Kanpoko lurretatik gurera

“Benetan pozik sentitzen naiz hemengo zati naizelako”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 23a, 01:00

Estatu Batuetatik Asteasura

Belinda Rose Gonzalez Fernandez duela zortzi urte etorri zen senarrarekin batera Los Angelestik Asteasura bizitzera. Bere bizitzako abentura izan da eta pozarren dago pauso hori eman izanaz.

Donostian jaioa du Belindak ama, Tolosan bizitakoa eta handik Ameriketara joandakoa. Jatorri mexikarrekoa, berriz, aita. Urte askoan zehar etorri zen Belinda amarekin batera Donostiara, lehengusuak bizi baititu bertan oraindik ere. Senarra, ordea, orain 16 urte etorri zen lehenengoz eta izugarri gustatu zitzaion Euskal Herria. Duela hamar urte Asteasun etxea erosi eta bizitzera etortzea erabaki zuten, “zirkulua osatzen ari gara. Hemengo sustraiak dituen ama Kalifornian bizi bada ere, handik hona etorri gara gu eta baita egun Nafarroan bizi den gure alaba ere”. Euskal sustraiak ditu Belindak eta izugarri gustura sentitzen da Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena. Bizitzera etortzeko erabakiaren aurrean senarrak harritu zuen gehiago, “amerikarra da senarra, Estatu Batuetatik kanpora askorik bidaiatzen ez zuena. Euskal Herrira etorri zen lehen aldi hartan txundituta geratu zen eta bere ideia izan zen hona bizitzera etortzea”, azaldu du. Donostian eta inguruetan aritu ziren etxe bila eta Asteasun aurkitu zuten nahi zuten hura. Hasiera hartan, dudarik gabe, Kalifornia herrialde handitik Asteasura berebiziko jauzia nabaritu zuten. Esaterako, Asteasun herritar guztiak gertutik ezagutzen zirela ikustea izugarri gustatu zitzaion Belindari. “Asteasura iritsi ginenean jakin-minez begiratzen gintuzten, baina oso ondo hartu gintuzten hasieratik. Oso jende ona bizi da Asteasun, atseginak eta jatorrak dira herritarrak”.

Bizitzako abentura
Asteasun kokatzea, beraz, ez zaie bereziki zaila egin. Gehiago kosta zitzaien, ordea, bertako paper, lege edo arauetara egokitzea, Kaliforniakoekin alderatuta, hemengo ohiturak oso ezberdinak baitira. “Hasieran ‘zein ergelak garen!’, esaten genion gure buruari, laguntzarik gabe ez baikenuen pausoak ondo ematen asmatzen. Baina dagoeneko hartu diogu neurria eta bakarrik ondo moldatzen gara”, adierazi du. Senarra eta bien bizitzako abentura izan da Asteasura bizitzera etortzea eta pauso hori eman dutelako oso pozik eta gustura daudela aitortu du, hain gustura, ezen bertan bizitzen betiko geratzea erabaki baitute.
Asteasu bezala, izugarri gogoko du eskualdean Villabona ere. Sarritan bidegorritik oinez etortzen da Villabonara lanera nahiz erosketak egitera eta han ere oso ondo sentitzen dela aitortu du, “saiatuak dira eta atseginak, oso jarrera onekoak”, gaineratu du.
Ingeles irakaslea
Urteak daramatza Belindak Villabonako Elduaien akademian ingeles irakasle gisa. Euskaldunen artean ingelesa ikasteko behar handia sumatzen du, negozio mailan batik bat, eta arrazoi horregatik hainbat enpresatan negoziotarako ingelesa ere erakusten du. “Marketinga bezala, kanpoko ikuspegia lantzea oso garrantzitsua da. Euskal Herriko enpresatan, Espainiako edota Europako beste hainbat herrialdetan baino gehiago lantzen da ikerkuntza eta garapena. Oso marka onak daude hemen, baina ez dakite marketing aldetik aditzera ematen eta izugarri gozatzen dut laguntza eskaintzearekin batera, beste ikuspegi ezberdin bat azaltzen”. Belinda abokatua zen Estatu Batuetan, han ez zen sekula irakasle lanetan aritu. Hona etorri eta lana topatzerakoan, ordea, ez zuen estres hura berriro bizi nahi eta ingelesa irakats zezakeela pentsatu zuen. Pentsatu eta ekin; ingelesa irakasten hasi orduko, langintza horrek asetu egiten zuela ohartu zen. “Jendea beti gehiago ikasteko prest ikusten dut hemen eta jarrera horrek zeharo harritzen nau. Sinestezina iruditzen zait ikasleek egiten duten saiakera. Oso jende langile eta ona da euskalduna eta benetan pozik sentitzen naiz hemengo zati naizelako”.
Jaiotzaz euskalduna ez izanagatik euskaldun sentitzen da Belinda eta hemen bizi delarik, bertako energia barru-barrutik sumatzen du. “Izugarri gustatzen zait inguratzen nauen guztia. Pena dut oraindik ez dudalako euskara hitz egiten. Hitz batzuk ulertzen ditut, baina nire hurrengo erronka euskara ondo ikastea da. Hemengo jendeak ingelesa ikasten badu, nik euskara ikasi beharra daukat, zer gutxiago!”, azaldu du. Besteak beste, bizilaguna ari zaio euskarazko hitzak erakusten eta asko eskertzen dio eskaintzen dion laguntza. Izan ere, bizi zaren herriko hizkuntza eta kultura errespetatu egin behar direla uste du Belindak eta modu horretan bertako biztanleen errespetua lortzea ere errazagoa dela dio.


