Nikaraguako iparraldetik etorri ziren, Somototik. Euskal Herrira iritsitakoan Irunera joan ziren biak eta bertan ezagutu zuten elkar. Hango lagunen bidez jakin zuten Ondartzabitarte behitegiko lanaren berri eta Asteasura etorri ziren bizitzera nahiz lanera. Astesura etorri aurretik, Igeldoko txakurtegian ere aritu zen lanean Roberto. “Eroso sentitzen gara Asteasun, oso gustura gaude. Oso ondo hartu gaituzte behitegian hasieratik eta behizain lanbidea irakatsi digu Joxe Manuel Zubeldia nagusiak”, adierazi dute, oso eskertuta daudela erakutsiz. Nikaraguako mendi aldean, larrean behiak ikustera ohituta zeuden, baina hango etxe jabeek zituzten bakan batzuk bakarrik. Aurrez ez zuten sekula behiekin lanik egin, baina beti erakarri izan zituzten. Ondartzabitarte behitegian, berriz, ehundaka behiren artean lan egitera ohitu dira eta, urteen poderioz, artzainek artaldeko ardi bakoitza bezala, eurek ere behi bakoitza bereizten dute dagoeneko. “Behi guztiak desberdinak dira, bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta behitegitik kanpora ere bereiziko genituzke bata bestearengandik”, diote ziurtasunez. Gogorra izanagatik, gogoko dute behizainaren lana. Alderdi pozgarri asko dituela azaldu dute, besteak beste, txekorren jaiotzak edota behien esne kopurua handitu egiten dela ikustea. Makinen laguntzaz jezten dute esnea eta behi nahiz txekorrak gaixotzen direnean, sendagaiak ematen ere ikasi dute. “Egunero gertaera ezberdinei erantzun behar izaten zaienez, ikasteko aukera ematen du gure lanak”. Lan egiteaz gain, behitegiaren gainaldean dute etxebizitza eta gustura bizi dira bertan. “Behitegiaren inguruak oso ikuspegi politak ditu. Asteasu leku ederra da bizitzeko eta ez nuke aldatuko”, azaldu du Robertok. Noizbehinka Asteasu herrira jaisten dira eta herritar asko ezagutzen dute bertan dagoeneko. Jai egunetan, ordea, Irunera joan ohi dira gehienean, han bizi dituzten herrikide eta lagunekin biltzera.
Euskaldunekiko batere kexarik ez
Nikaraguan lana aurkitzea zaila zelako, oso gazterik, 20 urte pasatxo zituztela hartu zuten euren herrialdetik abiatzeko erabakia eta, oraindik ere, Nikaraguako jende askok inmigratzen jarraitzen duela aderazi dute, bizimodu hobe baten bila. Eurak behintzat zortedunak sentitzen dira lana eta gustuko ingurua aurkitu dutelako. Behitegiko nagusia ere gustura dago haiekin, “oso langile eta pertsona onak direlako”. Nikaraguatik Euskal Herrira etorritakoan, etxebizitza, trafiko, hots nahiz jakietan aurkitu zuten alderik nagusiena. Euren jaioterrian hemen baino trafiko eta hots gutxiagorekin bizitzera ohituta baitzeuden. Gustuko dute euskara eta ikasten ari dira pixkanaka. Dezente ulertzen dute dagoeneko, baina hitz egitea, –hitzak ahoskatzea batik bat–, zaila iruditzen zaie. Jende umil eta zintzoa iruditzen zaie euskalduna. “Joan garen lekura joan garela ez dugu sekula arazorik izan, ondo hartu gaituzte beti. Ez dugu euskaldunekiko batere kexarik”, azaldu du Robertok. Valentzian ere bizitu zen Euskal Herrira etorri aurretik eta han kanpotarrekiko aurreiritzi gehiago zegoela sentitu zuen.
Nikaraguako plater goxoak gogoan
Nikaraguan bizi dituzten familiako kide nahiz lagunez asko gogoratzen dira eta tarteka joan izan dira bisitan. Gabonak euren ingurukoekin mahaiaren inguruan eta festa giroan pasa ahal izatea botatzen dute faltan gehien. Tartean, igandetan edota Gabonetan Nikaraguan dastatzeko ohitura duten ‘nacatamal’ platera jan ahal ez izatea, “arto irinarekin egindako ore egosian, arroza, patata eta txerri haragia biribiltzen dira eta platano hostoz inguratuta jaten dugu askotan”, azaldu dute. Gustura jango lukete ‘Gayopintoa’ ere, arroza eta babarrunak nahastuta prestatzen duten plater nikaraguarra. Euskal jaki eta edarien artean, berriz, txuleta eta sagardoa oso gogoko dituzte, baita mamia ere. Pozik bizi dira Asteasun eta bertan jarraitu nahi dute oraindik ere, hori bai “adin batetik aurrera Nikaraguara bizitzera itzultzea gustatuko litzaidake niri”, adierazi du Robertok.