Asteasun zehar bi kilometro inguruko ibilbidea musker urdinez markatu dute. Herriko ondarea eta idazlearen inspirazio iturri izan diren tokietatik pasatzen da, Atxagak deitu dion bezala, Muskerraren bidea. Pausoz pauso, idazlearen lana eta herria gertutik ezagutzeko aukera ematen du. 17 geltoki ditu; eskola ingurutik hasita, Tranpazulo plazaraino.
Proiektu honen baitan, Muskerraren bidea gida literarioa argitaratu dute; Bernardo Atxagak idatzia eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dena. “Oso barrutik ondutako lana da Asteasun ikusi daitekeena. Irakurtzeaz gain, bisitatu, gozatu eta bizi egin daitekeelako”, azaldu du Bernardo Atxagak proiektuaren aurkezpenean.
Asteasu, aparteko herria
Literatura idazteko, gauza konkretu eta partikularretatik abiatzen da Bernardo Atxaga; Asteasuko tokietatik edota haurra zela bertan gertatutako pasarteetatik. “Idazle guztiak bezala, bizitzaz eta bizitzen gora-beherez hitz egitea da nire asmoa. Horretarako, ez dut tresna berezirik, nik ezagututakoa baizik: nik neuk ezagututako maisu eta maistrak, nik ezagututako aurreneko dantzaldiak, gaitzak, heriotzak, pozak…”. Bizipen horiek izaten ditu gogoan liburuak idazteko garaian.
Haurtzaroko lehen 13 urteak Asteasun egin zituenez, ordura arte ezagututakoak izan dira bere “ernamuina”. Askotan, konturatu gabe egiten zuela aitortu du. Istorioan okindegi bat behar bazuen, nahi gabe umea zela ezagututako okindegi hori izaten baitzuen buruan.
Asteasu toki “erabat bakana” da Atxagarentzat, toki guztiz partikularra. “Poetikoki, fikzioari dagokionez, hau leku aparteko bat da”, aitortu du. Horregatik, herria ezberdina dela erakutsi nahi izan du proiektu honen bidez. Liburua “erradikala” dela uste du, bertan idatzitakoa kanpotarren edo bisitarien usteen aurkako ahalegin bat ere badelako. Euskaldunek dituzten estereotipoak hautsi nahi izan ditu eta, horretarako, ikuspegi ezberdin batetik idatzi du: “Esan nahi dudana honakoa da: zuek hau ikusi duzuenean, ez duzuela erdia ere ulertu. Ez duzuela ikusi herri honen atzean dagoen ezer”.
Asteasu balio poetiko handia duen zonaldea da. Idazlearen ustez, gauza asko eta aldaketa handiak gertatu dira bertan. Liburu honen bidez, horiek guztiak ezagutara atera eta pausoz pausoz erakutsi nahi izan ditu.
{{IMG-33919}}
Oinez irakurtzeko liburua
Muskerraren bidea gidaliburu bat da; pasealeku hori azaltzen duen liburua, hain zuzen. Liburua eskuetan hartu eta paseo bat ematera gonbidatzen ditu irakurleak: “Ezagutu itzazu barrutik Asteasu eta Obaba. Joan zaitez bisitan Juan Bautista Agirre eta Lizarraga jenerala bizi izan ziren etxera, edota Antonio Arrue jaio zenera”.
Liburua oinez irakurtzeko da. “Aukera egongo da norberak bere etxean liburuaz gozatzeko, baina ondoren, hona etorri eta oinez irakurtzeko ere bai”, adierazi dute. Atxagak ere berretsi egin du ideia hori, bidelagun bat dela azalduz: “Bidea azaltzen lagunduko dizun gida bat da”.
Ibilbidea gainera, bidea ulertzeko informazio gehigarria duen panelez osatuta dago. 2160 metroetan zazpi panel daude, eta horietako bakoitzean, QR kodigo bat dago Bernardo Atxagak berak grabatutako audioak entzun ahal izateko. Euskaraz eta gaztelaniaz entzun daitezke azalpenak. Laster, ingelesez ere egongo dela aurreratu dute.
