Asteasuren eta Segundo Montes komunitatearen (Meanguera-Salvador) arteko senidetze harremana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 2a, 11:30

1994 urtean Zizurkilgo eta Asteasuko Udalak senidetu ziren Segundo Montes komunitatearekin (Meanguera), geroxeago Aduna eta Villabonako Udala. Ordu ezkero Aiztondo bailara eta Meanguera arteko senidetzea Euskal Herrian garapenerako lankidetzari lotutako prozesu bakanetako bat da:

Guztia hau EUSKAL FONDOA erakundearen bidez bideratu zen. Zer da Euskal Fondoa? Nazioarteko kooperazio bultzatzen duen erakundea, Euskal Herriko udaletxeek osatua.

Euskal Fondoak adiskidetasunezko eta elkartasunezko harremana du Segundo Montesekin, 80ko hamarkadako El Salvadorreko gatazka armatuaren ondorioz Hondurasko errefuxiatu kanpamentuetan sortu zen komunitatearekin. Duela hogeita hiru urte baino gehiagotik bertako biztanleak, 12.000 inguru, Euskal Fondoaren ekimenen onuradun izan dira (oinarrizko azpiegiturak, hezkuntza eta etxebizitza hornidurak). Salvadorrera itzuli eta ezer ez zegoen tokian sortu zuten Segundo Montes komunitatea, guztia oso baliabide urriekin.

2008tik itsasoaren bi aldeetan urtero Senidetze Eguna ospatzen dugu; maiatzeko azken larunbatean Aiztondoko bailaran bertako udalerriak txandakatzen dira antolaketa lanetan.

2016ko maiatzean asteasuarrei egokitzen zaie Senidetze Eguna antolatzea eta Segundo Montes komunitatetik datozen lagunei harrera egitea, eta gustura lan egingo dutela jakinarazi dute.

“Aurten, gai honetan lan asko egin duten beste herrietako kideek bertako gazteei ikasketa bekak ordaintzeko diru bilketan laguntza eskatu digute, 2000€ inguru behar ditu bertako gazte batek ikasketak egiteko. Benetan pentsa ezinezko garrantzia du beraien etorkizunerako.

Laguntzeko lehen ekimena Gabonetan ospatuko dugun Kross solidarioa izango da, haur eta helduentzat izango da,  helduentzat 5€ izango da izen-ematea eta ondoren hamaiketako eta zozketak egingo ditugu”, jakinarazi dute.

Asteasu Segundo Montes-ekin senidetuta egon arren, bertako asteasuarrek, oro har, haietaz gutxi dakitela uste dut eta herritarrak gonbidatu egin dituzte datorren abenduaren 11n, ostiralarekin, 19:00etan Asteasuko Udaleko ikus-entzunezko aretoan Mikel Arrastoa eta Euskal Fondoko Juanma Balerdik eskainiko duten hitzaldira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!