Udaletxean bertan landutako Legegintzaldi plana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 26a, 12:14

Aurreko astearen hasieran PSE-EEk eta EH Bilduk legegintzaldi plana kritikatzeko agerraldi bana egin zuten. Asteartean, Udalaren osoko ohiko batzarraldian, EAJ-PNVk zuzentzen duen Gobernu taldeak legegintzaldi plana defendatu zuen. Mikel Pagola alkatea eta Maribel Vaquero jeltzaleen bozeramailea planaren defendatzaileak izan ziren.


“Lanerako tresna nagusi” bezala defendatu zuen alkateak, urriaren erdialdean oposizioko alderdiei helarazi zietena. Plana udal kudeaketaren, gardentasunaren eta parte hartzearen zeinu bilakatzen dela defendatu zuen: “Udala osatzen duten sail ezberdinetako lehentasunak zehazten dira plan horren bitartez, Udal aurrekontuak gauzatzea errazteko baliagarria da, gobernu taldearen ibilbide orrian bihurtzen da eta planaren gauzatze maila neurtzeko aukera ematen die herritarrei eta oposizioko kideei”. Adierazi zutenez, plana gobernu taldeko kideek eta lansail bakoitzaren buru direnek landu dute. GKT gestio eta kudeaketa taldea bezala ezaguna den batzordea izan da, beraz, planaren egilea.
Astearteko batzarraldian oposizioko alderdiek aurreko asteko argudioei eutsi zieten eta planarekiko aurkako jarrera erakutsi zuten. PSE-EEk aurkako botoa eman zuen, eta EH Bildu aztergai horren bozketan mahaitik altxa zen.

Aurreko agintaldiko agintaldi planari buruzko autokritika egin zuen Urnietako alkateak, eta agintaldi honetako plangintzan Udal langileen ekarpena handiagoa izan zela azpimarratu zuen. Aspaldi ez bezala, aztergaiaren eztabaiban eta bozketan gobernu taldearen eta oposizioaren arteko urruntasuna irudikatu zen.

Astearteko agerraldian Mikel Pagola alkateak planaren defentsa egitearekin batera kritiko diren alderdiei erantzuna eman nahi izan zien. Hori uler daiteke, bere adierazpenetan: “Misioa, bisioa, balore nagusiak, helburu estrategikoak eta horietara iristeko ekintzak, kronograma eta diru estimazioa agertzen dira legegintzaldi planean. Gauza serioa dela, beraz, argi geratzen da. Udal politikari eta teknikariek egindako lan baten aurrean gaudela esan genezake, eta horrek balio erantsia ematen dio planari. Aurreko agintaldiko legegintza plana egiteko enkargua kanpo enpresa bati eman zitzaion, oso anbiziosoa eta erreala ez zena frogatu ahal izan duguna. Akats horietatik ikasita, Udal langileek eurek parte hartu dute legegintzaldi plana osatzeko garaian. Dokumentua bere egin dutela esan genezake”.
Urnietan bizitzen diren pertsonen bizitza kalitatea hobetzen jarraitzea, horixe da gobernu taldearen misioa. Eta horretarako Udala gertuko erakunde bihurtu nahi dute. Misioaz gain bisioa ere badutela eta, hauxe da 2020rako irudikatzen duten Urnieta: “Urnieta euskalduna eta munduari irekia izatea nahi dugu, pertsona guztien parte hartzea eta ekintzailetasuna sustatzen dituena, bakea eta bizikidetza eta berradiskidetzearen kultura bultzatzen duena, landa gunea eta ingurugiroa zaintzen dituena eta hiri irisgarriago, jasangarriago eta atseginagoa izatea”.

EKINTZA ZEHATZAK
Udala hiru antolamendu nagusitan osatuta dago: Lurraldea, Herritargoa eta Antolakuntza. Plana hiru ardatz horiengan oinarritu da, eta hiru ardaz horien arabera datozen lau urteetarako helburu estrategikoak ezarri dituzte: 
• Herritargoa 16 helburu eta 43 ekintza.
• Lurraldea  6 helburu eta 27 ekintza.
• Antolaketa 5 helburu eta 23 ekintza.
Dokumentua bere osotasunean urnieta.eus webgunean ikusgai jarriko dutela iragarri dute.
IKA-MIKA POLITIKOA
Galde erreguen atalean sozialistek hitza hartu zuten, aurreko astean egindako kritikak berresteko. Sozialistek urriaren erdialdean euren hauteskunde programan azaldutako hainbat proposamen legegintzaldi planean txertatzeko aurkeztu zituztela adierazi zuten, eta kexu agertu ziren gobernu taldeak jaramonik egin ez dielako. Moduekin eta erabilitako denborarekin kritiko agertu ziren eta horregatik aurkako botoa emango zutela iragarri zuen Consuelo Frutos PSEko bozeramaileak.
EH Bilduko bozeramaile Itziar Artolak bozketari uko egingo ziotela iragarri zuen: “Orain dela hilabete edo plan honen gestio plana aurkeztea eskatu genizuen. Behin baino gehiagotan egin dizuegun eskaera izan da. Prestutasun osoa dugu eztabaidatzeko, baina beti ere informazio osoa baldin badugu. Beraz, informazio osoa eduki arte bozketan ez dugula parte hartuko adierazi nahi dugu”. Eta puntu horretan mahaitik altxa eta ez zuten bozketan parte hartu. Hurrengo aztergaietarako euren eserlekuetara itzuli ziren.
Ikusleen artean zirela, EAJ-PNVko bozeramaile Maribel Vaquerok hitza hartu zuen oposizioko kideen jokabideari erantzuteko. EH Bildukoen jokabidea antzerkitzat hartuta, balorazio politikoa egin zuen: “Sozialistek aipatzen dituzten proposamen horietako batzuk plan honen helburu eta ekintza ezberdinetan ikus daitezke. Irisgarritasunean, esaterako, bost ekintza zehatz daude.
Informazioari dagokionez, ez dakit nola eman gehiago. Gustatuko litzaidake beste herrietan guk ematen dugun informazioa ematea, batez ere EH Bilduk gobernatzen duen herrietan”.
Bozketa egin zuten, eta EAJ-PNVren 7 botoekin 2015-2019 urteetarako legeintzaldi plana gehiengo osoz onartu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!