Muskerraren Bidea: Obaban barrena abiatzeko pasealekua Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 25a, 23:11

Asteasun zehar 2.160 metroko ibilbidea musker urdinez markatu dute. Muskerraren Bidea deitu dio Bernardo Atxagak, 17 geltokirekin eta 7 panelekin osatutako bideari. Ibilbide hau Obaba literario eta Asteasuko herria bateratu dituen proiektua da; Bernado Atxagak, Asteasuko Udalak eta Donostia 2016k elkarlanean sortua. Proiektu honen baitan, Muskerraren Bidea gida literarioa argitaratu dute; Bernardo Atxagak idatzia eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dena. Pausoz pauso, idazlearen lana eta herria gertutik ezagutzeko aukera emango du.

Argazkiak | Bideoa

Asteasu toki "erabat bakana" da Atxagarentzat, toki guztiz partikularra. "Poetikoki, fikzioari dagokionez, hau leku aparteko bat da", azaldu du proiektuaren aurkezpenean. Idazleak haurtzaroa Asteasun igaro zuen 13 urte bete arte. Ordura arte ezagututakoak dira bere liburuetako "ernamuina".  Abiapuntu hori gertutik eta sakonki azaleratu du Muskerraren Bidean.

Liburua ibiltariarentzat bidelagun izateko sortu da, oinez irakurtzeko. 17 geltoki eta 7 panel ditu, eta gainera, QR kodeen bidez, azalpenak Atxagaren beraren ahotik entzungai izango dira euskaraz eta gaztelaniaz. Laster, baita ingelesez ere.

Donostia 2016, lurraldearekin elkarrizketan

Donostia 2016k bat egiten du tokiko kultur egitasmo honekin. Donostia 2016k Donostia hiritik harago doan lurraldea barne hartu du, eta eremu zabal horretan hedatu nahi ditu hiriburutzaren balioak. Hala, Muskerraren bideak literaturaren arloan "sentsibilizazio eta sustapen artistikorako dauden beharrei erantzuten die, Asteasuko idazle bikainaren literatur lana eta mundu sinbolikoa publiko orokorrari zabalduz".

Inaugurazioa larunbatean

Azaroaren 28an, proiektukideek Muskerraren eguna antolatu dute Asteasun, asteasuarrei eta bertaratu nahi duen pertsona orori Muskerraren bidea ezagutzera emateko. Goizean hasita, Atxagarekin batera ibiliko dira paseoan, haren azalpenak entzunez. Arratsaldean, idazleak udaletxeko ekitaldi aretoan emango duen hitzaldia izango da abiapuntua, eta hortik aurrera musika nagusituko da. Eguna lagun artean amaitzeko, askaria eskainiko da frontoian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!