“Txapelketan zehar konfiantzan eta autoestiman irabazi dut”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Ibilbide bikaina burutu dute Beñat eta Oihana Iguaran lehengusu amasarrek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren baitan. Oihanak oraindik badu finalean abesteko aukerarik.

Hirugarren urtez aurkeztu zara Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara. Finalaurrekoetara arteko bidea eginda, zer diozu zure ibilbideaz?
Orokorrean hartuta, txapelketaren irakurketa ona egingo nuke. Finalaurrekoetara ailegatuta, ez dago txarra izaterik. Oso pozgarria izan da espero gabean edo helmuga hau jarri gabe finalaurrekoetara iristea, lehen fasea pasatzea ere zaila zegoela ikusi baikenuen. Final zortzirenetara pasatzea bazen helburua; denok genuen pasa nahia. Orain lau urte ere pasa nintzen eta ez nuen gutxiago egin nahi. Final zortzirenetan ez nintzen oso ondo aritu eta sorpresa izan zen finalerdietan sartzea. Ez nuen halakorik espero eta laino batean bezala geratu nintzen. Egia esan, ez nuen finalaurreko saioa askorik disfrutatu eta oraindik ere ez, –zer edo zer bereziagoa eman nezakeen penarekin geratu bainaiz–, baina hemendik egun batzuetara, baretutakoan, lortu dudanaz gustura sentituko naizela uste dut.

Udaberrian hasi zineten ‘Gipuzkoa bertsotan’ sailkapen fasean…
Lehen saiora, Asier Azpiroz ‘Azpi’rekin batera joan nintzen Idiazabalera. Oso urduri joan ginen, baina bertsotan egin behar genuela sinetsita. Ondo atera zitzaigun. Nik uste txapelketako nire saiorik onenak hura eta Urretxukoa izan zirela eta haiengatik iritsi naizela iritsi naizen lekura. Zizurkilgo saioan pattalago aritu nintzen.

Sailkapen fasearen ondoren, seguruago ekin al zenion bigarren faseari?
Baietz esango nuke. Txapelketan zehar konfiantzan eta autoestiman irabazi egin dudala uste dut. Nahiko gora-beheratsua izan naiz bertsotan, –gora baino behera gehiago egiten nuena– eta txapelketa honek konfiantza behintzat eman didala nabari dut. Zarauzko finalaurreko saioari lotuta, ez zen nire eguna izan, baina emozioei eusten jakin nuen.

Zer moduz sentitu zara hainbeste entzule aurrean ikusita?
Nik taula gainetik ez diot begiratzen zenbat jende dagoenari. 1200 edo 2000 lagunen aurrean aritzea antzekoa da. Baina taula gainera zoazela, jendearen txaloekin, pankartekin edota gertuko jendea ikusita hunkitu egiten zara. Orain lau urte, final zortzirenetara iritsi nintzenean, hortxe huts egin nuela esango nuke; asko emozionatu bainintzen taula gainera igo nintzenean eta ez bainion egoerari buelta eman. Aurten propio, emozionatu arren, taula gainera igotakoan egin beharrekoak egiteko prestatuta joan naiz. Orain lau urteko esperientzia ezagututa, aurrera egiteko klabeetako bat, nire burua kontrolatzen jakitea izan da.

Txalo mordoa jaso duzu txapelketan zehar, baita laudorio ugari ere…
Polita izan da txapelketaren ondoren jendeak erakutsi didan gertutasuna. Espero ez nuen jendeak deitu, kalean geratu edo idatzi dit eta, alde horretatik, oso oroitzapen polita geratuko zait. Talde mailan ere oso barrutik bizitu dugu eta oso betegarria izan da.

Batek gutxi eta iguarandar bi lehengusuok erakutsi duzue maila bikaina txapelketan zehar…
Nirea sorpresa izan da, baina Oihana oso ondo ari da bertsotan. Nik finalaurrekoetara erraz pasako zela espero nuen eta dakiena guztiz erakutsi gabe pasa zela uste dut. Tolosako saioan guztia erakutsi eta finalera pasatzeko aukera izatea espero dut.

Finaletik kanpo geratu arren, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako sailkapenerako txartela behintzat lortu duzu!
Opari handia da. Bertsotan gabiltzanok bizitzan behin behintzat Euskal Herrikoan kantatzeko aukera izan beharko genukeela genion gure artean. Oraindik ez dut lortutakoa guztiz baloratzen, baina oso sari handia da eta polita izango da Euskal Herrikoan behin behintzat abestu eta ahal duguna egitea. Ustekabean sartu gara zurrunbilo horretan eta esperientzia berri hori bizitzeko aukera polita daukagu aurrean.

