Herrialde ezezagun batera etortzeak dituen lehen zailtasunak gainditzen eta pixkanaka Zizurkilgo bizimodura egokitzen ari da Bake. “Kultura, hizkuntza, janaria…, bizimodu erabat ezberdinarekin egin nuen topo Zizurkilera etorri nintzenean. Eguraldia ere bai: han beroa eta hemen hotza”, azaldu du irribarrez. Maitasunak ekarri zuen Afrikatik Euskal Herrira eta gustuko kokalekua aurkitu du Zizurkilen, “jende jator eta irekiarekin egin dut topo hemen. Hasieratik onartuta sentitu nintzen bertan”. Senegalgo bizimoduarekin alderatuta, hala ere, hemen jendea oso presaka bizi dela uste du, “lana, lana eta lana, beti korrika. Niri, ordea, lana falta zait. Bi hilabetez kale garbitzaile gisa aritu nintzen lanean Zizurkilen, baina ez dut beste lanik topatu denbora honetan guztian zehar. Edozein lanetarako prest nengoke. Pazientzia”, adierazi du, noizbait ate horiek zabalduko zaizkion esperantzan.
Euskaraz garbi-garbi
Banaiz Bagara elkartean, Petra Elser irakasle eta taldekide ugarirekin batera ikasi du euskara. “Banaiz Bagara elkartean herrialde ezberdinetako pertsonak elkartu ohi gara: Nikaragua, Argentina, Ekuador, Maroko edo Senegalgoak, besteak beste. Oso ekimen interesgarria da, jende asko ez ezik, kultura ezberdinak ezagutzeko aukera ematen duelako”. Emazte nahiz alabarekin hitz eginez, kalean ere euskaraz aritzera askatu da orain. Ederki egiten du gainera. Elkarrizketan zehar ere euskaraz aritu da, garbi-garbi. Bakeren ustez, bizi zaren herriko hizkuntza jakitea ezinbestekoa da bertakoekin komunikatu nahiz lan egin ahal izateko. Argi dauka bere helburua euskaraz ondo ikastea dela. “Saiatu egin behar da”, dio. Bide horretan badu laguntzaile berezi bat: lau urteko Haizea alaba. Laster izango du bigarren laguntzailea ere, Irai semea hizketan hasten denean. Senegalen hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituzte herrialdez herrialde. “Ni mandinga etniakoa naiz eta mandingeraz hitz egiten dut, baina lurralde bakoitzak bere hizkuntza duenez, gune ezberdinetako senagaldarron artean komunikatzeko wolof-a erabiltzen dugu”.
Berdea hura, berdea hau
Bizpahiru urtez behin Senegalera itzuli ohi da bisitan. Familia eta lagunak han utzi zituenez, oso gustura joan ohi da jaioterrira. Bihotzean du Bakek Senegal, hantxe baitu bere iragan guztia. Senegalen bertako janaria dastatzera ere gustatzen zaio. “Hemengo sukaldea ere gogoko dudan arren, Senegalgo jana faltan botatzen dut eta, tarteka, hango platerak prestatzen ditut hemen ere. Oinarrian, arroza jaten da han gehien”, azaldu eta hemengo jakien artean, patata tortila aipatu du gustukoenen artean. “Herrialde alaia da Senegal, baina bizimodua gogorra da, pobrea delako. Hemen bezala, han ere ez da erraza lana topatzea”. Paisajistikoki Euskal Herria eta Senegalen artean berdintasunak badirela aipatu du, “hura berdea da eta hau ere bai. Baina hango zuhaitzak oso handiak eta zabalak dira. Oihana du eta hemen ez dauden moduko animaliak ditu”. Berdetasuna eta landa gunea gogoko dituenez, hemengo baserri giroa ere gustuko du.
Kanturako, musikarako eta dantzarako joera handia dute Senegalen eta Zizurkilen ere perkusioa jotzeari eusten dio, “nire pasioa baita”. Hiru talde ezberdinetan aritzen da perkusioa joz, Banaiz Bagara taldeko kideekin batetik, euskal nahiz beste hainbat lurraldetako kantuak jo eta kantatuz, Tolosako perkusio talde batean eta baita afrikar lagunen artean osatutako beste batean ere. “Festa ezberdinetan jo izan dugu Afrikako musika, baina azken aldian gutxiago deitzen gaituzte, krisiaren ondorioz halako ekimenetarako diru gutxiago dagoelako”.
Herriko antzezpenean musikari
Maiatzaren 16an zizurkildarrek jendaurrean aurkeztutako ‘Bazan herri txiki bat’ antzerkian perkusioa joz hartu zuen parte Bakek. “Esperientzia polita izan da. 130 lagun inguruk osatu dugu antzezlana eta giro polita sortu da entseguetan. Gainera, Zizurkilgo historia ezagutzeko aukera izan dut antzerkiari esker”.