Behar Zana Pilota Taldeak urte guztian pilota sustatzeko lana egiten du. Pilota eskola oso indartsu dago une honetan, (100pilotari baino gehiago) eta gainera errebotea eta joko garbia bi modalitateak indartzeko urratsak ematen jarraitzen dute egunez egun.
Hori guztia borobilduz, Gabonetan ANTTON PEBET zenaren omenezko eskuz binaka jokatzen den elite txapelketa antolatzen dute. Aurtengoa IV. ekitaldia izango da eta maila izugarria izango dela ziurtatu zuten antolatzaileek. Txapelketa aurrera eramatea ez da batere lan erraza eta horretarako, inguruko eta herriko enpresa txiki eta ertainen nahiz Udalaren laguntza ezinbestekoa dela gogorarazi zuten. Torneoa haiei esker burutu ahal dutela. Aurten, esaterako, Villabonako Oria Merkatal Elkartearen laguntza goraipatu zuten.
Txapelketa urtero bezala hiru mailatan jokatuko da: kadete, jubenil eta nagusi mailan. Jaialdiro, maila bakoitzeko partida bat izango da, guztira hiru, eta guztiak Villabonako Bear Zana pilotalekuan jokatuko dira. Kadete eta Jubenil mailako txapelketa final laurdenetatik hasiko dira eta nagusi mailakoa final zortzirenetatik, 4 fase-buru izango dituelarik. Euskal Herriko lurralde guztiak ordezkaturik egongo dira gainera; Nafarroako, Arabako, Iparraldeko, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek parte hartuko baitute.
Txapelketa abenduaren 4an hasiko da, ostiralarekin, eta egutegi hau izango du hurrenez hurren:
-Final zortzirenak: Abenduak 4, ostirala18:30ean eta abenduak 6, igandea 11:00tan.
-Final laurdenak: Abenduak 11, ostirala 18:30ean, abenduak 13, igandea 16:30ean, abenduak 18, ostirala 18:30 eta abenduak 20, igandea 10:30ean.
-Finalerdiak: Abenduak 27 eta 28 biak goizeko 10:00etan.
-Finala: Urtarrilak 2, larunbata 16:30ean.
Sarrera beti dokoa izango da eta txapelketari aurre egin ahal izateko saski batzuen zozketak egingo dira.
Izen handiak ikusi ahalko dira aurtengoan ere Bearzana pilotalekuan eta ziurrenik horietako askok, berandu baino lehenago profesionaletara saltoa emango dute: Ander Imaz, Laso, Arteaga, Erasun, Labaka, Urbieta, Zubizarreta, Aizpuru, Urretabizkaia, Aranguren, Santxo, Gorrotxategi...
Kuriositate moduan, aipatu beharrekoa da nagusi mailan Euskal Herri osoko aurrelari onenen artean aurkitzen diren Santxo eta Arrietak batera jokatuko dutela. Biak aurrelariak, ezustea eman nahiko dute eta betiko bikoteei irabazi.
Urtarrilean, Pebeteko finalisten errebantxa Pedro Mari Ugalde zenaren omenaldian
Pedro Mari Ugalde, Behar Zanako pilotaria zendu zela 20 urte beteko dira datorren urtarrilaren 21ean. Ugalde, Irurako trinketean Gipuzkoako Txapelketako partida bat jokatzen ari zela hil zen 47 urte zituela, bihotzekak jota. Ugalde, Behar Zana elkarteko Ohorezko bazkide izendatu zuten bere egunean eta 20. urteurren honetan, berriro ere omenaldi xume bat egingo zaio.
Omenaldi hau urtarrilaren 23an larunbatez izango da eta pilota jaialdi eder bat antolatuko da bere omenez. Jaialdi honetan, Antton Pebet memorialeko finalisten errebantxa jokatuko da eta ondoren gauen bertso afari bikaina izango da Bear Zana elkartean bertan.