2007 urtean Montevideotik Mallorkara joan eta han sei hilabetez bizitu ostean, Euskal Herrian lan egiteko aukera sortu zitzaion Juan Carlosi. “Euskal Herrira etortzeko ideia arrazoi kultural eta geografikoek bultzatu zuten nire kasuan, izugarri gustatzen baitzitzaidan hemengo geografia. Telebistan Euskal Herriko erreportajeak ikusi eta zeharo liluratu ninduten. Pentsa, Uruguaik ez dauka mendirik; tontorrik altuenak 513 metro ditu. Euskal Herria ezagutzeko izugarrizko gogoa neukan eta lanerako aukera sortu zitzaidanean ez nuen zalantzarik egin”. Lehenengo lan hura ezin izan zuen gauzatu, antza etorritakoan, bera baino pertsona gazteagoa nahi zutela esan ziotelako. Segurtasun zaindari gisa lana aurkitu zuen ondoren eta gerora, Bertxin jubilatuen etxeko taberna alokatzeko aukera sortu zitzaien, “eta hementxe gaude geroztik”. Oro har, gustura bizi da Andoainen, baina Uruguaikoarekin alderatuta, hemengoa oso gizarte ezberdina dela nabarmendu du, “nire lagunek, e-mail bidez, ‘zer da hobea edo okerragoa?’, galdetzen zidaten. Nik, ‘ez hobea eta ez okerragoa, ezberdina’, erantzuten nien. Ahal dugun ondoen egokitu gara, baina ez dugu gure herria ahaztu”, azaldu du.
Uruguairen berezko izaera
Euskal Herrira etorritakoan, telebistak gezurrik esaten ez zuela ziurtatu zuen, “ederra da geografikoki, mendi ikusgarriak ditu. Alde batean amildegia eta bestean izugarrizko harrizko pareten arteko errepideetan autoa gidatzeko aukera izan dut eta errespetua ematen duen arren, oso ederra da”, aitortu du. Bizitzeko moduan zer esanik ez, alde handiak sumatzen ditu bi herrien artean. “Guk izugarrizko kultua diogu adiskidetasunari, baina hemen ez da halakorik gertatzen. Guretzat lagunak anaien parekoak dira, oso bereziak. Hala ere, irakurketa hori egiterakoan, kontuan hartu behar da jubilatuen etxeko giroan barneratuta igarotzen dugula eguna, zeinetan bezerorik gazteenak 65 urte dituen eta zaharrenak 96. Beste garai eta formakuntza batekoak dira eta agian horrek ere baldintzatzen du nire ikuspegia”. Andoaingo bizimodura egokitzea asko kosta zaio eta oraindik ere kosta egiten zaiola dio, “azken zelularaino uruguaiarra naizelako. Hala ere, egoerak diren bezala onartzen ahalegintzen naiz. Uruguai osoa kontuan hartuta, hiru milioi eta erdi biztanle gara, ia osoki, etorkinak. 1974/5 urtean Uruguaien diktadura hasi zenetik, gure herritik joaten ohitu gara eta beste bizimodu batera ohitzen herrialdetik kanpora. Onartuta daukagu hori”. Uruguai Hegoameriketako estaturik txikiena da. Txikia izanagatik, ordea, nortasun handiko lurraldea da, “txikiak garela onartzen dugu; Argentina eta Brasil, bi erraldoiren artean gaudenez. Sao Paulok bakarrik, Uruguai osoak baino biztanle gehiago du. Baina guk gure berezko izaerari eusten diogu”.
Kultura eta kirola indartsu
Futbola da Uruguaiko kirolik nagusiena eta Juan Carlosen ustez, horixe da munduko mapan jarri dituena, “gainerakoan inor ez bailitzateke gurekin gogoratuko. Tradizio handiko herria gara eta mundu mailako azken txapelketa 1950 urtean irabazi bagenuen, oraindik ere, 65 urte geroago, uztailaren 16 guztietan, arratsaldeko 17:00etan, Uruguaiko irrati guztietan partidu haren grabazioa zabaltzen da uhinetan”. Kirolarekiko atxikimendua bezala, kulturarekiko lotura estuari ere eusten diote eta Hegoameriketan ohikoa ez den %99ko alfabetizazio maila dutela adierazi du. “Futbolariez gain, kulturalki margolari eta idazle handiak eman ditu Uruguaiek”. Bertako ezaugarri geografikoen artean, 800 kilometroko hondartzak eta larre naturalak %80a izatea nabarmendu ditu, “horregatik diote Uruguaiko haragia onena dela”. Herrialdean arraza nahasketa betidanikoa dela ere adierazi du, betidanik hartu dituztela etorkinak. Gerra ezberdinetatik ihesi, tartean euskaldunen kolonia ere handia da eta, hortik, Uruguai euskaldun abizen ugariren topaleku izatea. “Uruguaien euskara erakusten dute eta hori ez da leku guztietan gertatzen. Nire arreba Montevideon bizi da, Euskal Herria izena duen auzoan”, gehitu du.
