“Presioarekin beharrean, ilusioarekin joan naiz saioetara”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Ibilbide bikaina burutu dute Beñat eta Oihana Iguaran lehengusu amasarrek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren baitan. Oihanak oraindik badu finalean abesteko aukerarik.

Nola aurkitzen zara Tolosako finalaurrekoaren biharamunean?
Emozio handiko asteak izan dira eta oraindik pasatako guztia liseritzen ari naiz. Hori bai, oso-oso aseta atera nintzen Tolosako saiotik eta benetan pozik sentitzen naiz.

Zer moduz sumatu zinen gai-jartzaileak proposatutako gai eta ariketa ezberdinen aurrean?
Hamarreko handian ofiziotan sekula aritu gabea nintzen eta bakarka osatzeko gustatzen zaidan neurria izanagatik, ofiziotan, egoera baten aurrean, parean jarri gintuzten. Bi bertsolariok antzeko bidea hartuz gero, errepikakorra izan daitekeenez, ertzak bilatu behar zaizkio gaiari. Arrazoi egokiak asmatu nahian aritu nintzen. Egitura aldetik ere saio ezberdina zen Tolosakoa; hamarreko handian ofizio batekin hasi ondoren, puntu-erantzunen txanda zetorren gero. Ondo ateratzen denean oso ariketa bizi eta eskertua izaten da, baina, guri tentsio handia sortzen digu. Atzetik, seiko motza, nire ustez, teknikoki nahiko exigentea den neurria eta zortziko txikia gero. Azkenean buelta eman eta natural joan zen dena, ez baitago jarritakora egokitu beste erremediorik, baina aurrez errespetua ematen zuen egiturak berak.
Kartzelako lana hunkigarria, amari abestu zenion…
Tolosan, fikziora jo eta alaba nerabe bat etorri zitzaidan burura, ama batengan pentsatuz. Horretara etorrita, ‘zergatik ez diot nire amari kantatuko?’, pentsatu nuen. Izan ere, bururatu zitzaidan bukaera ‘sekula ez diot esan miresten dudala’ izanik, esan behar diodan horri esatea erabaki nuen. Bertsoa nahiko motza geratu zitzaidan buruan nituen arrazoi guztiak sartzeko, baina ulertu zela uste dut. Erantzuna behintzat beroa jaso nuen.

Tentsio guztiak gaindituta, zure lanarekin gustura?
Teknikoki hainbat hitz eta silaba buruan bueltaka ibili baditut ere, orokorrean oso gustura geratu naiz. Ikuslegoa, –agian ezaguna nintzelako-edo–, oso erantzuteko prest zegoen eta konexio horretan oso gustura sentitu nintzen. Traketsago josi arren, mezua ematen saiatu nintzen. Orain artean, beti aulkiak jartzen aritu izan naiz Tolosan eta kezka neukan jende askorentzako lekua duenez, kantatzerakoan inpresioa egingo ote zidan. Eskoriatzan, esaterako, inpresio horren aurrean ez kontzentrazioa galtzeagatik, ikusleei begiratzea saihestu egiten nuen. Hori gainditu nahi nuen, bai bainekien hemendik urte batzutara, –aurrena edo azkena egin–, pena emango zidala saioa Tolosan egokitu eta ez gozatu izanak. Muga horretan ibili nintzen Usabalen, deskontzentratu gabe, momentuaz gozatzen eta bereziki pozik nago helburu hori bete nuelako.

Oraindik baduzu Ilunbeko finalean parte hartzeko aukera errealik…
Oso zail ikusten dut. Ni sartzekotan, datorren igandeko Eibarko azken finalaurrekoak kaxkarra izan beharko luke eta han abestuko dutenen artean, finelean egoteko oso izen sendoak ikusten ditut. Printzipioz, onartuta daukat ez naizela finalean arituko, berez ez bailuke behar. Mikel Artolari bultzaka joango gara Eibarko saiora eta ikusiko dugu. Momentuan behintzat, Tolosako saioarekin daukadan asebetearekin ez daukat finalera ez iristeko penarik. Gerora, puntu gutxira geratu naizela ikusten dudanean, pena sentituko dut agian. Hala ere, perspektiban begiratuta, pena sentitzeko eskubiderik ere ez daukadala uste dut; abiatu ginenean, begiak itxita sinatuko baikenuen denok iritsi garen lekura iritsi izana.
Pixkanaka aurrera egitea lortu dugu eta oso bide polita izan da. Sorpresa modukoa. Presioarekin beharrean, ilusioarekin joan naiz saioetara. Hori da esperientzia faltaren aurrean daukagun bentaja.

Hurrengo asteburuan gertatzen dena gertatzen dela, Euskal Herriko Txapelketarako sailkapena behintzat ziurtatu duzu, Beñat lehengusuarekin batera…
Ikaragarrizko lorpena da! Berriz txapelketan parte hartzeko lau urtez ez itxaron beharra ere esan nahi baitu horrek. Hobetzen eta motibatzen laguntzen duen estualdia da eta beste eskaparate eder bat. Izugarria da, horrenbeste bertsolari on dagoen lekuan garrantzitsua baita tartean azaltzea. Datozen bi urteotan, ibilbide honetako bidea landu eta berretsi egin nahi dut. Bertso eskolako lagunontzat, astez asteko juntadizoetan tentsioari eusteko baliagarria izango da. Orain, berriz ere, lagunartean lasai bildu eta gozatzen jarraituko badugu ere, gerora ariketa jakin batzuk lantzen jarraitzera behartuko gaitu txapelketak, gainerakoan, bertso eskolan apenas arituko baikinateke seiko motzean, esaterako.

