Kirol eta Liburuaren Asteak aurkeztu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 10a, 11:45

Atzo eguerdian, Maite Amenabar Zizurkilgo kultur eta euskara zinegotziak eta Ainhoa Larrea Udaleko kultur, euskara eta kirol teknikariak, abenduaren 10etik 13ra luzatuko den Kirol Astea eta abenduaren 14tik 18ra burutuko den Liburuaren Asteak aurkeztu zituzten Zizurkilgo udaletxean:

Bideoa

Gaur, abenduaren 10ean hasi eta igandera arte hamaika hitzordu izango da Kirol Astearen baitan Zizurkilen. Segidan, Liburuaren Astea, abenduaren 18ra arte luzatuko dena. Olentzeroren etorreraren aurretik, beraz, izango da zereginik Zizurkilen. Kirola eta ipuina eskutik lotuta. Ainhoa Larrea eta Maite Amenabarrek atzoko aurkezpenean aurreratu zutenez, burua eta gorputza uztartzeko modu erakargarria izango da Zizurkilen datozen asteotan eta "antolatu ditugun ekintza guztietara zizurkildarrak nahiz zizurkildarrak ez direnak gonbidatu nahi ditugu", adierazi zuten.

KIROL ASTEA

Abenduak 10, osteguna, 19:00etan, 100 EGUNEKO ERRONKA ekimenaren aurkezpena, Atxulondon

 

Norberaren “Ni” onenera iristeko bidaiari ekiteko gonbidapena jasoko dute herritarrek, Maider Mendizabalen eskutik.

Elikadura, ariketa fisikoa eta hausnarketarako tartea konbinatzen dituen ekimena aurkeztuko da.

 

Abenduak 11, ostirala, “Neska, kirola egiten hasi nahi duzu?” mahai-ingurua, 19:00etan, Atxulondon

 

Zizurkildar kirolarien mahai-inguruan, gaur egun kirolean jarduten duten eta kirolean ibili izan diren emakumeak elkartuko dira: Aitziber Ibarbia, Lurdes Gorostegi, Nagore Iraola eta Maitane Aburuza.

Beraien esperientziaren berri zabaltzea eta neska gaztetxoei kirolerako harra sortzea da mahai-inguruaren helburua.

 

Abenduak 12, larunbata, HAMABI ORDUZ KIROLEAN ZIZURKILEN

 

10:00etan, Haurrentzat kirol eta jokoak Intxaur frontoian, eta, ondoren, hamaiketakoa eta opari banaketa.

 

12:00etan, HALTEROFILIAKO EGUBERRIETAKO TORNEOA, Intxaur frontoian.

 

20:00etan, URREZKO AIZKOLARIEN KOPA ETA URREZKO HARRIJASOTZE TXAPELKETAKO FINAL ERDIAK.

 

XIX. GAU KROSA

22:00etan, HAURREN GAU KROSA. 2003tik aurrera jaiotakoek hartuko dute parte haurren gau krosean. Kilometro bateko distantzia korritu beharko dute, 850 m kontrolatuta eta 150 m libre.

Egunean bertan eman ahal izango dute izena, 21:00etatik aurrera, Joxe Arregi plazan.

 

22:30ean, ZIZURKILGO XIX. GAU KROSA

Bi kategoriatan korrituko dute. Alde batetik, 2000-2002 artean jaioek 2,5 kilometroko distantzia korrituko dute, eta 1999an eta aurretik jaioek 7 kilometrokoa.

Izena emateko, aurrez eman daiteke izena, www.herrikrossa.com orria erabiliz. Kasu horretan, 3 € ordaindu beharko da. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 21:00etatik aurrera, eta 5 € ordaindu beharko da. 250 korrikalari onartuko dira gehienez.

 

Lehenengo hiru postuetan iristen diren heldu eta gazteek sariak eskuratuko dituzte, eta, horrez gain, sari berezia egongo da errekorra (22’01’’) hausten duen korrikalariarentzat, Dinosaurio Saria korrikalari helduenarentzat, opariak korrikalari guztientzat, afarien zozketak (Atxulondo, Egarri, Pasus, Olentzo, Iriarte, Elizondo, Plaza Etxeberri eta Toki Berri taberna eta jatetxeetan) eta material zozketa, ALBIZU KIROLAK dendaren eskutik.

 

Abenduak 13, igandea

 

10:00etan, ZIZURKILGO V. PILOTA TXAPELKETAKO FINALAK, Ziotza pilota eskolak antolatuta, Intxaur frontoian.


LIBURUAREN ASTEA

 

Abenduak 14, astelehena, 17:15ean, IPUIN KONTALARIA Iriarte kultur etxean


Maite Franco arduratuko da haur eta gaztetxoenei ipuinak kontatzeaz.

 

Abenduak 16, asteazkena, 18:30ean, HITZALDIA Atxulondo kultur etxean


“Olentzero mito zaharra eta mito berria” hitzaldia emango du Xabier Kerexetak.

Hitzaldiaren helburua da Zizurkilgo gurasoei Olentzeroren izaerari eta jatorriari buruzko argibideak ematea, ikusirik gaur egun Olentzero Bizarzuriren pareko pertsonaiatzat hartzen dela.

 

Abenduak 17, osteguna, 17:30ean, INTUJAI ANTZERKI TALDEAREN IPUIN KONTAKETA, Atxulondo kultur etxean


“IPUINGURUA etxeko energia aurrezteko hamaika modu” izeneko lana emango dute.

6-9 urte bitarteko haurrei zuzendutako emanaldia da. Ipuin-kontaketa horren helburua da txikienak kontzientziatzea gaur egun zenbateraino gastatzen den alferrik energia, eta aurrezteko moduak irakastea.

 

Abenduak 18, ostirala, 17:30ean, TEODORO HERNANDORENA XIV. IPUIN LEHIAKETAKO SARI BANAKETA, Atxulondo kultur etxean


Aurten guztira 443 lan aurkeztu dira, bost kategoriatan banatuta. Bi epaimahai osatu dira lanak epaitzeko: A eta B kategoriatan (6 urtetik 11 urtera arteko umeen kategorietan), Joseba Aurkenerena eta Ixabel Millet idazleak izan dira epaimahaikideak, eta C, D eta E kategorietan (12 urtetik aurrerakoetan), Joxemari Carrere eta Maite Toledo.

Zizurkilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie lehiaketan parte hartu duten guztiei eta ikastetxeei, lehiaketan erakutsi duten inplikazioagatik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!