Auzoa zirudien herria
Uruguaiko biztanleen erdia Montevideon bizi da. Milioi eta erdi pasatxoko hiria da eta bertan bizi zen Juan Carlos ere. Andoainera etorritakoan, auzo bat iruditu zitzaion herria, “denak ezagutzen dira bertan eta denek dakite denen historia. Agian arrazoi horrek zaildu egin zuen gu bertan erraz gizarteratzea, agian ezagutzen ez gintuztelako eta orduan batzuek asmatu egin zutelako gure historia”. Juan Carlosek lehen urteetan bazterkeria sentitu zutela aitortu du, pertsona helduen eskutik batik bat eta kontu itsusiak entzun behar izan zituztela. Gerora eta bereziki gazte jendearekin oso harreman ona egin du eta gazteriak gizartearegan eragin ona duela uste du.
Hegoamerikar askoren kasua da adeitsu eta atseginak izatea. Halaxekoa da Juan Carlos bera ere. “Gure izaeraren zati da jarrera hori, baina hemen arraro egiten zaie batzuei. Uruguaien, langile bezala, irribarre egin edo agurtzen ez duenak lana galduko luke bat-batean. Hona etorritakoan, hasieran begia jotzen zidan agurra luzatu eta aurpegi luzeekin erantzuna jasotzeak. Marketingeko irakasle batek irakatsi zidan bezala, bezeroari nahi duena eman behar zaio beti. Bezeroak irribarrea nahi duela uste dut nik, eta eman egin behar zaiola. Baina Euskal Herrian ez zaie garrantzia handirik ematen jarrera kontu horiei”.
Milaka kilometrora bizitzearen zailtasunak
Euskal Herrira etorritakoan ezagutu zuen hamaiketakoaren ohitura, “Uruguaien 13:00etan bazkaltzen dugu eta ez dugu aurreko otordutxorik. Tabernan, noski, asko ikasi dugu euskal sukaldaritzaz ere. Uruguaiko jakiak askoz ere arruntago prestatzen dira, bereziagoak dira hemengoak. Andoain herri izaera lortu zuela 400. urteurrena ospatzen ari da eta Uruguaiek 250 urte ditu. Urteen aldeari begiratuta, nahitaez, sukaldaritzaren tradizioak ere askoz ere txertatuago daude hemen”, azaldu du.
Tabernako hitzarmena 2017 urtean amaituko zaie eta Uruguaiera itzultzeko asmoa du orduan. “Adin honetan lana aurkitzea zaila izango dut eta lanik egin gabe bizi ezin daitekeenez, itzuli egin beharko dut. Gustu handiz itzuliko naiz gainera, han baititut semeak”, adierazi du. Norberaren herrialdetik milaka kilometrora bizitzea zaila dela dio, baina zailtasun guztien gainetik, positiboki baloratzen du Andoaingo esperientzia, “asko ikasi dugu hemen eta lagunak ere egin ditugu”. Poz handia eman dio Aiurri aldizkariak elkarrizketa honetan parte hartzeko aukera emateak, “euskal gizartetik hain kanpora ez nagoen seinale baita hori niretzat”.
Euskara ikastea helburu
Euskal kulturak, berriz, onerako harritu du Juan Carlos. “Euskal Herrian tradizioak gorde eta ohoratu egiten dira eta oso beharrezkoa da hori gizartea eraiki eta ez galtzeko. Izugarri gustatzen zait hori”. Euskara ikasten saiatu da eta horretan ari da oraindik ere, Euskal Herrira etorrita errespetoagatik bada ere, bertako hizkuntza ikasi egin behar duela iruditzen zaiolako. “Tabernako barran hitz egiteko adina moldatzen naiz, baina elkarrizketa sakonago batean galdu egiten naiz oraindik. Euskara ikastea zaila da eta are zailagoa adin batetik aurrera, baina saiatzen jarraituko dut”, azaldu du. Banaiz Bagara ekimeneko taldekideekin biltzen da euskara ikasteko eta, herrialde ezberdinetako kideak elkartuz, oso lagun talde interesgarria osatu dutela dio. Egun herri txikietan ere nazionalitate ezberdinetako herritarrak bizitzea onuragarria da elkarrizketatuarentzat, “bakoitzak beretik erakusteko asko du eta aberasgarria da elkarbizitza hori. Gure herriko olerkari batek mugarik exixtitu beharko ez lukeela zioen. Ados nago harekin, baina dirua boteretsuegia da”.