Nola aurreikusten duzu Ilunbeko finala?
Gogorra, estu egongo da finalerako txartela. Estu eta, aldi berean, inoiz baino eskuragarriago ere bai batzuentzat. Egun ona daukan edozein pasa daiteke finalera. Polita izango da, beraz. Alaia Martin, Unai Agirre,  Beñat Gaztelumendi eta Agin Labururekin batera, Jon Maia ere tartean izan daiteke, eta besteen artean, denak ikusten ditut aukerarekin. Orain apustu egin beharko banu, Oihana lehengusua finalean izango dela esango nuke. (Azaroaren 25ean eginiko elkarrizketa).

Umetan hasi zinen bertsolaritzan. Geroztik, zein izan da zure bidea?
Amaia Agirrerekin hasi nintzen bertso eskolan eta geroztik ere bera aritu da guri erakusten nahiz tiraka. Amaiarekin 19 urtera arte ibili eta gero, Lasarteko bertso eskolara jo nuen eta orain hiru urte Tolosan Harituz bertsozaleen taldea sortu ondoren, Lasarte eta Tolosa artean ibiltzen naiz. Txapelketa garaian Amaiarekin ere maiz elkartu gara bertsotan aritzeko. Oraindik ere badugu guk Amaiaren beharrik. Bildu nahi genuen aldiro etorri zaigu. Dudarik gabe, badaukagu zer eskertua Amaiari.

Zer diozu Harituz bertsozale elkargunearen martxaz?
Aurrez ere denok elkar ezagutzen genuen arren, apartexeago ibiltzen ginen. Orain denok elkartu eta talde ederra sortu dugu. Ez dakit Gipuzkoan halako beste talderik egongo den. Toki askotatik iristen zaizkigu laudorioak, jarraibidea garela esanez. Ez dut uste talde horretako hiru finalaurrekoetara sartu eta Unai Mendizabal ateetan juxtu-juxtu geratu izana kasualitatea denik. Areago, Harituz elkarguneko zortzi bertsolarik hartu dugu parte txapelketan eta sei pasa ginen sailkapen fasetik aurrera. Ez genuen espero, baina oso datu politak dira. Hortxe dago egindako lanaren emaitza. Datuez gain, gure artean daukagun giroa ezin ordain daiteke.

Bertsolari gisa, zein asmo duzu etorkizunera begira?
Nire kasuan, ez zait iruditzen txapelketa eta gero, nire bidea askorik aldatuko denik. Agian plazaren bat gehiago sor daiteke, baina ahal dudanero, Harituzeko kideekin elkartzen eta kantatzen jarraituko dut. Azken batean, hortxe disfrutatzen baitut gehien.

Zein zaletasun duzu bertsolaritzaz kanpo?
Ehiza eta pilota, nagusiki. Nahikoa denbora kentzen didate gehiago edukitzeko.

OIHANA IGUARAN
“Presioarekin beharrean, ilusioarekin joan naiz saioetara”

Nola aurkitzen zara Tolosako finalaurrekoaren biharamunean?
Emozio handiko asteak izan dira eta oraindik pasatako guztia liseritzen ari naiz. Hori bai, oso-oso aseta atera nintzen Tolosako saiotik eta benetan pozik sentitzen naiz.

Zer moduz sumatu zinen gai-jartzaileak proposatutako gai eta ariketa ezberdinen aurrean?
Hamarreko handian ofiziotan sekula aritu gabea nintzen eta bakarka osatzeko gustatzen zaidan neurria izanagatik, ofiziotan, egoera baten aurrean, parean jarri gintuzten. Bi bertsolariok antzeko bidea hartuz gero, errepikakorra izan daitekeenez, ertzak bilatu behar zaizkio gaiari. Arrazoi egokiak asmatu nahian aritu nintzen. Egitura aldetik ere saio ezberdina zen Tolosakoa; hamarreko handian ofizio batekin hasi ondoren, puntu-erantzunen txanda zetorren gero. Ondo ateratzen denean oso ariketa bizi eta eskertua izaten da, baina, guri tentsio handia sortzen digu. Atzetik, seiko motza, nire ustez, teknikoki nahiko exigentea den neurria eta zortziko txikia gero. Azkenean buelta eman eta natural joan zen dena, ez baitago jarritakora egokitu beste erremediorik, baina aurrez errespetua ematen zuen egiturak berak.
Kartzelako lana hunkigarria, amari abestu zenion…
Tolosan, fikziora jo eta alaba nerabe bat etorri zitzaidan burura, ama batengan pentsatuz. Horretara etorrita, ‘zergatik ez diot nire amari kantatuko?’, pentsatu nuen. Izan ere, bururatu zitzaidan bukaera ‘sekula ez diot esan miresten dudala’ izanik, esan behar diodan horri esatea erabaki nuen. Bertsoa nahiko motza geratu zitzaidan buruan nituen arrazoi guztiak sartzeko, baina ulertu zela uste dut. Erantzuna behintzat beroa jaso nuen.