Bizitzeko lan, ez lanerako bizi
Bere amak Kalifornian bizitzen geratzeko hautua egin zuen eta izugarri botatzen du Belindak faltan. Ondorioz, bisitan gustura joaten den arren, argi du ez litzatekeela Kaliforniara bizitzera itzuliko. Estatu Batuetan ere jende eta hainbat ohitura on izanagatik, lanerako bizi direla uste du eta horren aurrean, euskaldunek alderantziko joera dutela, “hemen bizitzeko egiten du lan jendeak eta horrek bereizten ditu bereziki euskaldunak amerikarrengandik. Gainera, euskal jendea edota hemengo janaria askoz hobeak iruditzen zaizkit niri. Egunean eguneko elikagai freskoak erosten ditugu eta ez dugu hozkailuaren beharrik. Jateko ohiturak askoz ere osasungarriagoak dira hemen”. Euskaldunengandik gustatzen zaion beste ezaugarrietako bat, sentitzen dutena esateko joera. “Batzuetan norbait haserre daiteke, baina sentitzen dena zuzenean esaten da. Estatu Batuetan asko neurtu behar dira hitzak hitz egiterakoan, inor mindu ez dadin”. Euskal Herriko paisaia, berriz, argazkietakoa iruditzen zaio. Paisaia lehor eta lauen aurrean, menditsu eta berdea. Berdetasun hori manten dadin, begi onez onartzen du euria ere. Hasieran izugarri harritu zuen euriaren aurrean euskaldunek duten jarrerak, “eguraldi txarra eginagatik, jendeak ohiko bizimodu eta asmoekin aurrera jarraitzen du. Kalifornian dena geratu egiten da, halakoetan zentro komertzial handietara soilik jotzen du jendeak. Alde horiek ikustea oso dibertigarria da ezberdin jokatzen duten herrialde batetik etorrita. Egoera batzuen aurrean, ‘zein ahulak diren kaliforniarrak’, pentsatu izan dugu”, aipatu du irribarrez. Euskaldun jendea jende irekia dela uste du Belindak, aukerak eskaintzeko prest dagoena eta eskertu egin nahi du jarrera hori ere.

Esgrima, zaletasun
Zaletasunen artean, izugarri gogoko du esgrima egitea. Donostiako Fortuna elkartearen baitan, beteranoen taldean aritzen da eta Espainia nahiz Europa mailako hainbat txapelketatan hartu du parte. “Izugarri gustatzen zait esgrima eta horregatik entrenatzen dut. Sablearekin aritzen naiz. Hemen esgrima egitea ez da batere ohikoa. Euskal Herriko esgrimako klub bakarra Donostian egotea izugarrizko zortea izan zen niretzat, beraz. Sablearekin aritzearekin batera, lagun taldea ere egin dut klubean eta oso gustura biltzen naiz haiekin”, adierazi du.
Gainerakoan bidaiatu eta txoko berriak ezagutu zale da. Etxean badituzte Euskal Herriko nahiz Espainiako ibilbide ezberdinak biltzen dituzten gida-liburuak eta aukera dutenean leku berriak ezagutzera abiatzen dira. “Bada beti kanpoko lorategietara begira aritzen den jendea, baina gurea oso lorategi ederra da. Bikaina”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!