Emigrazioa aintzat hartzen duen erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 26a, 12:16

Andoainera migratutakoen inguruko erakusketa zabaldu zuten aurreko ostiralean, Basteron. Garai hartako oroitzapenei eusteko argazkiak, liburuak eta objektuak bildu dituzte. Erakusketaren atal batean ikus-entzunezko bat eskaintzen dute, zeinean Andaingo zazpi lekukotza ezberdin azaltzen diren.

Extremadura, Gaztela-Leon, Andaluzia eta beste hainbat txokotatik Andoainera etorritakoen erakusketa inauguratu zuten ostiral arratsaldean, Basteron. “400 txokotatik euskarara” izena du Udaleko Euskara Zerbitzuak Gartxot Arregi eta Iñaki Gozaloren laguntzarekin martxan jarritako egitasmo honek.
50-60. hamarkadan herrira migratu zutenak gogoan hartu dituzte. Erakusketan andoaindarren jatorriak eta zenbatekoak erakusten dituzten informazio panelak, argazki zaharrak, zuhaitz genealogikoak eta euskarazko liburuak ikusi daitezke, besteak beste. Horrez gain, txoko batean, migrazioa euren azalean bizitu zutenen testigantzez osatutako dokumental bat dago proiektatuta. Erakusketa Andoainen 400. urtemugaren ekintza sortaren artean dagoenez, urte amaierara arte egongo da bisitagai.

Zazpi lagunen esperientzia  
Juan Moyano, Jesús López, Hilda Viña, Pilar Álvarez, Daniel Calvo, Inés Balbín eta Pako Pérez Andoainera etorri ziren bizitza berri baten bila. Beraien bizipenak kamera aurrean kontatu zituzten eta ostiralean izan zuten ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Familiarrekin eta lagunekin batera joan ziren Basterora eta, orotara, 50 lagun inguru bildu ziren erakusketaren inaugurazioaren aurretik. Gustura ikusi zuten dokumentala eta pozarren atera ziren ekitaldi aretotik.

400 txokotatik, Andoainera
Erakusketaren irekiera ekitaldian kanpotik etorritakoak izan ziren protagonista, eta Ana Jakak hartu zuen hitza lehenengo. Haurra zela euskara jakin ez arren, gerora ikasi eta “Ez zen diruagatik” eleberria argitaratu zuen euskaraz 2014an. “Bizitzan zehar gauza garrantzitsuak esfortzuz lortzen direla ikasi dut. Azken batean, konturatu naiz norberarentzat zerbait garrantzitsua dela esfortzua suposatu duelako”, azaldu zuen.
Ondoren, metafora gisa, kanpotik etorritako hainbatek haziak erein zituzten Andoaingo ongarrian. Horren ostean, ikusmina sortu zuen dokumentalaren aurrerapena ikusi zuten bertaratutakoek. Jende ugari bildu zen erakusketa aretoan eta, inaugurazioaren ostean, erakusketako txoko ezberdinak ikusteko aukera izan zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!