Tentsio guztiak gaindituta, zure lanarekin gustura?
Teknikoki hainbat hitz eta silaba buruan bueltaka ibili baditut ere, orokorrean oso gustura geratu naiz. Ikuslegoa, –agian ezaguna nintzelako-edo–, oso erantzuteko prest zegoen eta konexio horretan oso gustura sentitu nintzen. Traketsago josi arren, mezua ematen saiatu nintzen. Orain artean, beti aulkiak jartzen aritu izan naiz Tolosan eta kezka neukan jende askorentzako lekua duenez, kantatzerakoan inpresioa egingo ote zidan. Eskoriatzan, esaterako, inpresio horren aurrean ez kontzentrazioa galtzeagatik, ikusleei begiratzea saihestu egiten nuen. Hori gainditu nahi nuen, bai bainekien hemendik urte batzutara, –aurrena edo azkena egin–, pena emango zidala saioa Tolosan egokitu eta ez gozatu izanak. Muga horretan ibili nintzen Usabalen, deskontzentratu gabe, momentuaz gozatzen eta bereziki pozik nago helburu hori bete nuelako.

Oraindik baduzu Ilunbeko finalean parte hartzeko aukera errealik…
Oso zail ikusten dut. Ni sartzekotan, datorren igandeko Eibarko azken finalaurrekoak kaxkarra izan beharko luke eta han abestuko dutenen artean, finelean egoteko oso izen sendoak ikusten ditut. Printzipioz, onartuta daukat ez naizela finalean arituko, berez ez bailuke behar. Mikel Artolari bultzaka joango gara Eibarko saiora eta ikusiko dugu. Momentuan behintzat, Tolosako saioarekin daukadan asebetearekin ez daukat finalera ez iristeko penarik. Gerora, puntu gutxira geratu naizela ikusten dudanean, pena sentituko dut agian. Hala ere, perspektiban begiratuta, pena sentitzeko eskubiderik ere ez daukadala uste dut; abiatu ginenean, begiak itxita sinatuko baikenuen denok iritsi garen lekura iritsi izana.
Pixkanaka aurrera egitea lortu dugu eta oso bide polita izan da. Sorpresa modukoa. Presioarekin beharrean, ilusioarekin joan naiz saioetara. Hori da esperientzia faltaren aurrean daukagun bentaja.

Hurrengo asteburuan gertatzen dena gertatzen dela, Euskal Herriko Txapelketarako sailkapena behintzat ziurtatu duzu, Beñat lehengusuarekin batera…
Ikaragarrizko lorpena da! Berriz txapelketan parte hartzeko lau urtez ez itxaron beharra ere esan nahi baitu horrek. Hobetzen eta motibatzen laguntzen duen estualdia da eta beste eskaparate eder bat. Izugarria da, horrenbeste bertsolari on dagoen lekuan garrantzitsua baita tartean azaltzea. Datozen bi urteotan, ibilbide honetako bidea landu eta berretsi egin nahi dut. Bertso eskolako lagunontzat, astez asteko juntadizoetan tentsioari eusteko baliagarria izango da. Orain, berriz ere, lagunartean lasai bildu eta gozatzen jarraituko badugu ere, gerora ariketa jakin batzuk lantzen jarraitzera behartuko gaitu txapelketak, gainerakoan, bertso eskolan apenas arituko baikinateke seiko motzean, esaterako.

