Oihana Iguaran: “Ez daukat ezer galtzeko; gozatzera noa”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Finalera iriste hutsa pozgarria da bertsolariarentzat. Tolosako plaza, bere "bizitzako plaza" bezala definitu du; bada, orain, inoiz ez bezala, plaza handiago batean bertsotan aritzeko abagunea edukiko du. "Alde batetik, erronka bat da, baina bestetik, ez daukat ezer galtzeko; beraz, gozatzeko plaza bat izango da. Nire lekuan mantentzen saiatuko naiz eta, ahal dela, zerbait berezia eskainiko dut", azaldu du.

BIDEOA | ARGAZKIAK

Sorpresa handia izan da finalean abesteko aukera izatea amasarrarentzat, eta "oso pozik eta ilusio handiarekin" dago. Eibarreko finalaurrekoaren zain zegoela, esperantzarako zirrikitu bat bazuen: "Aukera oso estua zen. Ilusiorik egin gabe nengoen, nire buruari sinetsiarazi bainion ez nintzela finalera iritsiko. Horren barneratuta nuen hori, ezen pasa nintzela jakitean, izugarrizko sorpresa hartu nuen".

Tolosan lortu zuen jendearekin konektatzea eta finalean ere hori bilatuko duela adierazi du. Gain hartzen dion ilusio horretan zentratzen eta bere ahotsari lekua ematen ahaleginduko da. Horrez gain, bidean geratu diren lagunak ere gogoan hartu ditu: "Oso bertsolari onak geratu dira bidean. Horiengatik guztiengatik, nire ahotsa bilatuko dut oholtza gainean". Maila altuaren zama esperientziadun bertsolariei utzita, beste kolore bat ematen saiatuko da Oihana, esateko duen horren bila joanez.

Finala abenduaren 19an

Datorren larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hasiko da finala. Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre izango dira oholtza gainean. Horietako batek jantziko du txapela. "Ziur gaude egun ederra izango dela, gogoangarria", azaldu du Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

Hala eta guztiz ere, hariaren beste muturra gogoratu nahi izan du: "Urrun samar gelditzen da, baina maiatzaren zazpian Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bidea. Bide luze, fin, baina sendoa".

Inaxi Etxabe, txapel jartzailea

Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak jarriko dio txapela irabazleari, plaza ukatu zaien bertsolari emakumeen belaunaldi oso baten ordezkari gisa. "Etxe giroan sortu zitzaion bertsozaletasuna, eta gazte-gaztetatik hasi zen bertsoak egiten. 50eko hamarkadan sari batzuk irabazi zituen. Hala ere, garaiko bertsolari emakumeen moduan, bertso jarduera ezin izan zuen plazetara eraman, gizonezkoen eremua baitzen. Urte asko pasako ziren Etxabe plazan kantatzeko aukera izan arte", jakinarazi du.

Oharrak

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta salmenta guneetan. Internetez erositako sarrera guztietan agertzen da aretora zein atetatik sartu behar den (3 edo 10A ateak). Salmenta gunetan sarrera erosi dutenek, berriz, 1. atetik sartu beharko dute. 15:30ean irekiko dira ateak. Horrez gain, ilunbera iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du antolakuntzak. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatu ahal izateko (aparkalekua, aretoan kokapena...) antolakuntzari aurrez joango direla abisatzea eskatu dute, gipuzkoa@bertsozale.eus helbidean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!