Atzegi: Adimen urritasuna duten pertsonei buruzko estereotipoekin apurtu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 20a, 14:12

Atzegi elkartea adimen urritasuna duten pertsonei buruzko estereotipoekin apurtu nahian lanean ari da azken urteotan eta gaiari buruzko hitzaldiak antolatu ditu Gipuzkoako ikastetxeetan.

Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, aurten ere sentsibilizazio kanpaina antolatu du. ‘Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza’ lelopean, jendeak dituen aurreiritzi eta estereotipo faltsuekin apurtu eta Gipuzkoa osoa kolektibo honen errealitatera hurbildu nahi du. Lucia eta Sergio dira kanpainako protagonistak eta bi kartel sortu dituzte. Patricia Ayo Atzegiko langilearen esanetan, “Lucia eta Sergio, adimen urritasuna duten pertsona askok bizi duten bizimodu aberatsaren eredu garbia dira”. Spot bat ere egin dute; sare sozialen bitartez oso hedatuta dauden estereotipo faltsuen inguruan hausnarketa egitera gonbidatzen duena. Kanpaina parte hartzaileagoa izan dadin, hainbat galdetegi antolatu dituzte Atzegiko web gunean: atzegi.org/horrelakoadanirebizitza. Galdetegi horien helburua, jendeak kolektibo honen inguruan duen ezagutza maila neurtzea dela adierazi du Ayok. Hots, modu dibertigarri eta ludikoan etxebizitza, lana edo aisialdiari buruzko galderei erantzutea. Bestalde, jendearen parte hartzea sustatu nahi dute. Horretarako,  #HorrelakoaDaNiraBizitza hastag-a erabiliz, adimen urritasuna dutenak argazkiak bidaltzera gonbidatzen ditu Atzegik; horrela, Gipuzkoako gizarte osoari euren bizitza nolakoa den kontatzeko. Argazki horiek hona bidal daitezke: Twitter, Facebook, Instagram edota WhatsApp-eko 609 703 706 zenbakira. ‘Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza’ kanpaina aurrera ateratzea posible egin duten kolaboratzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa Gizarte Ekintza izan dira.

Adimen urritasuna hezkuntzan
Atzegiko kideek hitzaldiak antolatuko dituzte ikastetxeetan, horrela gazteenek adimen urritasunaren inguruan duten ezagutza zabaltzeko. Patricia Ayo Atzegiko langilearen esanetan, “helburua adimen urritasuna duten pertsonekiko jarrera egokia lortzea da”. Lehen hezkuntzako seigarren mailatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteei zuzendutako hitzaldiak dira. Solasaldi horiek ikasleen adin-tarteetara moldatuta daude; eta egun oso erabiliak diren sare sozialen bitartez baliatuko dira klaseak emateko. Esaterako, web guneko galdetegi, spot edota Twitter, Instagram eta Facebook sare sozialen bitartez. Zenbait eskolatan adimen urritasunaren gaia modu zuzen batean lantzen dutela aldarrikatu du Atzegiko kideak. Beste zenbaitetan, berriz, adimen urritasunaren gaia zuzenean lantzen ez bada ere, aniztasuna –desberdina izatearen balioa, bakoitza den bezalakoa onartzea, elkarbizitza…− lantzen dela dio. “Ezagutza oso desberdina izaten da adimen urritasuna duen senideren bat edo lagunen bat badute inguruan”, azaldu du Ayok. Urritasuna duen pertsona baten kasua hurbiletik ezagutzen duenak, jarrera egokia izan ohi du. Hala ere, ezjakintasunak jarrera ez egokia dakarrela adierazi du Atzegiko langileak.

Ezjakintasuna
Egun, kolektibo honen inguruan aurreiritzi eta estereotipo faltsuak zabalduta daude euren jarrera eta bizimoduari dagokionez. “Haurrak bezalakoak dira edota iritzi propiorik ez dute bezalako esapideekin puskatu beharra dago”, adierazi du Atzegiko kide den Patricia Ayok, Lucia eta Sergio beren adineko edozein gazte bezalakoak direla aldarrikatuz. Luciari ska musika gustatzen zaio, bulego lanetan aritzen da eta Eibarko pintxo-potera ez du hutsik egiten. Sergio, berriz, institutu batean dabil lanean, eta antzerki talde bateko aktorea da. “Esan bezala, oraindik kolektibo honen inguruan  aurreiritzi eta estereotipo faltsuak existitzen dira, bai euren jarrerari buruz baita euren bizimoduari buruz ere”, argudiatu du Atzegiko langileak. Bi eredu horiek aipatuta, kolektibo oso anitza direla aldarrikatu nahi dute Atzegitik; laguntza handia behar duten pertsonetatik hasi eta autonomia gehien dutenenganaino. Izan ere, Atzegiren oinarria eta indarra familiak direla dio Ayok.