Bertsolari gazteen artean, sorpresetako bat izan zara. Zure bertsoen maila sarritan nabarmendu da txapelketan zehar…
Nik uste bertso eskolako kide guztiok egin dugula mailan gora. Kantatu egin nahi dudalako eman nuen izena txapelketan eta, kantatzekotan, nonbait agertu egin behar delako, eta ahal bada, hainbeste jende dagoen lekuetan nabarmendu. Ari naiz pixkanaka helburu hori lortzen, dagoeneko poz handia sortu didaten bi dei jaso ditut: batetik, Zarauzko kopla txapelketan abestuko dut abenduaren 11n, plaza zoragarri horretan. Bestetik, urtarrilaren 11ko Bertso Eguneko ekitaldirako ere deitu naute.
Eskualdeko bertso kideen inguruan, Unai Mendizabal zizurkildarra oso aurrera iritsi da lehenengo txapelketa zutenen artean eta ikaragarrizko freskotasuna erakutsi du, beste kolore bat erantsiz. Haritz Mujika asteasuarrak ere asko erakutsi du hain gaztea izateko, bide luzea geratzen zaio egiteko. Beñat lehengusua, Zarauzko saioan hobeto ez aritu izanaren penarekin geratu da eta amorrazio horrek Euskal Herrikoari begira lagundu egingo diola uste dut. Akats teknikoren bat eginagatik, oso bertsoaldi politak utzi zituen Beñatek Zarautzen. Oso natural egin zuen bertsotan, publikoarengana iritsiz. Pena eman zidan Irazu txapelketatik kanpora geratzeak. Edozein betso afaritan denak etzanda utziko gintuzke oraindik, baina txapelketa arratsalde batean neurtzen denez, saio txarra ez eginagatik, ez zuen bere mailarik onena eman eta kanpoan geratu zen.

Zer ikasi duzu batik bat txapelketan zehar?
Tentsioa kontrolatzen, maneiatzen eta kontzentrazio mailari eusten. Egoten jakite horretan ikasi dut bereziki eta ariketa aldetik ere, koska bat igotzeko balio izan dit; oso pozik nago teknikoki egindako lanarekin eta batez ere pertsonalki. Hala ere, egiten dudan baloraziorik onena inguruan daukagun Harituz bertsozaleen taldeko lagunena da. Izugarria. Lehenengo fasetik kanpora geratu zirenak ere, egunetik egunera ondoan egon dira entrenatzen lagundu nahiz gu babesteko. Talde sentsazio oso-osoa sentitu dugu eta inguruan daukagunaz ohartzeko oso baliagarria izan da. Tartean izan dugu Amaia Agirre ere eta, oso berezia izan da, lehenengo aldiz, bera oholtza gainean beharrean, behetik gu babesten sentitzea. Saiakera berezia egin du guri lagundu ahal izateko eta guretzat oso baliagarria izan da txapelketan duen esperientzia; baina bereziki, bera hor egotea. Niretzat oso hunkigarria izan zen finalaurrekoaren ondoren Amaiarekin elkartu eta besarkada batean biltzea. Une horiekin geratzen zara, azken batean.

Zein sekretu duzu, lanaz gain, besteak beste, Oinkari dantza taldeko dantzari fina, Amasako Martina kultur elkarteko kide edota bertsotan ere hain ondo ibiltzeko?
Oinkarin, Amasan nahiz bertso taldean oso talde onak ditut inguruan. Ekimenen bat beste bati tira egiteko alde batera uzten dudanean, taldeak bultzatzen du. Ez nuen uste txapelketarena hain urrutira iritsiko zenik eta beste hainbat gai albo batera utzi behar izan ditut saioak prestatu ahal izateko. Halakoetan, lanean erdizka ari zaren sentsazioa izaten duzu eta ez iristeagatik frustrazioa sentitu ere bai, baina eskerrak taldekideon artean, baten karga bestearen bizkarrean utzi eta denon artean ondo moldatzen garen. Esan gabe doa egunerokoan, babes orokorra izan dudala kezkarik gabe egin behar nuen hori egin ahal izateko, ingurukoak arduratu baitira gainerakoa egiteaz...

Umetatik bertso eskolan
10-11 urte zituela, Amaia Agirrerekin Villabonako bertso eskolan hasi zen Oihana bertsotan. Asteasuko taldean ere ibili zen, “Amaiak berak kotxez eramaten ninduen Villabonako bertso eskolatik Asteasukora. Talde polita osatu genuen Asteasun eta urte batzuetan bakoitza bere aldetik ibili bagara ere, berriz ere elkartu egin gara Harituz bertsozale bilgunean”.
Ingeles irakasle izateaz gain, une hauetan, Komunikazio sozialeko masterra ikasten ari da Bilbon eta Idazle eskolako masterrarekin ere oso gustura dihardu, denbora duenean behintzat.

Harituz elkargunea, indar betean
Dozena lagunek osatzen dute Harituz-eko talde eragilea eta euren arteko giroa nabarmendu dute Beñat nahiz Oihanak, “gustura egoteko moduko ingurua daukagu. Orain badirudi txapelketaren bueltan geratu dela mundua, baina aurrera begira badugu asmo gehiago. Abenduaren 11n bertso jarrien gaua egingo da Altzon eta II. Herriarteko txapelketa ere osatzen ari gara”, aurreratu dute.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!