Orientazio jardunaldia antolatu du Zubimusu ikastolak datorren astelehenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 10a, 15:35

Zubimusu Ikastolak orientazio jardunaldi bat antolatu du DBH egin ostean dauden aukeren inguruan. Saioa bailara osora irekita dago eta Mintzolan izango da datorren astelehenean, arratsaldeko 18:00etan:

“Eta DBH egin ostean, zer?” Galdera horri erantzuna bilatzen saiatzen dira 4 DBH egiten ari diren neska-mutilak. Eta ikasleekin batera, nola ez, haien gurasoak. Bakoitzaren profilera ondoen egokitzen den aukera edota lan merkatuan sartzeko erraztasunik gehien ematen duen hura zein den erabakitzea ez da beti lan erraza izaten. Zalantzak izan ohi dira nagusi. Horregatik, eta gurasoen eskerari erantzunez, Zubimusu Ikastolak ikasle eta gurasoei zuzenduriko Orientazio Zerbitzua jarri du martxan. Testuinguru horren baitan, datorren astelehenean, abenduaren 14an, orientazio jardunaldi bat egingo da interesa duten pertsona guztiei zuzenduta, ez bakarrik Villabonakoei, bailara guztikoei baizik. Hitzordua, Mintzolan izango da, arratsaldeko 18:00etan.   

Hezkuntza alorrean ibilbide luzea eta esperientzia sakona duten bi profesionalek hartuko dute parte. Alde batetik, Laskorain Ikastolako zuzendari Kepa Goikoetxeak eta bestetik, Inmakulada Ikastolako zuzendari Ana Mongek. Goikoetxea batxilergoan zentratuko da eta Mongek Lanbide Heziketa izango du hizpide.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!