Lierni eta Iker, Euskal Herriko onenak dantza sueltoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 20a, 10:56

Euskal Herriko XXXIX. Dantza Suelto txapelketa irabazi zuten Oinkari dantza taldeko Lierni Kamio eta Iker Sanz dantzariek urriaren 17an. Euren poza adierazi dute ondorengo elkarrizketan.

*Argazkia: Nestor Basterretxearen eskultura, urtebetez momentuz, Villabonako udaletxean utzi zutenekoa.

Ia hilabete igaro ondoren, sinestu al duzue dagoeneko zuen lorpena?
Iker:
Pixkanaka onartu dugu lortu duguna, bai. Ajea pasa dugu eta orain Segurako txapelketa irabazteak dakartzan bestelako ekintzez disfrutatzen ari gara. Udaletxean Seguran eskuratutako garaikurra uzteaz, besteak beste.

Duela bi urte bigarren postua, iaz laugarrena. Aurten, berriz, txapela. Ba al zenuten lehen postua eskuratzeko esperantzarik?
Lierni:
Segurako txapelketan parte hartzen genuen seigarren urtea zen aurtengoa. Hasieran txapelketa bera nolakoa zen ikusteko helburuarekin joaten ginen, indar falta izateaz gain,  bikotea osatzeko baikeunden oraindik eta bagenekien lehen urte haietan ez genuela txapelketa irabazteko aukerarik. Azken bizpahiru urteotan, ordea, osatuago geunden eta lehen postua irabazteko aukerak bagenituen jada. Hala ere, gure entseguetan indarrean aritzen ginen arren, ez genekien beste bikoteen maila nolakoa zen. Esperantza bagenuen, baina beste bikoteek egiten zuten lanaren arabera.
I.: Entseguez gain, egunak ere eragin handia izaten du: egunean bertan duzun gorputzaldiak edota zer moduz dantzatzen duzun. Guk zortea izan genuen. Ongi egin genuen eta oso gustura geratu ginen emaitzarekin.

Nola bizitu zenuten txapelketa bera? Urduritasuna al da halakoetan etsairik okerrena?
L.:
Nire etsairik handiena urduritasuna da, dudarik gabe. Oholtza gainean urduritasunak hondoratu egin nazake. Ahalik eta ondoen dantzan aritu besterik egin behar ez dudala nire buruari gogorarazi arren, zaila da tentsioari aurre egitea. Hala ere, Segurako txapelketara seguru joan nintzen eta asko lagundu zidan horrek tentsioak baztertu eta momentua disfrutatzen.
I.: Fandango eta arin-arin txapelketa bikoteak osatzen du eta biek egon behar dute maila hoberenean txapela lortzeko. Ez du balio batek indar handia eta besteak dantzarako grazia izatea, bi faktore horiek orekatuta egon behar dute.

Zenbat denboraz entseatu behar da halako emaitza eskuratu ahal izateko? Esfortzua izugarria izango da!
I.:
Ordu asko eskaini behar zaio dantzari. Beste hainbat gauza uzten dugu txapelketa ondo prestatu ahal izateko. Ordu luzetan aritu gara bikote bezala, bakarka, taldean…
L.: Baina Segurako txapelketa irabazteko ez dute azken momentuko orduek balio. Urte guztian zehar aritu beharra dago.
I.: Urteak behar dira. Bikote gisa esperientzia eta konfiantza ez da txapelketa prestatzen lortzen. Lau urtez geroztik ari gara biok ere dantzan eta urte horietan guztietan lortu dugu taula gainean maisutasunez aritzea.

Dantza sueltoko dantzari batek izan dezakeen helburu nagusia bete duzuela esango al zenukete?
I.:
Dudarik gabe. Edozein dantzariren helburua dela esango nuke. Haietako asko, daukan izen eta oihartzunagatik ez da Segurako txapelketan parte hartzera ausartzen. Oihartzun handiko ikuskizuna  da, ez herriko edozein txapelketa.
L.: Nik ez dut uste dantzari guztien helburua denik, batzuk gusturago aritzen baitira beste era bateko emanaldietan. Gu umetatik txapelketetan gabiltzanez, guretzat helbururik handiena da, horretara baikoaz.

