Extremadurako eta Euskal Herriko folklorearen uztarketa igande honetan Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 10a, 19:04

Andoaingo Hogar Extremeñok antolatuta, Andoaingo Udalaren laguntzaz, Imanol Iribarren musikariak eta Laket musika taldeak Extremadurako folklorearen hainbat pieza egokitu dituzte euskal doinu eta hitzetara. Igandekoa mendeurreneko ekitaldien egitarauan kokatu dute, Andoaingo artista askoren parte hartzearekin egingo dena.

Basquextremefolk emanaldiak entzuleen harridura eragingo duela aitortu dute antolatzaileek. Euskal Herriko eta Extremadurako folkloreak ikuspuntu berritzaile batetik jorratuko dira, eta biak fusionatzearen emaitza izango da.
Bi zati izango ditu emanaldiak. Lehenbizikoan, Soinuak musika eskolako musikariek eta Alberto Agirre Abesbatzak Extremadurako kantutegiako lau abesti interpretatuko dituzte (La Jota de la Siberia, la Jota del emigrante, La Jota de Guadalupe eta El candil). Zenbait abestitan Hogar Extremeñoko dantzariak dantzan jarriko dituzte.
Bigarrengoan, Laket musika taldearen txanda helduko da. Extremadurako sei doinuri euskal ukitua itsatsiko diote. Imanol Iribarren musikariak egin ditu moldaketa lanak. “Euskal folkloreari ukitu modernoa emateko joera eduki du talde honek jaio zenetik, eta ederki asko moldatu gara ikuskizunera”, halaxe aitortu du bertako bateria den Iñigo Muñozek. “Erronken zale gara, eta oraingoan, izugarri erakarri gaitu Extremadurako jota bat euskal fandago batera eramateak, esate baterako”. Jon Eskudero bertsolariak, bertsotan jardungo du ikuskizunean zehar; “La cancion del emigrante” abestiaren bertsio askea egingo du.
 
Emigrante baten ibilerak
Emigrante baten historia izango da bi zatiak harilkatuko dituen ideia. Hogar Extremeñoren izenean ikuskizuna bultzatu duen Juanfe Moyanok adierazi duenez, “Extremadura utzita 60ko hamarkadan Andoainera etorri, eta bertan ze jende eta zer kultura topatu zuen irudikatu nahi izan dugu. Horretarako, antzerkia erantsi diogu ikuskizunari”. Hain zuzen ere, Katramilako antzezleei egokituko zaie antzezpen hori.
Moyanoren hitzetan, bi kulturen artean egon den harreman naturala irudikatu nahi da historia horrekin: “Extremaduratik jendea etorri zen eta bai horiek eta baita horien hurrengo belaunaldiak ere, Andoainen integratu egin dira. Bertakoak dira, eta gaur egun, naturaltasunik handienarekin bizi dute jatorrizko eta hemengo kulturen arteko nahasketa”.
Basteron bilduko diren ikusleen sentsazioen bila osatu dute ikuskizuna, hori esan du Moyanok. “Jatorriz extremeñoa denak, bere-bereak sentitzen dituen abestiak azkar identifikatu ditu, baina aldi berean, badagoela zeozer ezberdina antzemango du. Jatorri euskalduneko horri ere beste hainbeste gertatuko zaio euskal musikaren erritmoekin. Azkenean, harridura sentimendu hori probokatu nahiko dugu ikuskizunarekin”.
 Escivi eskolako ikasleek koordinatuko dute ikuskizuna. Gidoia atondu dute eta beraien esku geratu da bertan ikusiko diren bideoen kudeaketa ere. Emanaldia Basteron izango da, igande honetan eguerdiko 13:00etatik aurrera. Sarrerak 5 eurotan jarri dira, eta Delgado eta Ermaitza liburudendetan eta udaletxeko Atariko bulegoetan eskura daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!