Durangoko Azokaren ateetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 4a, 15:28

Durangoko Azoka aurten 50. ediziora iritsiko da. Andoainen sorburu eta egoitza duen Musikazuzenean webguneak postua ipiniko du. Bertako arima Koldo Otamendi andoaindarra da.

Aurkez ezazu Musikazuzenean webgunea egitasmoa, ezagutzen ez duenarentzat.
Musikazuzenean.com, nagusiki, musika agenda bat da. Zuzeneko musika maite dugunon topaleku izateko helburuarekin sortu zen. Bestetik, zuzeneko musikarekin loturiko beste hamaika ekimen egin ditugu: kontzertuak, argazki erakusketak, mahai-inguruak... Dagoeneko bost urte bete ditugu.

Zer da musika zuretzat? Pasioa? Ogibidea? Terapia?
Apur bat hiru gauzak! Musika jo ezik, denetarik egin dut musika munduan. Argazkilari ibili naiz, sasi-kazetari, irratian ere jardun dut, kontzertuak antolatu ditut, eta egun talde batekin nabil road-manager gisa... Atsegin ditut zuzeneko kontzertuak, astean zehar diren horiek, eta apenas ikuslerik gabekoak. Jendetzak aspertu egiten nau egun. Askotan nahiago dut inoiz entzun ez dudan talde kanadiar bat areto txiki batean ikusi, mila ikuslerekin batera sona handiko talde baten aurrean egon baino. Talde ausartak maite ditut, harridura sortzen duten horiek!

Andoaingo Gaztetxea al da zu musikazale izatearen “erruduna”?
Zentzu handi batean bai. Nire lehenengo kontzertuak bertan ikusi nituen, eta azkenekoak ere bertan bizi izan ditut asteburu honetan! Hor egon da beti nire bizitzan, eskola bat izan da. Zorte handia izan dugu Andoainen Gaztetxea izatean. Bertan bizi dugun “Do It Yourself edo Zuk Zeuk Egin” autogestiorako filosofia hori oso barneratua dut, asanblearismoa bezala.

Zein da Gaztetxearen osasuna, urteurrena amaitu berritan?
Betiko antzera dabil. Osasuna ez da txarra bizirik dagoelako, eta gauzak egiten direlako. Nik uste potentzial handia dagoela gauzak egiteko eta egun badira aukera batzuk datorren urtea interesgarria izateko. Ikastaroak egiten hasi gara, eta arrakasta handia izan dute. Badago jendea gauzak egin nahian, hori gauza ona da. Aurrerantzean bide horretan sakondu behar dugulakoan nago.

Hastear den Durangoko Azokarako gogotsu al zaude?
Une honetan askorik ez! Azokak sekulako lana eskatzen du, eta egun gutxi geratzen dira jada. Urteko data hauetan erotzen gara denok.

Zer da zuretzat azoka?
Amodio-gorroto modukoa dut azokarekin. Kontsumoan oinarritzen den egitasmoa da Durangoko Azoka, eta bide horretan ez nau asko erakartzen. Bestetik, ezinbestekoa da horrelako ekimen bat gurean egiten den musika azaleratzeko.

Hainbat disko ipiniko duzue salgai. Amu polita da zuenera gerturatzeko…
Durangoko Azokak gurean musikalki egiten denaren erakusleiho izan beharko luke. Oso uzta polita pilatu dugu aurtengorako. 45 disko izango ditugu gurean, musikalki, oso anitza eta koloretsua.

Diskoetxerik gabe gaur egun bide zabala egin daiteke...
Zalantzarik gabe, bai! Bide malkartsuagoa da beti ere, baino finean, badira aukerak. Auto-ekoizpena batzuetan erabakitako aukera da. Beste askorentzat, halabeharra.

Zein disko nabarmenduko zenituzke eskainiko dituzuen guztietatik?
Ez da erraza aukeraketa bat egitea. Diskoak entzun eta gauza berriak deskubritzera animatuko nuke jendea. Gaur egungo talde txikiak biharko talde handiak izan daitezke.

Bukatzeko, zein izango da zuen kokapen zehatza azokan?
Artekale 53 zenbakian topatuko gaituzue, BideHuts eta Bonberenea Ekintzen standen artean.
[Webgunean atal berezia: jarraipenbereziak.musikazuzenean.com/category/durango-2015/]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!