Etorkizunera begira, beste helbururik?
L.:
Hurrengo helburua txapelketa hiru urtez irabazi eta Nestor Bazterretxeak eginiko eskultura betiko udaletxera ekartzea litzateke. Datorren urteko txapelketa arte Villabonako udaletxean egongo da eskultura eta ea berriz ere leku berera itzultzen den.

Eskultura garaikur nagusia, baina sari gehiago ere ekarri zenuten etxera…
L.: T
xapela eta zapia, dirua eta bakoitzarentzako bidaia bat ere bai.
I.: Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako dantzari onenen saria eman zigun, Euskal Dantzarien Biltzarra nahiz Segurako Udalaren eskutik ere beste sari bana jaso genuen. Pozaz gain, saski ederrarekin itzuli ginen etxera.

Oinkari dantza taldeko dantzari zarete biok. Zu, Iker, lezotarra izanik nola hasi zinen Villabonan?
I.:
Aurresku txapelketa batean Oinkarin hasteko aukera eman zidan Eneko Arteagak eta 13 urtez geroztik astean bizpahiru aldiz etortzen naiz Villabonara entseatzera. Dantza sueltoan ez ezik, Oinkariko emanaldietan ere parte hartzen dut. Oso txertatuta nago Oinkariren baitan.

Oinkari dantza taldean ezagutu ondorenean ekin zenioten, beraz, bikote bideari…
L.:
Iker Aurresku txapelketetan eta sueltoan aritzen zen aurrena. Ni Soinu Zahar txapelketetan. Lurdes Esnaolarekin fandango eta arin-arineko eskolak jasotzen nituen nik ere eta Ikerrek bere aurreko dantza bikotearekin utzi zuenean, nire bikote izan nahi al zuen galdetu nion.
I.: Oso erromantikoa!

Erromantizismotik ere beharko da, dudarik gabe…
I.:
Elkarrekin ordu asko igaro behar ditugunez, umorez hartzea behintzat oso garrantzitsua da. Elkar ulertzea nahitaezkoa da aurrera egiteko.
L.: Gaizki konponduz gero dantza bikotea hautsi egiten da. Motibazioa eta babesa beharrezkoak dira, batzuetan batek besteari egin behar dio tira eta alderantziz bestetan.

Nola ari zarete bizitzen Oinkari dantza taldearen 40. urteurrena?
L.:
Lan asko egiten ari gara ekintza guztiak lotzen, 40. urteurrenak oihartzuna izan dezan nahi baitugu. Guk txapela aurten lortu izana oso pozgarria da guretzat, urte berezia baita.
I.: Oparitxo bat egin diegu Oinkariri eta Villabonari.
L.: Azaroaren 20ko dantza emanaldian hartuko dugu parte. Dantzari eta dantzari ohiek primeran erantzun dute eta dantzarako gogotsu gaude. Oinkarirentzat oso lorpen polita da.


Lurdes Esnaola, irakaslea, Lezo
“Txapelaren zati bat Eneko Arteagarena da”

1980, 1981 eta 1982an, hiru urtez jarraian irabazi zuen Lurdes Esnaola lezotarrak, Joxe Juan Ugalde bikotearekin batera, Euskal Herriko dantza suelto txapelketa. Azken urte hauetan Oinkari dantza taldeko fandango eta arin-arin irakaslea da. Noski, baita Lierni Kamio eta Iker Sanz dantzariena ere.
Oinkariko arduradun Eneko Arteagak, fandangoa eta arin-arina ondo dantzatzeari, oro har, beste taldeek ematen ez dioten bezainbesteko garrantzia ematen diola uste du, “dantza talde askok amaieran soilik dantzatzen dituzte, baina Oinkarin ez; beste dantzei bezainbesteko garrantzia ematen zaie, gehiago ere bai agian. Astean ordubete behintzat dantzari guztiek lantzen dituzte eta haietako batzuk dantza suelto txapelketetan parte hartzen hasten dira denborarekin. Egun, Villabonan, 11-12 urtetik gorako dantzari guztiek oso-oso ondo dantzatzen dute fandangoa eta arin-arina. Txapelaren zati bat, beraz, Eneko Arteagarena da, hark ematen dion garrantziagatik iritsi baitira dantzariak maila horretara”.
Txapelketari begira ere Lurdes aritu da Lierni eta Ikerren irakasle, “aurten Lierniren ikasketak eta Ikerren lana direla eta, zailtasunak izan ditugu entseguetan elkartzeko. Ondorioz, lan asko egin dugu bakarka ere. Dudarik gabe, bikotean aritzea baino gogorragoa da bakoitza bere aldetik aritu beharra”. Lurdesek halako emaitza eskuratu aurretik asko aritu behar dela azaldu du eta jendeak ez dakiela zenbat sufritzen den taula gainera heltzeko. “Oso gogorra da. Aritu egin behar da etengabe. Ez da nahikoa dantzan ondo jakitearekin, egin egin behar da”.
Oso dantzari onak dira Lierni eta Iker, baina oso estilo ezberdinetatik heldu zirela gogoratu du. “Ariketen eta urteen poderioz, poliki-poliki lortu genuen haiek bateratzea. Dantzari bikainak dira biak ere eta errazagoa da halako jendearekin lan egitea”.