IRENE ZAPIRAIN. Zizurkil, Leireren ama
Irene Zapirain, adimen urritasuna duen Leireren ama da. Gaiaren inguruan aurrerapauso ugari eman bada ere, oraindik ere bide luzea egiteke dagoela uste du.

Nola hartzen ditu egungo gizarteak adimen urritasuna duten pertsonak?
Nik uste asko aurreratu dela eta, oro har, adimen urritasuna nahiz bestelako ezgaitasunak dituzten pertsonak garai batean baino hobeto onartzen dira. Dudarik gabe, oraindik aurreiritzi asko dago, baina urte hautan guztietan zehar lan asko egin da eta hobera egin du egoerak. Garai batean, bereizita ibili ohi ziren adimen urritasuna zuten pertsonak. Egun, taldeen barruan, gizarteratuta ikusten ditugu. Ezgaitasuna duten pertsonak gizartearen zati aktibo bihurtu dira azken urteetan eta hori da, azken batean, beste guztioi gehien erakusten diguna. Izan ere, taldean txertatzen badira, taldeko beste edozein pertsona bezala ikusten baitira. Azken batean, beste edozeinek bezala, euren nahiak eta sentimenduak dituzten pertsonak dira beraiek ere. Egoerak hobera egin du, baina horrek ez du esan nahi bide guztia egina dagoenik. Etiketak kendu behar dira eta desberdinak diren guztiak taldean onartu. Arazoa ez daukate ezgaitasunen bat duten pertsonek, -eurek ondo onartzen baitute, oro har, euren egoera-; arazoa gurea da eta gu gara egoera hobetzeko lan egin behar dugunak. Beldurrek bultzatuta, mugak ere guk jartzen ditugu eta ikasgai ederrak ematen dizkigute askotan. Gizartearen zati direla ulertu eta ikusi behar da. Zati garrantzitsu, gainera; asko erakusten baitigute eduki ditzaketen ezintasun guztien gainetik.

Nola bideratu behar da naturaltasunerako jauzi hori?
Ikastetxeek lan handia egiten dute, baina aldaketak familietatik hasita etorri behar du. Asko nabaritzen da gaia familietan normaltasunez lantzen den edo ez. Zalantzarik ez, bide handia egiten ari da gizartea. Esaterako, gure kasuan, Leire alaba ikastolako taldean onartuta dagoela ikusten dut eta pozgarria da hori. Hala ere, lan egin behar da eta lan hori naturaltasunez egin behar da gizarte honetan den-denok lekua daukagula ulertarazteko. Eta denok denok da: arraza, kolore, gaitasun edo ezgaitasun guztien gainetik. Denok ditugu alderdi on eta txarragoak. Bakoitzak bere lekua bilatu eta batak bestea ulertzen saiatu behar dugu.
Dudarik gabe, guraso askok errealitate hura aldatu egin behar zela ulertu zuelako iritsi gara gaurko egoerara. Hori oso lan garrantzitsua izan da, ezgaitasunen bat dutenak ere beste pertsonen pare direla eta besteek egin ditzaketen gauzak egin ditzaketela ikusarazteko helburuaren aurrean. Mugak badituzte, denok bezala, baina zergatik ezin dute lagun artean zer edo zer hartzera taberna batera joan edota zinemara film bat ikustera?
Guri bidea erdi eginda utzi digutela esaten dut beti. Oraindik badago zer hobetua, baina orain 30 urtetik hona izugarrizko aurrerapausoa eman da. Orain 30 urte hasi ziren adimen urritasuneko pertsonak eskolatan. Eta ordura arte zer? Egoera barrutik ezagutzen denean ezberdin bizitzen da eta gorde beharreko zerbaiten pare ikustea oso gogorra iruditzen zait. Denen artean noraino iritsi garen ikustea, berriz, pozgarria da eta gizartearen artean jarraitu behar dugu egoerari buelta ematen. Dudarik gabe, halako kasuren bat etxean egokitzen denean sentimendua aldatu egiten da eta garrantzitsua da hori kanpora begira ere. Izan ere, ikastetxeetan, besteak beste, gelakideak, denek euren lekua behar dutela konturatzen baitira. Hortxetik dator aldaketa.

Leire alabak bere adineko beste edozein umeren bizimodu berbera egiten du...

Leirek 10 urte ditu eta bere egunerokoa bere adineko beste edozein umeren parekoa da. Ikastolan, irakasleaz gain laguntzaileak ditu eta kurrikuluma bere egoerara egokituta daukanez, ikasketetan bere erritmoa jarraitzen du. Taldean, ordea, beste ume bat gehiago da eta gainerako guztiek parte hartzen duten ekintza berberetan hartzen du parte. Ikastolaz kanpoko ekintzatan ere bai: Dantza ikasten du batetik eta pianoa ere jotzen du. Dantza nahiz musika izugarri gustatzen zaizkio eta izugarri saiatzen da. Txiki-txikia zelarik hasi zen musika eskolan eta, musika-tresnen artean, pianoa jotzen ikastea aukeratu zuen. Irati irakasleak bere beharretara egokitu zituen pianoaren teklak, koloreen laguntzaz. Saiakera handia egiten du Iratik Leireri pianoa erakusten eta horrek asko balio du guretzat. Dantza eskoletara ere oso pozik etortzen da.

