Dantza ikastaroa Amalur de los Santosen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 20a, 14:33

Buruntzantzan taldeak bigarren urtez jarraian dantza ikastaroa antolatuko du. Egun osoko jardunaldia izango da, Amalur de los Santos errenteriarraren eskutik egingo dutena.

Dantzariak ez du oso gogoko dantza afrikarren definizio hori, “dantza afrikarrak deitzea ez da egokiena… Afrika oso handia baita eta dantza mota asko baitago. Etnia, herrialde bakoitzak beren dantza eta musika mota berezkoak ditu. Baina dantza afrikarrek badute hainbat ezaugarri amankomunean. Naturarekin duten erlazioa, adibidez. Mugimenduak lurrarekiko kontaktuan oinarrituta daudela egiten dituzte”.  Zer ikasia egongo da, “dantza disziplina guztiak bezala, bere teknika eta bere zailtasuna baduelako”.
Azaroaren 28an Urnietan landuko dutena Mandinga kulturan oinarritutako dantza mota da, “Mandinga etnia bat da, Afrika mendebaldean kokatutakoa. Kolonizatzaileek, Afrika banandu zutenean, Mandinga etnia herrialde desberdinetan banatuta utzi zuten: Gambia, Guinea, Guinea-Bissau, Senegal, Mali, Sierra Leona, Liberia, Burkina Faso, eta Costa de Marfil. Ikastaroan, Guinea Conakry-ko balletak sortutako dantza mota landuko dugu. Hiru orduko ikastaroaren helburua, Mandinga dantza eta erritmoekin harremantzea da. Gorputzetik, hizkuntza berri bat ezagutzeko eta esperimentatzeko aukera”.

Ikastaroa
Azaroak 28, larunbata
• 09:00-13:30 Saroben ikastaroa.
• 19:00 Saroben Danbakhana taldearen emanaldia.
• Izena emateko epea: Azaroak 26.
• Bazkaltzeo aukera Etenetan.
• Ikastaroaren prezioa: 20 euro.
• Informazioa: 666 85 44 48.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!