{{IMG-33920}}
Donostiako hiritartasuna lurraldera zabalduz
Donostia 2016k Muskerraren bidea proiektuaren berri izan zuenean, berehala jabetu zen Europako Kultur Hiriburuak sustatu nahi dituen helburuekin bat egiten zuela. Xabier Payak azaldu duenez, Donostia 2016k proiektu hau babestu eta bere parte izatea erabaki zuen: “Kultur hiriburua den einean, garrantzitsua da Obaba bere parte izatea. Obabakoak euskaratik gehien itzuli den obra da, munduan ate asko ireki dituena. Istorioa Asteasun ondu zen; horregatik, bertako pasarteei bidea ematea eta herria are barrurago eta ezberdinago ikusaraztea ezinbestekoa zen”.
Bestalde, lurraldetasunari balio handia ematen dietela adierazi du. 2016ko Kultur Hiriburua Donostia da, baina ez du herria bere baitan soilik hartzen, baita inguruko herriak ere. Lurralde osora zabaltzen da eta horren adibide da proiektu hau. “Hiriburutzak hainbat jende erakarriko du, eta Asteasu, beste hainbat herri bezala, proiektuaren parte izango da”, dio Xabier Payak.
Horrez gain, herritarren parte hartzea txalotu du. Partaidetza ikuspegi “zoragarria” izan duela uste du: “Asteasuarrak inplikatu egin dira eta herria bera nola interesatu den ikusita, kultura parte hartzailea zer izan daitekeen ezinhobeto erakusten du egitasmo honek”. Azkenik, herriko ondareari atxikitzen zaiola dio, Muskerraren bidea betiko geratuko delako.
Asteasura erakarriz
Proiektu honek lehengo urteko egitasmo batean du jatorria. Asteasuko Udala jendea herrira erakartzeko turismo proiektu batekin hasi zen lanean. “Zerbait berezia egin nahi genuen, inguruko herrietatik ezberdinduko zena”, adierazi du Pili Legarra alkateak. Horrela atera zen Obabaren inguruan zerbait egiteko ideia: “Noski, horretarako Bernardo Atxagaren onespena eduki dugu, eta berak egindako lanari esker atera dugu aurrera”. Asmoetatik, egia izatera pasa da, eta egitasmoa aurrera ateratzea “harrigarria” iruditzen zaio Atxagari. Ilusio eta gogo asko izan ditu bizitzan, eta horietako asko asmo hutsean geratu izan diren arren, hau aurrera atera delako. Horrenbestez, Asteasura gerturatzeko gonbitea luzatu du. “Inguruko Obabak mundu magikoa adierazten du, baina asteasuarrontzat badu oinarri fisiko bat ere. Hori ezagutzeko deia luzatzen dizuet”.
{{IMG-33918}}
Aurkezpena
Muskerraren bidea proiektua aurkezteko, egun berezia izan zuten Asteasun azaroaren 28an, larunbatarekin: Muskerraren eguna. Goizean goiz hasita, salda beroa hartu ostean, Atxaga idazlearekin batera egin zuten ibilaldia bertaratutakoek. Paseoan zehar, idazlearen azalpenen bidez ulertu zuten zertan datzan Muskerraren bideak. Horrez gain, arratsaldean hitzaldia eman zuen udaletxean, eta hortik aurrera, musika nagusitu zen. Gainera, Musker pintxoak ere banatu zituzten herriko tabernariek.
Duela ia 60 urte ateratako argazkia eguneratu da
«Aspaldi, artean gazte eta berde ginela, erretratu bat egitera hots egin ziguten eskola ttikian genbiltzan guztioi. Eta hala, kontent, ardaila batean ustekabeko atsedenaldi hura zela eta, maistrari jarraitu gintzaizkion elizako zimitorioaren arkupeetaraino; maletak airera botaz, zilipurdika, harrapatzen genituen putzu guztiak zapalduz». Horrela hasten da zortzigarren geltokiari buruzko pasartea. Elizaren atarian, Bernardo Atxaga eta umetako eskolako kideek atera zuten argazkia ageri da liburuan.
Aurten, Muskerraren egunean, argazki hori bera berregin dute. Izan ere, argazki zaharrean agertzen diren lagunak toki berean jarri, eta berriro atera dute argazkia. Bertan ateratzen zirenei deitutakoan, pozarren eta ilusioz jaso zuten albistea. Hala, bizi ez direnak salbu, guztiak Asteasura etorri eta berriro bizitu zuten momentu magikoa. Atxagaren esanetan, esperimentu polita izan da, “haria erabat ez dela hautsi frogatzeko”.