Eskualdeko EH Bilduko hautetsiek "gure herriaren ametsa irudikatuko duen mosaikoan" parte hartzeko deia egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 2a, 19:45

Igandean, abenduak 6, Bilbon mosaiko erraldoia egingo da "Bildu Independentziara" lelopean. Buruntzaldeko EH Bilduko hautetsiek eskualdeko herritarrak animatu dituzte mobilizaziora joan daitezen.

Oharra:

"Bilboko kaleak bihurtu behar ditugu gure herriaren burujabetzarako aldarriaren bozgorailu eta, horretarako, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarrei dei egiten diegu EH Bildutik igandeko manifestaziora joateko", esan du Luix Intxauspek, EH Bilduko hautetsiek gaur, Hernanin, egin duten agerraldian. Luix Intxauspe Hernaniko alkateak Buruntzaldeko hautetsien izenean hitz egin du gaur, Hernanin egin duten agerraldian. "Buruntzaldea osatzen dugun udalerrietako EH Bilduko hautetsiak bildu gara gaur, Hernanin, igandean, abenduaren 6an, Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egiteko".

"Euskal Herri independentea nahi dugun herritarrok eta horren alde egunero lan eta borroka egiten dugun herritarrok hitzordu garrantzitsua dugu abenduaren 6an", esan du Intxauspek. "Bilboko kaleak bihurtu behar ditugu gure herriaren burujabetzarako aldarriaren bozgorailu eta, horretarako, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarrei dei egiten diegu EH Bildutik igandeko manifestaziora joateko".

"Espainiako Estatutik jasotzen dugun inposizioari, ukazioari eta mehatxuari aurre egiteko indarrak bildu behar ditugu. Feminismoa, langileen eskubideak, euskaltzaletasuna, bakezaletasuna oinarri bezala eraiki nahi dugun Euskal Herria egiteko, bildu beharra daukagu. Gure eguneroko borroka da hori. Baina, abenduaren 6an, borroka horiek guztiak kalean elkartzeko eta guztiok batera aldarrikatzeko aukera paregabea izango dugu".

 

"Euskal herritarren gehiengo zabal batek herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinetan oinarritutako etorkizuna amesten dugu. Etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua… Eta horixe izango da, hain zuzen, Bilboko kaleetan irudikatuko duguna". "Bilboko mobilizaziora joaten diren herritarrek eta kolektiboek aukera izango dute eguneroko bere borroketako konpromisoak adierazteko. Eta, guztiok batera, gure herriaren amets nagusia irudikatuko duen mosaiko erraldoia osatuko dugu". "Manifestazioa Bilboko Moyua plazatik abiatuko da, eguerdiko 12:00etan, eta Arriaga plazan bukatuko da. Bilbora joateko autobusak antolatzen ari dira herrietan, eta zerbitzu horren gaineko informazioa herri bakoitzean eskainiko dugu".

"Mosaikoa egiteko, milaka zapata lokarri banatuko ditugu. Mobilizazioaren amaieran, Arriaga plazan, malla bat egongo da mosaikoa lokarrien bidez egiteko".

"Herritar bakoitzak bere lokarria lotu beharko du mallara eta guztion artean ‘Bildu independentziara’ dioen mosaikoa eratuko dugu. Horrenbestez, milaka borrokak, konpromisok eta aldarrik bat egingo dute mosaiko berean. Buruntzaldeko herritarrek ere mosaiko horren parte izan nahi dugu eta horregatik animatu nahi ditugu herritarrak igandean Bilbora joateko".

"Manifestazio nazionalaren bezperan, larunbatean, EHBilduk Gipuzkoan ere egingo dugu ekitaldi garrantzitsu bat: Espainiar Konstituzioaren aurkako gazte ekimena. Donostiako Konstituzio plazan izango da, goizeko 11.00etatik aurrera. Buruntzaldea osatzen dugun herrietako gazte guztiak animatu nahi ditugu bertan parte hartzera eta independentziara biltzera!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!