Zer moduzko harrera izan du erakusketak? Langileen ahotik eta kaletik iritsi zaizkidan iritzien arabera, oso ona. Jendeari ideia ona iruditu zaio eta egun hauetan ere jendea gerturatzen ari da. Dirudienez, batzuk zuzenean dokumentala ikustera joaten dira.
Ikus-entzunezkoa al da atalik aipagarriena? Baietz uste dut. Horrez gain, sarreran dagoen argazki erraldoiak ere arreta deitzen du. Asko laguntzen du giroan sartzen eta garai hartan kokatzen. Alde pertsonal horrek jendea erakarri du.
Zergatik eman diezue tokia Andoainera migratutakoei? Euskararen transmisioaz hitz egiten dugunean, beti euskaldunez aritzen gara. Alde batera utzita genuen euskaldun ez zirenek ere nolako transmisioa egin zuten beraien jarrera eta portaerekin. 400. urteurrenarekin lotuta, egokia iruditu zitzaigun beraien lana azaleratzea.
Etorri zirenean, zenbaitek ez zekiten euskara existitzen zenik ere. Hala ere, euskara ikasteko ahaleginak egin dituzte, jarrera oso ona erakutsi dute eta, egun, kalean dauden euskaldun asko beraien ondorengoak dira. Ez dute ibilbide geografikoa soilik egin, baita ibilbide kultural eta linguistikoa ere.
Zergatik merezi du erakuketa ikustea? Andoainen historiaren zati garrantzitsua izanda, soziologikoki pisu handia du; beraz, herria hobeto ezagutzeko balio du. Polita eta atsegina da, eta bideoaren bidez, aukera dugu gure ondoan bizi direnen testigantzak ezagutzeko. Uste dut ez genukeela galdu behar, merezi du eta.