Bertsolari gazteen artean, sorpresetako bat izan zara. Zure bertsoen maila sarritan nabarmendu da txapelketan zehar…
Nik uste bertso eskolako kide guztiok egin dugula mailan gora. Kantatu egin nahi dudalako eman nuen izena txapelketan eta, kantatzekotan, nonbait agertu egin behar delako, eta ahal bada, hainbeste jende dagoen lekuetan nabarmendu. Ari naiz pixkanaka helburu hori lortzen, dagoeneko poz handia sortu didaten bi dei jaso ditut: batetik, Zarauzko kopla txapelketan abestuko dut abenduaren 11n, plaza zoragarri horretan. Bestetik, urtarrilaren 11ko Bertso Eguneko ekitaldirako ere deitu naute.
Eskualdeko bertso kideen inguruan, Unai Mendizabal zizurkildarra oso aurrera iritsi da lehenengo txapelketa zutenen artean eta ikaragarrizko freskotasuna erakutsi du, beste kolore bat erantsiz. Haritz Mujika asteasuarrak ere asko erakutsi du hain gaztea izateko, bide luzea geratzen zaio egiteko. Beñat lehengusua, Zarauzko saioan hobeto ez aritu izanaren penarekin geratu da eta amorrazio horrek Euskal Herrikoari begira lagundu egingo diola uste dut. Akats teknikoren bat eginagatik, oso bertsoaldi politak utzi zituen Beñatek Zarautzen. Oso natural egin zuen bertsotan, publikoarengana iritsiz. Pena eman zidan Irazu txapelketatik kanpora geratzeak. Edozein betso afaritan denak etzanda utziko gintuzke oraindik, baina txapelketa arratsalde batean neurtzen denez, saio txarra ez eginagatik, ez zuen bere mailarik onena eman eta kanpoan geratu zen.

Zer ikasi duzu batik bat txapelketan zehar?
Tentsioa kontrolatzen, maneiatzen eta kontzentrazio mailari eusten. Egoten jakite horretan ikasi dut bereziki eta ariketa aldetik ere, koska bat igotzeko balio izan dit; oso pozik nago teknikoki egindako lanarekin eta batez ere pertsonalki. Hala ere, egiten dudan baloraziorik onena inguruan daukagun Harituz bertsozaleen taldeko lagunena da. Izugarria. Lehenengo fasetik kanpora geratu zirenak ere, egunetik egunera ondoan egon dira entrenatzen lagundu nahiz gu babesteko. Talde sentsazio oso-osoa sentitu dugu eta inguruan daukagunaz ohartzeko oso baliagarria izan da. Tartean izan dugu Amaia Agirre ere eta, oso berezia izan da, lehenengo aldiz, bera oholtza gainean beharrean, behetik gu babesten sentitzea. Saiakera berezia egin du guri lagundu ahal izateko eta guretzat oso baliagarria izan da txapelketan duen esperientzia; baina bereziki, bera hor egotea. Niretzat oso hunkigarria izan zen finalaurrekoaren ondoren Amaiarekin elkartu eta besarkada batean biltzea. Une horiekin geratzen zara, azken batean.

Zein sekretu duzu, lanaz gain, besteak beste, Oinkari dantza taldeko dantzari fina, Amasako Martina kultur elkarteko kide edota bertsotan ere hain ondo ibiltzeko?
Oinkarin, Amasan nahiz bertso taldean oso talde onak ditut inguruan. Ekimenen bat beste bati tira egiteko alde batera uzten dudanean, taldeak bultzatzen du. Ez nuen uste txapelketarena hain urrutira iritsiko zenik eta beste hainbat gai albo batera utzi behar izan ditut saioak prestatu ahal izateko. Halakoetan, lanean erdizka ari zaren sentsazioa izaten duzu eta ez iristeagatik frustrazioa sentitu ere bai, baina eskerrak taldekideon artean, baten karga bestearen bizkarrean utzi eta denon artean ondo moldatzen garen. Esan gabe doa egunerokoan, babes orokorra izan dudala kezkarik gabe egin behar nuen hori egin ahal izateko, ingurukoak arduratu baitira gainerakoa egiteaz...

Umetatik bertso eskolan
10-11 urte zituela, Amaia Agirrerekin Villabonako bertso eskolan hasi zen Oihana bertsotan. Asteasuko taldean ere ibili zen, “Amaiak berak kotxez eramaten ninduen Villabonako bertso eskolatik Asteasukora. Talde polita osatu genuen Asteasun eta urte batzuetan bakoitza bere aldetik ibili bagara ere, berriz ere elkartu egin gara Harituz bertsozale bilgunean”.
Ingeles irakasle izateaz gain, une hauetan, Komunikazio sozialeko masterra ikasten ari da Bilbon eta Idazle eskolako masterrarekin ere oso gustura dihardu, denbora duenean behintzat.

Harituz elkargunea, indar betean
Dozena lagunek osatzen dute Harituz-eko talde eragilea eta euren arteko giroa nabarmendu dute Beñat nahiz Oihanak, “gustura egoteko moduko ingurua daukagu. Orain badirudi txapelketaren bueltan geratu dela mundua, baina aurrera begira badugu asmo gehiago. Abenduaren 11n bertso jarrien gaua egingo da Altzon eta II. Herriarteko txapelketa ere osatzen ari gara”, aurreratu dute.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!