Zizurkil Goiko Zentroaren 50. urteurrena ospatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 20a, 08:47

Zizurkilgo Teodoro Hernandorena kultur elkarteak, jai batzordearen lankidetzaz, argazki-erakusketa antolatu zuen azaroaren 13tik 15era bitartean Iriarte kultur etxean.

Zizurkil Goiko Zentroa duela 50 urte jarri zen martxan, 1965eko udazkenean. Inaugurazio egunaren data zehazki ez badakite ere, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran izan zen. Horregatik, aurreko asteburuan ospatu zuten urteurren hori, herritarrei garai hartako argazki zaharrak erakutsiz. “Argazki zaharrak biltzea eta ateratzea gustatzen zait. Bilduma hori edukita eta 50. urteurrena izanda, ezin genuen horiek erakutsi gabe geratu”, adierazi du Joxin Azkuek.
120 argazki inguru egon ziren ikusgai erakusketan, guztiak Zentroan edo bere atarian ateratakoak. Horietan guztietan herritarrak agertzen zirenez, zizurkildarrak pozarren gerturatu ziren. Joxin Azkue pozik geratu da erakusketak izan duen emaitzarekin, eta azaldu duenez, herritarrentzako “izugarrizko sorpresa” izan da: “Bazekiten argazki erakusketa zegoela, baina ez zuten horren argazki garbi, handi eta politak topatzea espero”. Lehenengo gerturatutako herritarrak, harrituta, lagun gehiago ekarraraziz jende gehiagorekin itzuli zirela adierazi du. Horiek ere ahoz aho sorpresa zabalduz joan ziren eta, azkenean, jende ugari ibili zen asteburu osoan; batez ere, San Millan eguneko bazkariaren aurretik eta ondoren. Gainera, bertaratu zirenek aukera izan zuten argazkiak edo kopiak etxera eramateko. Kopia piloa eskatu omen zuten, eta gazteek, formatu digitalak ere eskatu zizkietela azaldu du. “Erakusketaren alderdi politena horixe izan da; herritarrak edo familiarrak argazkietan ezagutzea eta horiek etxera eramatea”, nabarmendu du Joxin Azkuek.

Zentroaren lehen urratsak
XX. mendeko lehen hamarkada inguruan, Zentroa egungo goiko pisua dena soilik zen, beheko aterpean frontoi txiki bat baitzegoen. Goiko zatia historikoki mutilen eskola bezala erabiltzen zen. Izan ere, batetik, mutilak Zentroan egoten ziren, eta neskak, bestetik, udaletxearen goiko solairuan. Gerra ondoren, ordea, eskola berria egin zen eta bi gune horiek itxi egin ziren. Horrenbestez, Zentroa libre geratu zen, “erabilerarik gabe eta nahiko abandonatuta”.
Udaletxearen eraikina zen garai hartan, baina 1943 inguruan, parrokoaren eskaerari men eginez, elizari eman zion. “Elizak bere ondare gisa hartu zuen urte haietan, eta Zentroa erabili gabe egon zen”, azaldu du Jokin Azkuek. Alabaina, 60ko hamarkada aldera, herrian mugimendu handia zegoen: “Frankismoaren azken urteak ziren, gazteak odolbero zeuden, lanerako eta iraultzarako gogoz… Mugitu egin nahi zuten euskararen eta Euskal Herriaren alde. Borrokarako gogoa zegoen herri guztietan, baita Zizurkilen ere”.
Hala, Zizurkilen gazte talde bat elkartu zen, eta on Jesus izeneko apaiz moderno eta aurrerakoiarekin batera, Zentroaren berreskurapenaren alde lan egin zuten. Joxinek azaldu duenez, on Jesus apaizak on Inazioren aurka egin zuen: “Azken hau apaiz tradizionala zen; on Jesus ordea gaztea, berria, eta herriko mugimenduarekin bat zetorrena”, gogoratu du. Gaizki eman horretan, gazteak ere bi bandotan banatu ziren; batzuk Inazioren alde eginez eta besteak Jesusen alde.
Azkenean, mugituz eta borrokatuz, Zentroa berenganatzea lortu zuten eta elizak baimena eman zien Zentroa erabiltzeko. 60ko hamarkada hasieran jazo zen hura, eta 1963. urtean hasi zituzten obrak. Bonoen bidez eta auzolanean, goiko pisua eraberritu zuten. “Gazteak elkartzeko gune bat zen; bilerak eta asanbleak egiteko. Taberna txiki bat ere jarri zuten, bertatik dirua lortzeko”, adierazi du.
Obra egiten ari zirela, goikoa ez ezik beheko solairua ere egin beharko luketela erabaki zuten, eta arkitektoaren oniritzirik gabe, beheko zatia ere Zentroaren parte izatea lortu zuten. Horren aurrean, eraikuntza lanek etenaldi bat izan zuten arren, aurrera eramatea lortu eta 1965eko udararako gehiena eginda zegoen. Joxinek azaldu duenez, abuztuan guztiz amaitu gabe eta egoera ezegonkorrean ireki zuten, leihoak oraindik jarri gabe: “Modu horretan ireki zuten festetan taberna bezala funtzionatzeko aukera ematen zietelako”. Urriaren amaieran edota azaroko lehen egunetan, ordea, inaugurazio ofiziala egin zuten.

