Emanaldi gogoangarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 26a, 12:17

Kalejira koloretsuarekin hasi ziren. Zumea Plazatik eta Kaletxikitik zutabe bana irten zen, Larramendi abestiaren doinuak erritmoa markatzen zietela.

Kontzertuaren kronika:

Gora Kaletxiki danborradarekin, zazpi elkarteen ordezkariak: bi danbor eta bi kupel jotzaile, eta euren elkarteko bandera zeraman bosgarren laguna. Horiek Zumea plazatik. Kaletxikitik abiatuta, Olagain txistularien taldea beste zazpi elkarteekin batera. Bastero plazara iritsi ziren denak, eta hor bertan kolorez beteriko ikuskizun polit eta anitza eskaini zuten.

Diskoen aurkezpena
Marta Elvira eta Ixiar Oreja izan ziren aurkezleak. Kontzertuaren lehen zatia elkarte kultural eta gastronomikoei loturikoa izan zen. Banan bana igo ziren oholtzara, euren ereserkiaren lehenbiziko notak entzuten hasi bezain pronto. Triana eta Hogar Extremeño elkarteko kideak nor bere jantzi tradizionalekin igo ziren. Trianakoek, gainera, dantza erakustalditxoa eskaini zuten. Joxe Mari Oiartzabalen zuzendaritzapean, doinu guztiak lehen zati horretan Andoaingo Musika eskolako bandak interpretatu zituen.

Bigarren zatia
Andoaingo kantutegiko hamabost abesti biltzen dituen diskoaren txanda heldu zen segidan. Oholtza Andoaingo musikariz eta kantariz bete zen orduan: Musika Eskolako banda, Eskola bereko helduen eta gazteen abesbatzak, Olagain txistulari taldea eta Myriam Ulanga piano jotzailea. Joxe Mari Oiartzabal eta Katrin Iturralderen agindupean, diskoko zenbait pieza jo zituzten: Santa Krutz martxa, Sorabilla, Andoain, Goiburu, San Juan Zortzikoa eta Otso Beltza. Kontzertuari amaiera diztiratsua emateko, Andoaingo ereserkia abestu zuten.    
Urki dantza taldeko lau dantzariak ederki moldatu ziren ereserkiaren doinura, eta huraxe izan zen kontzertuko unerik hunkigarriena. Oiartzabalen abestiak andoaindarren bihotzean tokia egin du jada, eta horrela, ikusleen artean batzuk abesten aritu ziren bezala, beste batzuk emozioak gaindituta bezala agertu ziren.
Doinuak entzuleen txalo zaparrada eragin zuen. Oiartzabal zuzendariak eskatuta, ikusleen artean ziren hainbat lagun taula gainera igo zituen. Ana Carrere alkatea eta Esti Mujika Kultura zinegotziaz gain, Basteron entzundako zenbait abestiren egileak (hala nola, Miren Mujika eta Junkal Gerrero), egileen senideak, Txitxu Kastro, Joxema Setien edota diskoen ekimenean bultzatzaile izan diren Joxe Ramon Berrondo eta Jesus Ibañez.
Ana Carrerek hitza hartu zuen, eta  Andoaingo herriaren izenean diskoaren prestaketan hilabeteetan jardun duten pertsona guztiei eskerrak eman zizkien: “Andoain oso herri bizia da eta bere kultura maite du. Horrexegatik, ez daukagu zalantzarik etorkizun oparoa edukiko duela” esanez amaitu zuen mintzaldia. Emanaldi gogoangarria izan zen, luzaz gogoratuko dena.

 

INKESTA

Julen Fernandez
Ontza elkartea ordezkatuz bost lagun atera gara kalejiran; zazpi elkarte bildu gara Kaletxiki, Olagaingo txistulariekin. Badakigu zer den auzoko jaietan danborradan jotzea, baina berezia izan da gaurkoa; elkarte asko ginen eta ez da batere erraza gertatu denok armonian aritzea. Guztien artean txukun samarreko kale jira egin dugula esango nuke, dena den. Gero pena eman digu Bastero barruko ikuskizuna aurrez aurre ikusteko aukerarik ez eduki izana.
Gure elkarteko ereserkiarekin batera oholtzara igotzea tokatu zaigunean, zirrara berezia sentitu dugu elkarteko bost kideok. Niri behintzat inoiz ez zait gertatu 500 pertsonen aurrean protagonismo hori hartu behar izatea!
 
Mari Jose Arkonada
Kalejira oso alaitsua izan da, eta zer esanik ez kontzertua, primerakoa antzokitik indartuta ateratzeko! Jendeak gogotsu hartu du parte musikari bezala eta baita ikusle bezala, eta tartela errepikatu beharreko ekitaldia izan da; horrelakoak ondo datoz andoaindartasuna adierazteko. Gauza bat da abestiak bakarka entzutea, dela kalean, dela elizan dela plazan, eta bestea denak bilduta, gaur eman zaien solemnitatearekin entzutea.
Gure osabaren (Pedro Aizpurua) konposizio batek badu tokia diskan (Salve Regina). Bera Valladoliden bizi denez ezin izan du etorri, baina bereziki poztu da bihotzean daramalako bere jaioterria. Oso harro dago diskarekin. 

Eugeni Lopez de Munain
Kalejira eta kontzertua, biak ikusi ditut eta dena egin zait polita eta hunkigarria. Kalean ibili direnak gozatu egin dutela iruditu zait; tartean zen nire senarra danborra jotzen, Errekaburu elkartearekin. Elkarte horretakoak ez daude ohituta danbor kontutan, eta beste batzuk baino motelago ibili dira, baina tira!
Kontzertua berriz, ederra izan da gogotik! Herriko abesti batzuk ezagunak egin zaizkit, besteak ez, baina denak batera entzuteak horrela, Andoaingo sentimendua daukan edonori, nola ez dizkio, bada, mugituko barruak? Are gehiago, tartean geure auzoko abesti bat (Goiburu) jotzen badizute!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!