelo anaiak, Pio eta Jose Mari Huizi anaiak… Horiek banda sendoa osatzen zuten. Baina utzi egin zuten denbora batera, eta nik bakarrik jarraitu nuen”.

Bera izan da, hortaz, Andoainen eta frankismoan, txistuaren tradizioaren soka ez etetea lortu zuen pertsona, Aizpurua anaiekin batera. Horien grinari esker, herriko jai eta ospakizun berezietan txistuaren soinua entzuten jarraitu ahal izan zen.

1963an jaio zen ikastolako haurrei txisturako zaletasuna irakasten ibili ziren, Jexus Mari Otamendi, Jose Antonio Zalakain eta hirurak. Joxe Goikoetxeak zirikatuta 1979an nola jarri zen Andoaingo txistularien banda kontatu zuen elkarrizketa hartan: “Labordetik atera ginen garaian izan zen, 1979ko maiatzean. Baxoerditako lagunekin atera zen dena, badakizu. Nola ez zegoen txistularirik herrian, Goikoetxeak txistua jotzeko eta jotzeko eskatzen zidan. Bitartean, aldamanetik Fidel Arrietak esaten zigun: “zuek bai kontua eta zikina, baina ez duzue ezer egingo!”. Langabezian geunden eta, “oraintxe dek okasioa!”, esan eta ekin genion taldea osatzeari. Pio eta Jose Mari Huizi, Felix Martinez de Lezea, Ramon Mendiluze, Migel Mari Otamendi…, jendea biltzen joan ginen pixkanaka. Gero ikastolako Sabin eta Jon Mikel Mujika, Jon Lizarribar, Jauregi, Xabier Ansa…, etorri ziren; horiei Huizi, Otamendi eta hirurok irakatsi baikenien ikastolan. 1979ko Gabonekin batera atera ginen kalera”.

Alberto Agirre abesbatzaren sortze prozesutik ere ez zen oso urrun ibili Etxeberria: “Goikoetxea eta biok Pio Huizi tentatu genuen: “Hi, Pio, orain dakak okasioa, herriaren alde lan egin nahi badek, korua prestatzen. Guk lagunduko diagu, hik nahi badek. Hark baietz esan eta erretore etxean entsaioak egiten hasi ginen, 1981-1982an. Nahiko koru ederra izan zen hasierako urteetan, gazte jende askorekin”.

Abeslari eta zizendari lanak bete izan ditu zenbait urtetan Etxeberriak abesbatzan.

2008an musikarekin lotzen zion guztia uzteko asmoa agertu zuen: “72 urte dauzkat, eta bihotzetik hondatua; aldapan gora kosta egiten zait txistua jotzea… Felixek eta Migel Mari Otamendik esana didate: “hik uzten dekenean, guk ere utzi egingo diagu”. Behin baino gehiagotan ere erantzun diet nik: “izurratu behar dizuet oraindik, hor agoantatu behar dezue!”. Arituko ez banintz ere, ez nintzateke penatuko. 75 urterekin jubilatzen omen dira obispoak…”.

Gotzaiena betetzeko asmoz edo, poliki-poliki uzten joan da harrezkero. 2010an agintarien azken soka dantza izan zen berarentzat txistulari gisa. Axeri dantzariek ere omenaldia eskaini zioten Sanjuan egunean Goikoplazan, 1976az geroztik etengabe parte hartu izanagatik dantzan. Hurrengo urtean, azken aldiz igo zen oholtzara, axeri dantzariei doinua markatzeko asmoz.

Tarteka, baina, heldu izan dio oraindik musikarako temari; esate baterako, iazko Sanjuanetan, Salve Gorenean, abesbatza zuzendu zuen.

Ostegun honetan ospatu zena Olazabalen Bidea Saria ekitaldia, Basteroko auditorioan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ekitaldian zehar, Caritas elkarteko bost kide ohiei oroigarri berezia eman zieten. Hain zuzen, 1956an abian jarri zen Andoaingo Elizen arteko Caritas elkartearen eratze akta jasotzen duen pergaminoa eskaini zitzaien. Era berean, Caritaseko bultzatzailerik nagusienetakoa izan zen eta aurten otsailean hil den Jose Mari Olazabal Iñurrita gogoratu zuten.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!