Tio Teronen semeak taldearen ikuskizuna Malkar plazan
Oinkariren 40. urteurrenaren harira, azaroaren 21ean, larunbatarekin, Tio Teronen Semeak taldeak ‘Freshcool’ ikuskizuna eskainiko du 13:00etan Malkar plazan. Iker Sanz elkarrizketatuak berak, Aritz Salamancarekin batera sortu zuen ekimena, dantzan aritzen zen lagun taldeak zuten dantzarako teknika eta euren arteko olgeta uztartu nahian. Geroztik, taldeko kideentzat sekulako sorpresa izan da saioko Aurreskuaren zatia biltzen duen youtubeko bideoak 300.000 erreprodukziotik gora jaso duela jakitea. Gogotsu daude Villabonako emanaldiari begira. “Arratsalde-gau partean koadrila batean gerta daitezkeen istorioak bilduko ditugu dantzari esker. Euskal dantzekin erlaziorik ez duten doinuak entzungo ditu ikusleak. Nik uste gustatuko zaiela…”, adierazi du Ikerrek.

40. urteurreneko ekintzak:
Aste honetan zehar 40. urteurreneko lehen ekintzak burutu dira dagoeneko: tartean, tailer ezberdinak. Bada, asteburua benetan indartsu iritsiko da oraingoan. Ostiralean, azaroak 20, 200 lagun pasatxok parte hartuko duen ‘Oinkari, 40 urtez dantzan’ emanaldia eskainiko dute Olaederra kiroldegian 22:30etatik aurrera, Gabonetan ETB1en ikusteko aukera izango dena. Larunbatean, azaroak 21, Oinkariko haur eta gaztetxoen kalejira izango da lehenik. Haien hamaiketakoaren ondoren, ‘Tio Teronen semeak’ taldeak ikuskizun bitxia eskainiko du 13:00etan Malkar plazan. Adunako Aburuza sagardotegian bazkaria izango da ondoren. Erromeriarekin girotuko da bazkalondorena eta Adunatik bueltan, Lizartzako Isk&bila txarangarekin jarraituko du festak Villabonan.
Joan zen azaroaren 15ean, ostiraleko emanaldia prestatzeko entsegu orokorra egin zen Txermingo ikastolako ganbaran. Dantzari eta musikariak elkarlanean aritu ziren saioa osorik entseatzen.
Ostiraleko emanaldia ez ezik, gainerako ekimenak prestatzen buru-belarri lanean aritu da Oinkariko urteurreneko taldea: Eneko Arteaga, Alazne Gurrutxaga, Oihana Barandiaran, Eneritz Ugartemendia, Ainhoa Barandiaran, Ane Urruzola, Eli Larrañaga, Lierni Kamio, Jone Mendiluze, Nerea Ezenarro, Nerea Arregi, Oihane Ayestaran, Maider Etxeberria eta Maddi Otegi. Txalo zaparrada haientzat guztientzat, saiakera izugarria egin baitute.

Udaletxean da garaikurra
Azaroaren 5an Villabonako Udalak harrera egin zien Lierni eta Ikerri udaletxean. Iban Agirre alkateak dantzariak zoriondu egin zituen, lortutako saria egindako lan guztiaren emaitza dela azalduz. Eskerrak eman zizkien halako lorpenari esker Amasa-Villabona herria Euskal Herri osoan ezagutzera emateagatik. Nestor Basterretxeak eginiko eskultura ekarri zuten irabazleek udaletxera eta pleno aretoan izango da datorren urteko txapelketa iritsi bitartean.
Harrerako argazkiak eta bideoa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!