Atzoko eta gaurko irudien liburua, Eguberrietarako opari aproposa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 4a, 09:36

Atzo eta gaurko Andoain eta andoaindarrak erretratatzen dituen liburu mardula plazaratuko da abenduaren 16an Andoainen.

Karmele Otaegi eta Marta Trutxuelo Udal artxibategiko langileek osatu dute liburua, eta 400. urteurrenaren harira antolatu diren kultur ekimenetako bat izango da.
Egileek hasiera-hasieratik argi eduki zuten zein izan behar zuen liburuaren planteamendua, eta horri eutsi diote: “Andoaingo auzo eta kaleetan barrena begiekin paseo bat egitea proposatzen zaio liburua eskuetan hartzen duen horri. Bazkardo, Buruntza eta Ama Kandida etorbideko inguru horietan abiatzen da eta herria zeharkatzen doa geografikoki. Bidean, baserriak, eraikuntzak, kaleak, auzoak, jendea, ekitaldiak, ospakizunak..., denetarik agertuko zaio. Alegia, leku fisikoak eta leku horietan dagoen bizitza eta andoaindarrak protagonista dituzten ekitaldi, jai eta bestelako gizarte ekintzak uztartuko dira”.
Liburuaren azalak berak, kale eta auzoak zeharkatzen dituen txoriaren hegaldia egin dezagun gonbidatzen gaitu. Bitxia da benetan argazkia, zaharretan zaharrena. Karmele Otaegik azaldu du bere atzean dagoen historia txikia: “Eduardo Ulangak jarri zigun eskura, Andoni Etxezarretak Tolosako lantoki batean topatu eta gero. Aduna aldetik datorren hegazkin txiki batetik, argazkilariak Andoaingo herria goitik behera erretratatu zuenekoa da. 1910-1920 urteen artekoa dela iruditzen zaigu, Etxeberrietako futbol zelaiaren arrastorik ez baitago, eta bai Seminario zaharraren eraikina”.
 
Atzoko eta gaurko andoaindarrak islatuta
Liburuko argazkiak ez dituzte di-da batean aukeratu. Otaegiren esanetan, “irizpide jakin batzuk zehaztu ditugu, eta denbota puska hartu dugu horiek betetzen. Batik bat atzoko eta gaurko Andoain, eta atzoko eta gaurko andoaindarrek, ahalik eta gehienek, euren burua modu batera edo bestera erreflejatuta ikus dezaten lortu nahi dugu”.
Hautaketa lan horrekin batera, argazkiei erantsi zaizkien azalpentxoak aipatu behar dira, Truchuelok adierazi duenez. “Bizpahiru lerro idatzi zazkio bakoitzari; irakurleari kokatzen laguntzen diote, eta horrez gain, zertan erreparatu daitekeen iradokitzen zaio”. Argazkiak patxadan begiratzeko gomendatzen du Trutxuelok. “Irakurleak denbora eta pazientzia hartu beharko luke; argazki guztiek gordetzen dute informazioa beraiekin, agerikoa bezainbat ezkutukoa askotan, hamaika detaile dauzkate han-hemen, eta geure begiak eta geure oroimena erabiliz, uste duguna baino gauza gehiago ikus eta ikas genezake argazki bakar batetik”.
Argazki batzuk, testuinguru historiko, ekitaldi edo ospakizun jakin bat gogorarazteaz gain, herriko edo kanpoko pertsonaren bat nabarmentzen dutelako hautatu dira. Adibide batzuk jarri ditu Otaegik: “Aitor Mendiluze bertsolari gaztea Aita Larramendiren omenez Garagorri baserrian eskulturaren inaugurazioan ageri da. Garazi Kamio, hura ere gaztetan, Martin Ugalderen eskutik literatur saria jasotzen ikus daiteke. Edota, Rigoberta Menchu Andoinera etorri zenean, harrera egin zioten zenbait andoaindarrekin”.
Argazki guztiek Andoain dute kokapen geografikoa, bakar batzuk ezik, horietako bi Erroman: “Ama Kandidaren santifikazioa zela eta hara joan ziren Andoaingo ordezkariena, eta bestea, Perez Gabarain alkatea Juan Pablo IIrekin bildu zenekoa”.

