IV. Antton Pebet memorialeko final laurdenak jokatuko dira asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 10a, 12:51

Aurreko asteburuko final zortzirenetako saioen ondoren, ostiral arratsaldean 18:30ean eta igande arratsaldean 16:30ean IV. Antton Pebet memorialeko final laurdenetako kanporaketak jokatuko dira Bearzana pilotalekuan.

Argazkiak: Egoitz Bengoetxea

Kronika: Iñaki Lizaso (jarraian):

Aurreko asteburuan zehaztu zen IV. Antton Pebet Memorialean final laurdenetako kanporaketa jokatuko duten bikoteen zerrenda.

Ostiralean bi partida jokatu ziren:

Lehen partidan Urretabizkaiak eta Murgiondok 22-13 irabazi zieten Urmeneta eta Martija nafarrari. Urretabizkaia oso bizi aritu zen, pilota astinduz eta frexko. Murgiondo oso seguru eta bikain, azkenaldi luze honetan dabilen moduan.

Martija nafar gazteak asko joka dezakeela erakutsi zuen, eskuin bizia erakutsi zuen Villabonan. Kontuan hartzeko atzelaria aurrera begira.

Urmeneta-Añorga beteranoak ere txukun jokatu zuen eta  erdira arte partida berdindua izan zen arren, bukaeran alde egin zuten irabazleek.

 

Jaialdiko bigarren partidan Etxebarria gernikarrak eta Behar Zana taldeko Ustaritzen sortua den Errekak 22-19 irabazi zieten Peña Tolosako gazteari eta Perez gasteiztarrari.

Etxebarria gernikarra izan zen onena. Izugarri jokatu zuen. Asko egin eta bizi gainera. Errekak hutsak egin zituen, baina tarte onak ere izan zituen.

Peña eta Perez beren mailatik behera egon ziren agian. Tantoak galduz ta egitea kosta zitzaielarik.

 

Igande goizeko jaialdian, lehen partidan Eneko Labakak eta Aizpitartek 22-9 irabazi zieten Behar Zana taldeko Maiz eta Esnaolari. Labaka-Aizpitartek erraz irabazi zuten partida hau, halako partidak jokatzen besteak baino ohituagoak daudela  erakutsi zuten eta gutxiago galdu eta gehiago egin zuten.

 

Bigarren eta azken partidan, saio izugarriaz gozatzeko aukera izan zen Villabonan. Santxo eta Arrietak 22-21 galdu zuten Azpiri eta Kastillo bikote bizkaitarraren aurka.

Partida bikaina izan zen. Erritmo eta lan handikoa. Pilotakada piloa jotakoa.
 Arrietak atzetik asko jokatu zuen. Bikote aurrelariek  beraiek proposatu zuten horrela jokatu nahi zutela. Aukera eman zitzaien eta ez zuten hutsik egin. Arrietak eman eta gutxi galdu zuen. Santxok erraz egiten zituen tantoak. Kastilloren lana onena izan zen. Hasi eta buka jo, arrimatu eta gutxi galduz. Azpiriri tantoa amaitzea kosta zitzaion.
 18-11 aurretik bi aurrelariak baina sake batzuk tarteko eta pilotakada batzuk galdu ondoren eta Kastillok pilota asko arrimatzearen ondorioz, 18-21 bizkaitarrek partida irauli zuten. Ondoren Santxoren erremateekin 21-21.
 Azken tantoa, berriz, Bizkaira joan zen.

 

Aste honetan, kadete eta jubenilak ere hasiko dira jokatzen. Jaialdi bakoitzean 3 partida egongo dira: kadete, jubenil eta nagusi mailakoa, hurrenez hurren.

Bi egunetan partida izugarriak espero dira eta inguruko pilotari askok jokatuko dute gainera. Zizurkilgo Alberdi, Peru Labaka. Hauetaz gain Gorrotxategi hernaniarra, Telletxea, Anso, Alberdi…, pilotari ikusgarriak ariko dira Villabonako Bearzana pilotalekuan.

Ordezkapen batzuk ere egin behar izan dira halabeharrez. Lasoren tokia Ugalde oiartzuar biziak hartuko du. Laso, eskuko hatz batean min hartua jarraitzen du eta ezin izan da osatu.  Aizpuru asteasuarrak ere ezingo du jokatu. Hutsune handia txapelketarentzat, jubenil mailan egon daitekeen pilotari onenetakoa baita asteasuarra. Bere taldea ordezkatuko du EHko Kluben Arteko Txapelketa Nazionalean. Bere ordez, Gaskue nafarra ariko da. Eta azkenik, Salaberria goizuetarrak partida askoren ondorioz ezingo da aritu, bere ordez Matxain añorgarra ariko delarik, egungo Gipuzkoako txapelketan bigarren geratu den aurrelari bizia.

Hauxe izango da bada, aste honetako kartelera: 

 

*FINAL LAURDENAK*

Eguna: abenduak 11, ostirala. 
Ordua: 18:30ean.

1)  Kadeteak: Baztarrika -Garmendia & Alberdi-Apezetxea

2) Jubenilak: Irazustabarrena- Anduaga &  Matxain- Mariazkurrena

3) Nagusiak: P.Labaka-Gorrotxategi & E. Labaka- Aizpitarte

Eguna: Abenduak 13, igandea
Ordua: 16:30ean

1) Kadeteak: Egiguren-Murua & Mata-Cuairan

2) Jubenilak: Alberdi-Gaskue & Anso-Etxeberria

3) Nagusiak: Ugalde-Telletxea & Etxebarria-Erreka

Sarrera, beti bezala, doakoa izango da eta saski eder baten zoazketa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!