‘Herriaren goilara’, liburu bat baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 4a, 14:12

Duela urte eta erdi sortu zen ‘Herriaren goilara’ ekimena, Amasa-Villabonako sukaldaritzaren historia eta herriko plater goxoen errezetak liburu batean biltzeko helburuarekin. 

Javi Rivero Villabonako sukaldari gaztea izan zen ekimenaren sortzailea, berari bururatu zitzaion liburua osatzeko ideia, izan ere, Getariako Elkano jatetxean lanean aritu zen boladan, jatetxea ez ezik, itsasaldeko herria bera gastronomiari oso lotuta sumatzen baitzuen eta Villabonara itzultzen zenean, hutsune horrekin egiten baitzuen topo. “Gazteek gastronomia ostiral gaueko ogitartekoarekin lotzen zutela sumatzen nuen, ez zegoela Getarian bezala, bertako sukaldaritza defendatzen zuen inor Amasa-Villabonan. Sukaldearekin lotutako babes finkoa topatu nahi izanez gero, elkarteetara joan beste aukerarik ez zegoela hemen”, argitu du Javik. Garai batean Amasa-Villabonan sagardotegi edo elkarteak zabaldu zituzten pertsonen ekimenik ere ez zuen nabari egungo gazteen artean eta herriko sukaldaritza nahiz giroa sustatu nahian, hausnarketa horien ondorioz, bururatu zitzaion Javiri Amasa eta Villabonako sukaldaritzaren historiarekin batera, herrian bertan prestatu eta zerbitzatu izan diren edota herriko hainbat sukaldarik kanpoko herrietako jatetxeetan prestatu izan dituzten plater esanguratsuenen errezetak liburuan biltzea. Eneko Amondarain lagunarengana jo zuen orduan bere ideiaren berri azaltzera, sukaldearekiko zaletasuna elkarbanatzen baitute Basque Cullynari Centerren ikasten hasi baino lehenagotik ere. Begi onez ikusi zuen Enekok Javiren proposamena eta Villabonako Udalari ekimena gauzatu ahal izateko laguntza ekonomikoa eskatu zieten lehenik. Haien baiezkoa jasota, liburua abian jartzeko taldea osatzeari ekin zioten. Javi eta Enekorekin batera, Bea Medranok (diseinua eta maketazioa) eta Ainhoa Arozenak (erredakzioa) osatu dute ‘Herriaren goilara’ ekimeneko lantaldea.

Tradizioa eta modernitatea
Lan ikusgarri eta ederra egin du Beak, liburuaren diseinua mimo eta goxotasun handiarekin zainduz. Argazkiek indar handia dute liburuan zehar; errezeta goxoenek, esaterako. Gosea pizterainoko irudiak dira, benetan dotoreak. “Sukaldaritzarekin lotutako erretratu zaharretatik abiatu gara, gaur egunera arteko bidea egiteko. Aspaldiko argazkiak berreskuratu ditugu, egungo belaunaldi berriagoekin amaitzeko; modu horretan, antzinako garaiak eta modernitatea uztartu ditugu liburuan barrena”, aurreratu du Beak. Tipografia pertsonala erabili du, autorearena, eskuizkribu modukoa, sukaldean eskuek duten garrantzia idazkeran ere islatu nahian. Liburuaren ibilbidean, produkzio gastronomikoaren ardura hartu du Enekok bereziki bere gain. Sukaldariek euren platerak prestatu ahal izateko baliabideak lotzeaz eta sukaldeko saltsaz arduratu da batik bat. “Oso emaitza polita lortu dugula esango nuke. Pena liburu guztiek amaiera izatea, bestela etxe askotatik material ugari bil zitekeen oraindik ere. Jendeak liburua ikusi, irakurri eta bereziki, erabil dezan gustatuko litzaidake. Garai batean herrian zerbitzatzen ziren plater esanguratsu asko oroitu eta etxean bertan presta ditzaten animatuko nituzke”, deia luzatu du Enekok. Ainhoa Arozenak egin du liburuaren erredakzio lana, elkarrizketetan jasotako informazioa eta errezetak ahalik eta txukunen papereratzen saiatuz. Bere hitzetan, “oso eskertzekoa da herritarrengandik jasotako erantzuna. Etxe asko eta askotako ateak zabaldu dizkigute eta oso interesgarria izan da eurekin batera, antzinako edo egungo historia zatiak ezagutzea. Lan polita benetan, ikasteaz gain, herritarren arteko harremanak sendotu eta plater goxo ugari dastatzeko aukera eskaini digulako”.

Lau sail, lau atal
Lau sail ditu ‘Herriaren goilara’ liburuak. Historiara eginiko jauzia lehenengo; bertan Amasa-Villabonak iraganean sukaldaritzarekin izan zuen loturaren begirada jasotzen da. Antzinako eta egungo taberna-jatetxeek osatzen dute bigarren atala, zeinetan herriko jatetxe ezagunetako sukaldariek euren etxeko iragana edota oraina azaltzearekin batera, haiek ondoen ordezkatzen dituen errezetaren berri eman duten. Elkarte gastronomikoen atala da hirugarrena eta Amasa-Villabonako lau elkarte nagusietako ordezkari banak hartu du hitza, plater goxo baten berri emanez amaitzeko. Laugarren eta azken atala, sukaldearen baitan ibilbide luzea egin duten amasar edo billabonatarrek osatu dute, euren bidearen berri emateaz gain, plater berritzaile edo tradizio handikoak eskaini dituztelarik.

argazki rally gastronomikoa
Herri giroa sortu nahian, argazki rallya antolatu da. Gastronomiarekin zerikusia duen edozein argazki elkarbanatu ahal izango da abenduaren 16ra arte. Hauexek baldintzak: Lekua (herri edo hiria) eta urtea zehaztea / gastronomiarekin lotura izatea (plater goxo bat, momentu bat, leku bat…) / argazkiaren inguruko azalpenak onartuko dira / parte hartzea doakoa da. herriarengoilara@gmail.com / Instagram: #herriarengoilara / Facebook: @herriarengoilara helbideetara bidali ahal izango dira argazkiak. Saria ere izango da onenarentzat: Liburuaz gain, bi lagunentzako afaria herrian bertan eta Jon Iñaki Ormazal Villabonako eskulturgileak eginiko egurrezko koilara.

Abenduaren 17an, aurkezpena
Datorren abenduaren 17an, ostegunarekin, Berdura plazan aurkeztuko da ‘Herriaren goilara’ liburua, 18:30etatik aurrera. Argazki rallyko sariak banatuko dira 19:00etan eta pintxo-pote herrikoia izango da jarraian. Begiak nahiz barruak gozatzeko moduko pintxo bereziak eskainiko dira bertan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!