Gauaren babeseko animaliak egunez ere ikusgai Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 3a, 01:00

Desagertzear dauden edo gutxi ikusten diren gertuko animaliak egurrean zizelkatuta herrian erakusgai jarri ditu Karlos Irazu larrauldarrak, Kultur Astearen baitan.

Gaueko animaliak gutxitan ikusten dira. Horiek guztiak erakustea eta plazaratzea “polita” izango litzatekeela pentsatu zuen Karlos Irazu larrauldar eskultoreak eta modu horretan hasi zen maiatzaren 18ko Museoaren egunean animalien bilduma osatzen. Denborarekin, ‘Gauaren babesean’ izeneko bilduma burutu du larrauldarrak: “Inguruan ditugun gai ezagunekin lotutako bildumak osatzea gustatzen zaidanez, oraingo honetan gaueko animaliak aukeratu ditut”, azaldu zuen azaroaren 27an bilduma herritarren aurrean aurkeztu ondoren.
Norteko haritzarekin eginda daude animaliak. Orotara, zazpi animalia dira: kakalardoa, azkonarra, azeria, hontza, trikua, basurdea eta zatorra. Gauez ibiltzen diren animaliak dira gehienak, normalean, gutxi ikusten direnak. “Azkonarra nire bizitza osoan behin bakarrik ikusi dudala esango nuke. Basurdeak ikustea ohikoagoa da, baina orokorrean, ezkutuan ibiltzen diren animaliak dira guztiak”.
Irudietan eta argazkietan oinarritu da eskultura hauek osatzeko. Egurrak baldintzatu egiten duela eta horren araberako eskulturak direla azaldu du; animalien forma, enborraren formara egokitu behar izan duelarik. Basurde eta basurdekumeen eskultura, adibidez, enbor bakarretik aterata dagoela zehaztu du, sortze prozesuaz hitz egiterakoan.

Pozik, egindako lanarekin
Maiatzean hasi zen Karlos bilduma hau osatzen eta ordutik jo eta ke aritu da lanean. Emaitzarekin gustura geratu da larrauldarra: “Lan pixka bat eman dit, baina pozik nago emaitzarekin”. Ilusioa eragiten dio bere lanak herrian bertan ikusgai jarri izanak: “Norberak egindako lanak norberaren herrian, denen eskura egoteak poza ematen du”, aitortu du. Hori bai, eskulturak kalean egonda, desitxuratzen joaten dira denborarekin eta, pozarekin batera, pena ere ematen dio lan handiko bilduma hori kalean uzteak, pixkanaka kaxkartzen joango direlako. Hala ere, ez du beste erremediorik ikusten. “Estalpeko hainbat txokotan jartzea pentsatu genuen, babesean edukitzeko, baina ez zitzaigun ideia guztiz gustatu, kalean edukitzea ikusgarriagoa delako”. Ondorioz, kalean uztea erabaki dute, herritarrek nahiz kanpoko herrietatik Larraulera gerturatzen direnek ikus ditzaten: “Herrira etortzen diren guztiek ikusiko dituzte. Kalean, eguraldiaren eraginez, eskulturak pitzatzen joango diren arren, herrian egongo dira irauten duten artean”. Aurkezpen iluntzean bertan euria egin zuen eta baita gauean zehar ere, garai hauetan ohikoa denez. Baina hantxe daude animaliak Larraulen, bisitariak noiz etorriko zain.

Herritik eta herritarren artean
Aurten gaueko animaliak bezala, iazko Kultur Astean negu giroko barazkiak plazaratu zituen Karlosek. Udaletxe eta eskola arteko plazan daude oraindik ere egurrean zizelkatutako babarruna, porrua edota artoa, besteren artean. Aurten gehitutako animalia bildumarekin, eskultura lanak biltzen dituen plazaren nortasuna hartzen ari da Larraulgoa. Herri txikia da Larraul, baina bere baitan sortzaile eta ekintzaile ugari biltzen duena. Aurtengo Kultur Asteko egitaraua begiratu besterik ez dago herritik eta herritarren artean bideratutakoa izan dela ikusteko. Besteak beste, Koldo Jauregik karobia piztu eta haren inguruko azalpenak eman zituen, Ekomusean jarritako ‘Txingurak’ izeneko erakusketa mintzagai izateaz gain. Maddi Etxeberria larrauldar gazteak makrobiotikaren inguruko tailerra eskaini zuen edota Ander Leon historialariak ‘La muerte de Franco’ dokumentalaren ondorengo trantsizioaren inguruko solasaldia bideratu zuen.

Mural koloretsua, pilotalekuko paretan
Kultur Astearen baitan, egun betea izan zen azaroaren 27a. Arratsaldez, jo eta su lanean aritu ziren Larraulgo 25 bat ume nahiz gaztetxo Abel Barcenillaren esanetan. Larraulgo pilotalekuko pareta kolore biziz jantzi zuten Abelek aurrez irudikatutako zirriborroa pintzelen laguntzaz margotuz. Aurrez ere lanean aritutakoa zen Abel Larraulen eta gogotsu gerturatu zen oraingoan ere. “2006 urtean, Larraulgo haurrek nahi zituzten marrazkiak margotu zituzten pilotalekuko paretan eta oraingoan ere haien parte hartzea bultzatuz, aurrez osatutako zirriborroa margotu dute”, azaldu zuen Abelek. Cristian Pizarro zinegotziaz gain, Andoni eta Ibai herritarren laguntza izan zuen gaztetxoen lana ondo koordinatu ahal izateko. Lana egiteaz gain, askari goxoa dastatzeko aukera ere izan zuten parte hartzaileek pilotalekuan bertan.

Eliza, antzoki bihurtuta

San Esteban eliza antzoki bihurtu zen ostiral iluntzean. Anabel Arraiza eta Inazio Tolosak ‘Zu gabe’ antzezlana eskaini zuten bertan. Dudarik gabe, antzoki berezian aritu ziren bizitzaren inguruko hausnarketak plazaratzen. Hogei urtez elkar ikusi gabeko bi lagun-min parez pare, bizitzaz, heriotzaz, harremanez edota ametsez hitz egiten. Herritar ugari bildu zen saiora.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!