Basteron eta Gurean erabili ahal izateko kultura bonoak prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 3a, 16:20

Gurea eta Bastero aretoek bat egin dute Eusko Jaurlaritzaren kanpainarekin. Bestalde, kultur bonoa bezalako abantailak ere abian izango dira abenduaren 5etik aurrera.

Euskal Herrian egiten diren ikuskizunei bultzada eman nahian, ‘Zatoz antzokira’ izeneko kanpaina antolatu dute Euskadiko Antzoki Sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak.
Kontsumo urriagoa duten ikuskizunak indartzea du helburu kanpaina honek. Eta baita, ikusleak animatzea bertako emanaldiak ikustera. Bereziki lau sektore bultzatu nahi dira: dantza, antzerkia, zirkoa eta antzerki musikaleko ikuskizunak. Bertan, Euskal Herriko 54 antzokik hartuko dute parte; eta horien artean aurkitzen dira Amasa-Villabonako Gurea antzokia eta Andoaingo Bastero Kulturgunea.
Jendea ikuskizun horietara joatera bultzatzeko, hainbat abantaila ematen ditu kanpaina honek. Ikusleak txartela eskatu behar du Sareko edozein antzokitan. Joaten den ikuskizun bakoitzean txartel hori erakutsi beharko du, eta zigilu bat jarriko diote. Hiru zigilu eskuratzean, laugarren emanaldira joateko 12 euroko gonbidapen txartela eskuratuko du ikusleak.
Umeentzat ere baliagarria da kanpaina hau. Eurek ere txartela eskura dezakete, eta hiru emanalditan hiru zigilu lortu ondoren, gonbidapen txartela lortuko dute. Kasu horretan, 4 euroko balioa izango du.
2015eko azarotik 2016ko maiatza bitarte egongo da martxan ‘Zatoz antzokira’ kanpaina. Gonbidapenak 2016ko urtarriletik aurrera erabil daitezke.
Hauexek dira hurrengo hilabetetik aurrera Andoainen eskainiko dituzten ikuskizunak: abenduak 4: Verdini dantza-saioa; abenduak 29: Sun magoa, urtarrilak 29: Happy End, Vaiven produkzioak; otsailak 12: Etxekoak, Artedrama & Huts Teatroa konpainia; martxoak 4: Cabaret Chihuahua, Teatro Mutante; apirilak 22: Dantzaz, Aurio eta maiatzak 13: El Florido Pensil.
Umeentzako ere aukera zabala dago: abenduak 29: Sun magoa; urtarrilak 23: Pirritx eta Porrotx; otsailak 14: Txanogorritxu eta martxoak 14: Pintto-Pintto, Anita Maravillas Teatro & Portal 71.
Amasa-Villabonan urtarriletik aurrera jarriko da martxan kanpaina. Hala ere, abenduan prentsaurreko bat emango du Udalak xehetasun gehiago azalduz.

Kultura bonoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu bertako kultura sustatzeko; kultura bonoa, hain zuzen ere. Bi bono desberdin dira. Batek, antzokietara joateko balio du. Besteak, berriz, liburuak erosteko.
25 euro balio ditu bonoak, eta 40 eurorainoko kontsumoa egiteko aukera ematen du. Bonoak kultur sektoreko establezimenduetan jarriko dira salgai, eta pertsona bakoitzeko bono bat salduko da.
Abenduaren 5etik aurrera jarriko dira salgai, eta ale guztiak saltzean amaituko da.    

Ikus Zirkus jaialdia
‘Gabon hauetan kultura opari’ lelopean, ikuskizun ederrak dakartza Bastero Kulturguneak. Euskal Herritik hasi eta Brasilera bitarteko artistak izango dira Andoainen.
Horretarako, Basteroko bazkide izan beharra dago. 40 euro balio du urtebeteko kuotak, eta hainbat abantaila eskaintzen ditu. Esaterako, bi sarrera doan ikuskizunetarako nahiz zinerako; %25eko beherapena ikuskizun guztietan; sarrerak erreserbatzeko lehentasuna; Ernaitza eta Stop liburu-dendetan beherapena; Eureka! Zientzia Museoan, Zumalakarregi, Igartubeiti eta Untzi museoan eta Soinuenean deskontuak. Gainera, urte osoan zehar sarreren zozketan parte hartzeko aukera ere ematen du.
Behin bazkide izanda, ondorengo ikuskizunez gozatzeko aukera izango da: abenduaren 26an: Xarivari Blues, Circo Los (Brasil); 27an: 20 Decibel, Circo El Grito (Italia); 28an: Cabaret Elegance, Elegants (Katalunia) eta 29an: Magic Spectacular, Sun magoa (Euskal Herria).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!