Elkartasunezko golf txapelketa, azaroaren 29an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 24a, 09:27

Elkartasunezko txapelketa antolatu dute azaroaren 29an, igandearekin, Goiburu Golf-en. Minbiziaren Aurkako Elkarteak zerbitzu guztiak doan eskaintzen dituenez, ekonomikoki laguntza lortzeko helburuarekin antolatu dute. Ekimenaren sustatzaileek lehiaketa horretaz gain, Andoainen bolondres taldea sortzen hasi direla aurreratu dute.

Hamabigarren txapelketa izango da aurtengoa eta Maider Sierra elkarteko kideak azaldu duenez, orain arte golferako zaletasuna dutenak eta minbiziaren gaiarekin sentsibilizazioa dutenak gerturatu izan dira txapelketara. Horregatik, aurten ere, herritar guztiei parte hartzeko deia zabaldu die. 10 euro ordaindu beharko dute horretarako.
Dena den, golfean jokatzen ez dakitenei edota txapelketan parte hartu nahi ez dutenei ere laguntzeko aukera eman nahi die. “Fila zero izeneko laguntza bidea ireki dugu, nahi duenak 5 euroko ekarpena egin dezan. Eskertza modura, oparien zozketa batean sartuko dira”, adierazi du Maiderrek.
Irabazleentzat sariak egongo dira: trofeoak, txapelak, jatetxeetan otorduak, landaetxeetan egonaldiak… Sari batzuk, gainera, denentzako izango dira; golfean nahiz fila zero bidez laguntza eskaini duten guztientzat, alegia. Azaroaren 29an banatuko dira opari guztiak.
Maite Treku eta Maider Sierrak gonbidapena luzatu diete andoaindar guztiei: “Askotan konturatzen gara golf-eko txapelketak klubean bertan geratzen direla. Herri mailan eman nahi dugu txapelketaren berri, seguru gaudelako normalean golfean jokatu ez arren, egun batez jokatzera animatuko liratekeen herritarrak badaudela. Horiei guztiei Goiburura gerturatzeko esan nahi diegu”.

Bolondres lana gailenduz
Minbiziaren Aurkako Elkartean bolondresekin lan egiten dute, eta Gipuzkoan, mila bolondres inguru daude gaixoei laguntza eskaintzen. Hauen lana laguntza ematea da, etxez etxeko zaintzaren bidez, prebentzio arloan, administrazio lanak eginez edota kanpoko ekintzak antolatuz. Andoainen boluntario taldea sortzen hasi dira, eta Maite da bertako arduraduna. “Norbaitek talde horretako partaide izan nahiko balu, nirekin harremanetan jartzea edo elkartera deitzea besterik ez dauka”, adierazi du.
Minbiziaren Aurkako Elkarteak Gipuzkoa osoan ditu bulegoak, baina andoaindarrei, gertutasunagatik, Tolosan eta Donostian dituzten egoitzetara joatea gomendatu diete: “Distantziagatik iruditzen zaigu erosoagoa dela Tolosara hurbiltzea, gertuago geratzen delako. Hala ere, gaixoei edo beraien familiarrei adierazi nahi diegu, laguntza behar izanez gero, edonora joan daitezkeela”.
Ez dute gaixoak nongoak diren begiratzen eta, beraz, nahi duten bulegora joateko aukera daukate. Kasu batzuetan, Tolosan ezagunak dituztenek, gaixotasuna intimitatean eramateagatik beste bulegoren batera joatea erabakitzen dute. Hori “guztiz errespetagarria” dela adierazi dute: “Urrutira joateko aukera dute, baina behintzat jakin dezatela Andoaindik hamar minutura lagun diezaieketen txoko bat dagoela”.

Minbizia gainditzeko baliabideak
Elkartearen funtzioa minbizia duten gaixoei eta beren familiarrei laguntza ematea da. Laguntza hori, modu ezberdinetara ematen dute: “Laguntza sikologikoaz gain, laguntza soziala ere eskaintzen dugu. Material ortopedikoa dugu: ohe artikulatuak, gurpildun aulkiak.. Gaixotasuna bat-batean etortzen denean, beharrezkoa izaten delako. Ezgaitasuna kudeatzen eta gestionatzen ere laguntzen dugu, besteak beste”. Horrez gain, minbiziaren ondorioz ahotsa galdu dutenei hitz egiten erakusteko taldea dago Tolosan.

Informazio guneak
• Telefonoak:
    943 45 77 22.
    900 100 036.
• Helbideak:
Emeterio Arrese eraikina, 1. solairuko 8. Bulegoa.
20400. Tolosa.
Zarautz etorbidean 58, 1.
20018. Donostia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!