Kanpoko lurretatik gurera

“Euskaldunen nortasuna oso eskuzabala da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 23a, 01:00

Venezuelatik Andoainera

Juan Arvelo Montero Maracaytik (Venezuela) Vancouverrera (Canada) eta handik Andoainera etorri zen bizitzera 2010an. Ederki kokatu da bertan.
 

2008 urtean Maracaytik Vancouverrera abiatu zen Juan ingelesa ikastera eta bi urtez bertan bizitu ondoren, Madrilera joan zen. Han hasi zen Eibarko neska batekin euskara ikasten eta Hernaniko eliza ebanjelikoan lan egitera gerturatu zen lehenengoz Euskal Herrira. Andoainen jarri zen bizitzen eta bertako jendea nahiz kultura ezagututakoan izugarri gustatu zitzaiola aitortu du, “euskal kultura, dantza, euskara nahiz euskaldunekin maitemindu egin nintzen; hainbeste…, euskaldun batekin ezkontzeraino. Alain semea dugu maitasun horren fruitua”, adierazi du. Egun ingeles irakasle gisa aritzen da lanean Andoaingo akademia batean.
Juan ez da inondik ere arrotz sentitzen Andoainen, bere etxetzat du herria. Andoaindarrek egindako harrera onak badu eraginik horretan, “euskaldunen nortasuna oso eskuzabala da atzerritarrekiko bereziki eta horrek asko errazten du bizimodu berrira egokitzea”.  Orain gutxi Venezuelara familia bisitatzera joan zenean, faltan botatzen zuen Andoain, itzuli egin nahi zuen. Argi du bere familia hementxe dagoela, baina teknologia berrien laguntzarekin venezolar familiarekiko loturari ere eusten dio.

Euskal dantzetan trebatuz
Euskal Herrira etorri aurretik, gerora hitzetik hortzera jarraitu duen aholkua eman zioten Juani: “atzerritarra zu zara. Ez ezazu pentsa besteek aldatu behar dutenik, zuk egokitu behar duzu bertako bizimodura”. Andoainen kokatu eta berehala hasi zen, bada, euskal kulturarekin lotutako ekimen ezberdinetan parte hartzen: besteak beste, euskara nahiz euskal dantzak ikasten. “Kalean nenbilela, euskal dantzen ikastaro baten berri izan nuen eta dantzatzea oso gogoko dudanez, izena ematera animatu nintzen. Dagoeneko Aurreskua edota Luzaideko dantzak (Valcarlos) dantzatzen ikasi dut”. Hegoameriketan gehienak dantzarako senarekin jaiotzen direnez, Juani ez zitzaion askorik kosta euskal dantzak ikastea. Hori bai, hasiera batean izugarri harritzen zuen kalera atera eta tabernetan jendea dantzan bakarka ikusteak, “Venezuelan bikotearekin dantzatzera joateko plana egitea oso ohikoa da. Han ez da sekula bakarka dantzatzen eta hasiera batean, nire buruan ez nion hemengo ohiturari inolako zentzurik hartzen”. Berehala ohitu zen, ordea; ondorio bat ateraz, “ez dago kultura on eta txarrik, bakoitza ezberdina da”.

Egidazu euskaraz, mesedez
Euskal dantzetan bezala, Andoaingo Caritas elkartean ere parte hartzen hasi zen herrira etorritakoan, “jendartekoa naiz, oso soziala. Izugarri gustatzen zait jendearekin biltzea, beharrezkoa dut. Gainera, oso garrantzitsua zen niretzat euskaraz hitz egiteko jendea ezagutzea”. Izan ere erronka moduan hartu baitu Juanek euskara ikastea. Euskaltegian ari da, emaztearekin nahiz herritarrekin hitz eginez ere bai, eta, dudarik gabe, lortzear du bere helburua. Ingelesa, portugesa eta gaztelaniaz hitz egiten ditu eta euskara ondo menderatutakoan frantsesa ikasi nahi du. Erronka zalea da. Euskaldunok oso kontuan hartu beharreko aipamena ere luzatu du, “kanpotartzat hartuta, jende askori kosta egiten zaio gugana euskaraz zuzentzea. Gertatu izan zait, esaterako, dendariren batek gaztelaniaz egin eta ‘egidazu euskaraz, mesedez’ esan beharra. Nik uste, euskaraz egin beharko liguketela lehen hitza, bestela ez baitugu sekula ikasiko. Guk esan beharko genuke euskaraz ez badakigu. Hala ere badakit euskaldun jendearen nortasunagatik dela eta laguntzeko egiten digutela”.

Pribatutasuna, ordutegia, janaria…
Venezuelatik zerbait faltan botatzekotan, eguzkia aipatu du. Baina ohituta dago eguzkirik gabe bizitzera ere, Canadako klima ere hemengoaren antzekoa delako. Euskal Herritik izugarri gustatzen zaio bakoitzak bere espazio pertsonala edukitzea, “Venezuelan ez bezala, Euskal Herrian bakoitzaren pribatutasuna errespetatu egiten da. Han edozein momentutan edonor etor daiteke zure etxera, gonbidatu gabe egonda ere”. Era berean, Venezuelako ordutegi irekien aurrean, hemen ordulariari erabilera ematea asko gustatzen zaio, “bizimodua antolatzeko aukera ematen baitu”. Zer esanik ez euskal janaria, izugarri gogoko du, “munduko goxoena iruditzen zait. Guk bertako janaria jaten dugu etxean. Oso noizik eta behin prestatzen dut Venezuelako plateren bat”. Dantzazalea bezala, musikazalea ere bada eta Ken 7, Gose eta bereziki Zea Mays taldeak nabarmendu ditu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!