Borrokarako bilgunea kolokan
Hasiera batean borrokarako gazteen bilgune izateko sortu zen Zentroa, baina gerora, herrian betetzen zuen funtzioa aldatuz joan zen: “Proiektu guztiak bezalaxe, bere momentu gorenak eta apalak izan ditu Zentroak”. Joxinen esanetan, lehenengo urtetan, izugarrizko mugimendua zuen; baina gerora, gizartea aldatzen zihoan heinean, Zentroaren eginkizuna ere aldatzen joan da.
Zentroa sortu eta urte batzuetara, kultur etxeak eta kultur dinamizatzaileen figurak sortu ziren. Ondorioz, herriko mugimendu hori gutxinaka apaltzen joan zen, “nahiko gaizki” geratzeraino. “Gogoan dut Zizurkilen Sortzaile izeneko kultur elkarte indartsua genuela. Udaletxeak kultur teknikaria jarri zuen, eta noski, ekintzak berak antolatzen zituen. Liberatu horiek jarraitu duten tokietan, ondo joan da kultur mugimendua, baina jarraitu ez dutenetan, hankazgora jarri da. Aldaketa onerako eta txarrerako izan zen”, argudiatu du.
Dena den, arrazoi asko medio, Zentroa gainbeheran joan zen eta bere funtzioa desagertu egin zen. Gazte batzuk, berriro ere herria mugitu nahian, bilduleku edo gaztetxe modura erabiltzen hasi ziren. Horrez gain, suspertze ahalegin bat egon zen taberna berrituz: “Horrek duela urte gutxi batzuk arte iraun du, baina oso zaila da bizirik mantentzea, benetako beharrik ez dagoelako”. Gainera, behin baino gehiagotan Zentroa eraistekotan egon direla gaineratu du: “Urbanistikoki arauz kanpo dago, baina bestalde, elizari eusten diola esaten dute. Ez da erraza horrekin asmatzea”.

Gazte lokal gisa
Azken urteetan, gaztetxoen gune izateko funtzioa eman nahi izan dietela jakinarazi du Joxinek. Goiko solairua bereziki, gazte lokal bezala erabiltzen da: “Orain hortxe dago, baina ez dakit zenbateraino erabiltzen den. Pentsa, Zentroaren urteurrena ere ez baitugu bertan antolatu”. Adibide hori jarrita, argi erakutsi du kultur etxeak indar handiagoa hartu duela eta Zentroak bere garaian indarra izan bazuen ere, orain ez dela horrela: “Bere eginbeharrak bete zituen; ilusioak eraiki zituen eta garaiko beharrak asetu zituen. Gaur egun beharrak beste batzuk dira, eta horiei erantzuten ez du asmatu”. Behar berriei ez dietela behar bezala erantzuten uste du; hori dela eta, Zentroari etorkizun zaila ikusten dio, zalantza duelako etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango den ala ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!