Minbiziaren aurrean, laguntza
Miren Amuriza bertsolariaren ipuina eta Almudenaren ilustrazioek osatzen dute liburua. "Emaitza honetan hitza eta irudia sentimenduarekin uztartzen dira. Bizipenak islatzen dira, eta hori guztiok nabarituko duzue", adierazi zuen Mikel Pagola alkateak liburuaren aurkezpenean.
Ipuinak bi zati ezberdin ditu; bata mundu errealari lotua, eta bestea, ametsen munduari lotutakoa. Protagonistak Hodei izena du. Egun batean, lagunekin jolasten ari dela, mina hartzen du. Gurasoek medikuarenera eramandakoan, proba batzuen emaitzak ondo ez daudela ikusi eta minbizia diagnostikatzen diote. Hodeiek ez du oso ondo ulertzen zer gertatzen den eta bere ametsetako munduan murgiltzen da. Bidean, zenbait oztopo bilatzen ditu, baina baita horiei aurre egiteko laguntza ere. "Istorio honekin erakutsi nahi dugu laguntzarekin, gogoarekin eta indarrarekin bidea errazagoa dela", adierazi zuen Almudenak.
Gainera, tamalez, Hodei ez dela fizkziozko pertsonaia eta Hodei bezalako haur asko daudela azpimarratu zuen Pagolak. Ildo horretan, ikastetxeetan gaia landu beharko litzatekeela eta minbiziaren inguruko unitate didaktikoak sortu beharko liratekela uste du, haurrek errealitatearen kontzientzia txikitatik izan dezaten.
Durangoko Azokan salgaiEuskaraz eta gaztelaniaz 4000 ale argitaratu dituzte. Gaztelaniaz, Euskal Herritik kanpora begira; Bartzelona, Granada eta Valentzian familia asko dituztenez, bertan ere zabaldu nahi dutelako. Durangoko Azokan salgai egongo da liburua, eta baita Urnietako Eder dendan ere. Aurrerantzean salmenta puntu gehiago zehaztuko dituztela jakinarazi dute.
Administrazioen babesa
Foru Aldundiaren eta Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Lasarte-Oriako Udalek bat egin dute proiektuarekin. Hala, liburuaren aurkezpenean izan ziren Idoia Garcia Biodonostiako ikertzailea, Maite Peña Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatua eta Mikel Pagola, Jesus Mari Santos, Luis Intxauspe eta Jesus Zaballos eskualdeko alkateak.
Maite Peñak adierazi zuen erakundeek sustatu egin behar dutela herritarren partaidetza eta elkarteen bidezko lana. Super H taldeari meritua aitortu zion, beraien "babes osoa" adieraziz. "Zoritxarrez, minbiziak toki handiegia du gizartean eta hori oso gogorra da. Gogorragoa da, hala ere, haurrez hitz egiten badugu. Gaur hemen gaude ikerketa delako aurre egiteko modu bakarra. Mila esker SuperH taldeari, egiten duen lanagatik". Horrez gain, ikertzaileen lana ere goraipatu zuen eta indarrak batzea "oso garrantzitsua" zela azaldu zuen.