Argazkiak musikarekin
Kameraz ateratako irudi tradizionala liburuaren mamia izanagatik, ez diote muzin egin teknologia modernoagoei. “Argazki batzuri kode berezi bat jarri zaie; zure mugikorra, iPad edo tableta argazkiaren gainean jartzen baduzu, eskaneatu egingo dizu kode hori eta efektu berezi bat lortuko da zure pantailan: musika edo bideoren bat bistaratuko zaizu, argazki batetik bestera joango zaizu... Azken batean, eskura jarriko zaizu liburuko argazki horrek daukan informazio gehiagarria. Errealitate areagotua deitzen zaio efektu horri. Guzti horretarako, noski, doakoa den aplikazio bat jaitsi beharko duzu zure aparatora”.

Harrera onaren esperoan
Liburua, etxeko apalean edukitzeko eta noizean behin hartu eta haren orrialdeei begira nahi adina denbora pasatzeko moduko produktu atsegina dela diote egileek. Andoaindarrek oso harrera ona egingo diotela pentsatzen dute. Hori bai, barkamena eskatu dute nonbait akatsik topatuz gero; zuzenketak beti direla ongi etorriak, gehitu dute azkenik.

Argazki lagatzaileei, eskerrak
Jatorri anitzeko argazkiak eraman dituzte liburura, Truchuelok zehaztu duenez: “gehienak udal artxibategiko funtsekoak dira, baina badira herriko elkarte, instituzio edo gizabanakoek utzi dizkigutenak ere. Luzea da zerrenda eta liburuaren hasieran aipatzen dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, eskuzabal jokatu dutelako eta gainera, pazientzia izugarria erakutsi dutelako gurekin, informazioa eskatzen baikenien argazki bakoitzaren inguruan”.

Ezaugarriak
  • Izenburua: “Andoain eta andoaindarrak 400 irudietan”.
    Jasotzen dituen garai historikoak: 1910-1920 urte inguruetakoa da argazkirik zaharrena; 2015ekoa berriena (Santa Krutz jaiak).
  • Aurkibidea: atzeko orrialdeetan, argazkia guztiak neurri txikian, zein orrialdetan dauden zehaztuz.
  • Salneurria: 20 euro.
  • Aurkezpen: Abenduak 16, asteazkena.
    Andoain. Basteroko erakusketa gelan, 18:30etan.

Bi argazki nabarmentzeko moduan
Argazkiak ikusten eta berrikusten, orduak eta orduak egin dituzte Otaegik eta Trutxuelok, kasik itsu geratzeraino. Gertu-gertukoak, familiakoak egin zaizkie azkenerako 400 argazkiak. Estimazio handia hartu die guztiei, baina argazki bana nabarmentzeko eskatu zaienean, nork berea aipatu du.
Karmele Otaegik, Santa Krutz Peñaren 1963ko danborrada jasotzen duena hartu du eskuartean: “Informazio eta detaile ugari ematen dizkigu. Herriko hainbat elementu ageri da bertan, danborradaz gain: Iparragirre zine aretoa eta egun haietan eskaintzen zen pelikularen kartela (Los puentes de Toko-ri, 1954 urtekoa), Merkatu plaza zaharreko arkuak... Gainera, 10-12 urteko mutikoak kalean gora eta behera ageri dira; deigarria egiten da autonomia osoarekin dabiltzala baitirudi. Egilea Moisés San José da (1960)”.
Ispilu bat agertzen duen irudia aukeratu du Marta Trutxuelok: “Joakin Larreta kalean, Mujika etxe parean trafikoa gidatzeko dagoen atzerako ispilua da. Badauka zerbait berezia. Bertan, islatuta, Olagaingo auzoa eta etxe dorreak ikus daitezke. Iñaki Agirre da bere egilea (2009)”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!