Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 25a, 11:34

Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, adierazpen instituzionala kaleratu du Villabonako Udalak. Hainbat ekimen prestatu du egun horren harira:

Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala

“Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna”

 

Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna”, gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste. Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.

Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; izan ere,  oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.

Gure xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriaren aurka agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko den gizartea. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea.

Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi.

Horregatik guztiagatik:

-Konpromisoa hartzen dugu gure eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.

-Eta herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko compromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, bait azaroaren 25a del aeta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere, bai halaber gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako ‘Beldur Barik’ ekimenean.

 

Ekintzak

-Azaroak 25, asteazkena: Elkarretaratzea egingo da udaletxe aurrean, arratsaldeko 19:00etan. Herritarrei ekimen honetan parte hartzeko dei egiten die Udalak.
Azaroak 26, osteguna: 8 ‘mikro-bertso’ saio antolatu dituzte. Lehenik, arratsaldeko 18:00etan, Santiago Egoitzara joango bira bertsolariak eta bertan 45 minutuko emanaldi bat eskainiko diete egoitzako aiton-amonei. Ondoren 19:00etatik aurrera, bi bertsolari ibiliko dira 8 taberna desberdinetan 10 minutuko bertso emanaldiak eskainiz ‘emakumeen aurkako indarkeria’gai bezala hartuta, jendea sentsibilizatzea ezinbestekoa baita arazo honekin amaitzeko.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!