Etorkizunera begira, ezgaitasunen bat duten pertsonek lan mundurako jauzia emateko pausoak ere aurrera doaz...
Bai. Ezintasunak dituzten pertsonak lan mundurako prestatzeko proiektu ezberdinak daude egun: Pausoka, Gureak... Bizitza normaltasunez bizi eta gizartean euren lekua eduki dezaten egiten du lan elkarte ugarik. Egun, eurei zuzendutako etxebizitza tutelatuak ere badituzte, garai batean sukaldeko izkina batean erdi gordeta edukitzen ziren bitartean.

Adimen urritasuna duten pertsonak alaiak eta maitekorrak direla esan ohi da. Zer diozu haien izaeraren inguruan?
Oro har, ez daukate gainerakook hainbesteko filtrorik. Diren bezalakoak dira, onerako eta txarrerako. Alaiak bai, baina nortasuna ere badute. Ez dira beti alaiak edo maitekorrak. Batzuetan beren haserrea ere erakusten dute. Hori bai, ondokoa onartzeko gaitasun handia dute, den bezalakoa izanda ere. Pertsonen alderdirik onena ateratzen ere asmatzen dute.
Nik bi alaba ditut eta Leirek adimen urritasuna izanagatik, bere ahizparen antzekoa da. Bakoitzak bere zaletasun eta ilusioak ditu. Atzerapena izateak ez du esan nahi horretan geratu behar denik, pertsona bezala nahi, ilusio edota sentimenduak dituzte eta gaitasun asko ere bai.

Zer diozu Atzegik bideratutako kanpainaren inguruan?
Atzegiko aurtengo kanpainarekin oso identifikatuta sentitzen naiz. Kanpainako protagonistak gaur egungo bi gazte dira eta gizarte honetan besteak bezalaxe lekua dutela ikustea oso garrantzitsua iruditzen zait. Ea  guztion artean gizarteak errealitate hori den bezala sentiarazten asmatzen dugun. Esan bezala, guk, guraso eta familiako kide bezala sentitu eta ikusten dugu, baina besteek ere hori horrela ikus dezaten saiatu behar dugu.

Andoni Usandizaga. Leireren laguntza irakaslea
Berdintasunean heztea, ezinbesteko bidea

Eskolako lanak egiterakoan eta gai ezberdinak barneratzerakoan, ezgaitasunen bat duten pertsonek gainerako gelakideek baino denbora gehixeago behar badute ere, emaitza onak lortzen direla azaldu du Andoni Usandizaga Zubimusu ikastolako irakasleak eta, oso pozgarria dela haientzat nahiz irakasleentzat emaitzarik txikiena ere antzematea, “gogoan dut Leirek ikastolako mantalaren botoiak berak bakarrik lotzea lortu zuen eguna. Egunero saiatzen ginen berak bakarrik lot zitzan eta lortu zuenean, izugarrizko poza hartu genuen”. Irakasle bezala, halako lorpenak sumatzeak asko betetzen duela azaldu du. Lorpen txikiak bezalaxe, handiagoak ere izaten dira, noski. “Matematiketan, esaterako, hainbat eragiketa ondo jasotzea zaila izango dela pentsatu arren, denborarekin, erakutsitakoa ulertu eta barneratu egiten dute. Ezin da gai izango ez direnik esan, probatu egin behar da lehenengo, normalean sorpresak hartzen baitira. Nire kasuan behintzat, gehienean hala izan da eta argi daukat, ezezkoaren aurretik, saiatu egin behar dela beti”. Saiakera horretan dago Andonirentzat gakoa, modu ezberdin ugari baitago gauzak erakusteko.
Gizarte integrazioa ikasi zuen Andonik eta orduan konturatu zen zenbat kasu ezberdin egon daitekeen gizartean. “Pertsona bakoitza mundu bat gara eta adimen urritasuna dutenak oso pertsona gardenak dira; sentitzen dutena, sentitzen duten bezala esaten dutenak”.
Gelan oso onartua sumatzen du Leire, beste gelakide bat gehiago. Hezkuntzako gaiak egokituta izanagatik, egunerokotasunean beste edozein gelakideren tratu bera eskaintzen diote eta hori da garrantzitsuena beretzat, berdintasunean heztea. “Euren adineko pertsonen behar berdinak dituzte adimen urritasuna dutenek ere. Hainbat muga izan arren, orain gutxira arte ez bezala, egun posible da bizimodu normal-normala egitea. Umetatik hasita, gelakideekin nahastuta jolasten dute parkean, behar den bezala”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!