2002ko abuztuan, 18 urte zituela etorri zen Adriana lehen aldiz Euskal Herrira. Hamaika urtez Irunen bizitu ondoren, gaixorik zeukan ama bisitatzera joan zen Estatu Batuetara. Hantxe jaio zen Haizea, bere bigarren alaba, “Estatu Batuetan jaio bazen ere, izen euskalduna du”, azaldu du irribarretsu. Hiru urte ditu Haizeak eta zazpi Yelena lehen alabak. Estatu Batuetara eta Ekuadorrera eginiko bisitaldiez gain, bere jaioterritik atera zenez geroztik Euskal Herrian bizitu da beti Adriana, “13 urte daramatzat Euskal Herrian, ia nire bizitza erdia. Ekuadortik Euskal Herrira aldaketa handia nabaritu nuen. Ekuadorko bizimodua bera hemengoa baino mugimendu handiagokoa da eta hasieran kosta egin zitzaidan hemengo egunerokora ohitzea, familiarengandik urrun gainera”. Oraindik ez du euskara menderatzen, baina etorkizuneko helburuen artean asmo hori dauka, “zertxobait ulertzen dut dagoeneko eta orain, alaben laguntzarekin gehixeago. Hala ere noizbait euskara ulertu eta ondo hitz egiten ikastea gustatuko litzaidake. Ekuadorren ere bada quechua hizkuntza; nik ez dut hitz egiten, oso zaila delako. Baina noizbait euskara ikastea espero dut”, azaldu du.
Gustura Villabonan
Euskal Herriko hiriburuak, Espainiako beste hainbat hiribururen ondoan, oso ordenatuak iruditzen zaizkio Adrianari, eta euskaldunen inguruan, lasaitasuna eta adeitasuna nabarmenduko lituzke. “Euskaldun jendea oso umila eta gizatiarra da, beti laguntzeko prest dagoena. Oso arraroa da jende desatseginik topatzea. Beste herrialde batzuetan ez bezala, hemen inoiz ez zait inor modu txarrean gerturatu kanpotarra izateagatik”. Arrazoi horiengandik guztiengandik gustura sentitzen da hemen. “Villabonan, bereziki, konfiantza handia sentitzen dut nire alabekiko”.
Estatu Batuetara eginiko bisilalditik bueltan, hasieran Irunen kokatu bazen ere, 2013 urtean Amasa-Villabonara etorri zen bizitzera. Herrialde ezberdinetako pertsonekin elkarbanatu zuen etxea orduan eta hasieran, etxe hartan, ezagutzen ez zituen hizkuntza nahiz ohituretara egokitzea kosta egin bazitzaion ere, dagoeneko aurkitu du bere lekua herrian. “Gustura bizi naiz Villabonan: herri lasaia eta atsegina da. Eroso sentitzen naiz bertan, gustura”.
Eliza ebanjelistako kide
Lehen urte gogorrak eta gero, “Jainkoa guztiaren gainetik egon dela” uste du. Irunen bizi zelarik, Villabonan aurkitu zuen bere bizimoduarengan berebiziko eragina izan duen erlijio ebanjelistaren atea. “Nire pausoak gidatu ditu Jainkoak. Villabona herri bedeinkatua da niretzat. Pertsona batek haurrak Jainkoari aurkezteko esan zidan behin. Irunen bizi nintzen orduan eta Villabonara etorri nintzen erlijio ebanjelistaren baitako aurkezpen hura egitera. Ordura arte ez nuen Villabona ezagutzen eta aurkezpena eta gero ere ez nintzen gehiago gerturatu, harik eta Villabonara bizitzera etortzea egokitu zitzaidan arte”. Egun sukaldari gisa lana aurkitu bere etxe ondo-ondoan. Hori guztiagatik herri berezia da beretzat. “Ez dago bedeinkapenik gabeko zorterik”, dio. Ekuadorren katolikoa zen, nahiz eta askorik praktikatu ez. Orain eliza ebanjelistako kide da eta “Jainkoaren hitza” ikasten ari da, “pertsona hobea eta lasaiagoa izaten irakatsi dit erlijio honek”. Herritarrez gain, Irun, Donostia, Tolosa edota Lazkaoko hogeita hamar bat lagun biltzen dira Villabonan errezoak egitera, “etxe batean ozen hitz egin edo abestea ez da oso egokia eta horregatik lokalen baten bila gabiltza orain”.
Lana aurkitu izanak izugarri hasetu du. Ostalaritzan aritu da beti Euskal Herrira etorri zenetik eta pintxo goxo-goxoak prestatzen ikasi du.
Ekuador bihotzean
Ekuador bihotzeko txoko batean gordeta dauka Adrianak, baina argi du bere bizitza hemen osatu duela eta hementxe dagoela bere etxea. Familiako kideak bisitatzera jaioterrira gerturatuko balitz ere, ez litzateke bizitzera itzuliko. Lasai eta ondo aurkitzen baita Euskal Herrian. Norabide onean dabilela uste du eta bide hori aurkitzen laguntzeagatik oso eskertuta dago eliza ebanjelistako kideekin.