“Musika irakasteko betiko estiloa irauli beharra dago”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 19a, 14:14

Eneritz Jauregi Agirresarobe Arrasate eta Lazkaoko Udal musika eskoletako irakasle eta Getariako Udal banda bateko zuzendari izanik, kritiko agertzen da musika pedagogia klasikoarekin.

Zer irakasten duzu Arrasate eta Lazkaoko musika eskoletan?
Flauta irakasten dut, eta informatika musikala eta inprobisazioa ikasgaiak lantzen ditut. Gure gizarte moderno honetan teknologia berrietan etengabe trebatu beharrari erantzuten diote bi azken ikasgai horiek. Agian ikasle gaztetxoenak ez dira jabetzen zein erabilgarria zaien, baina behin 14-15 urtetik aurrerakoentzat, egundoko pagotxa dira ikasketa horiek. Autogestioa, autoprodukzioa eta antzeko jardunak burutzeko, primeran datozkie. Nik dakidana eta beraiek dakitena eta han hemen saltseatzen dutena, dena partekatzen dugu. Ederki gozatzen dugu, bai ikasleek baita neuk ere.

Zein irakaskuntza mota duzu gogoko, eta zein ez?
Ez naiz eskola zaharrekoa, partiturak ikasleei eman eta jo dezaten eskatzekoa. Horrek ahalegin handirik ez dio eskatzen irakasleari, eta erosotasunean jausten da. Indarra dauka estilo horrek egun ere, baita irakasle gazte askorengan. Neronek ere ikasi izan dut sistema horrekin, baina kito esan nuen halako batean. Izan ere, teknikoki oso ondo prestatuta ikusten nuen nire burua, baina ez nekien zer ari nintzen jotzen!
Historian oso-oso atzera jotzeko beharra daukagu, musika nola irakasten zen ikusteko eta barneratua daukagun ikuspuntu zaharkitua iraultzeko. Garai haietan ikasleei aukerak ematen zitzaizkien sormena landu zezaten, bat-batekotasuna eta konposizioa landu zezaten.

Bilaketa prozesu pertsonal batean murgildu zinela esan al daiteke?
Bai, betiko eskemak hausteko gogoz nenbilen, eta Madrilen, master antzeko batean murgilduta nabil azken urteetan. Hara joan eta segituan egin zizkiguten galderek, zirrara eragin zidaten: ezagutzen al duzue idazleren bat hitzik ez daukana, edo eskultoreren bat obrarik ez duena? Ez, noski; eta musikariren bat musikarik gabe? Denak edo ia denak! Azkenean, musikari asko mugatzen gara besteen obrak interpretatzera. Hainbeste urtetako dedikazio pertsonala eskatzen duten ikasketak burutu ostean, interpretari hutsa izatera konformatzea, hori oso tristea iruditzen zait.

Bat-batekotasunari eta sormenari garrantzia ematen diezu…
Bai, noski. Konparazio batera, Bachen pieza klasiko batekin hasi eta bide berriak urratzea, eta une horretan burura datorkizuna inprobisatzen hastea, horrek badauka aparteko majia. Zure-zurea den zerbait sortu duzu, berriro errepikatuko ez diren uneak.   
Ez da batere erraza mentalitate hori gaztetxoei transmititzea eskolan, emaitzak berehalakoan nahi izaten baitituzte, holako eta halako piezak interpretatzen ikastea, alegia. Mantxoagoa zaie beste era alternatibo hori, baina baita aberasgarriagoa ere luzera begira! Unero ari baitira ulertzen zertan dabiltzan, zer egiten ari diren instrumentuarekin.

Musika ikasketak izugarri zabaldu dira gazteengan azken urteetan…
Pozgarria da hori, batik bat gaztetxoei balore baikorrak transmititzen zaizkielako. Gaur egungo gizartean falta diren baloreak, hala nola, aldamenekoa entzutea eta errespetatzea, besteek zeurea entzutea nahi baduzu. Gazte horiek ez dira ohartzen momentuan zer ari diren jasotzen, baina ziur izan primeran etorriko zaiela bizitzan zehar.
Horietako askok, 13-14 urteren bueltako adin kritikoan direnean, musika uztea erabakitzen dute eta penagarria da hori, eskolaz kanpoko ekintzekin lepo jarri izanaren ondorioz. Aukera egin behar eta, ahalegin pertsonal handiena exijitzen diena baztertzen dute, sozialki baloratuagoak dauden bestelako ekintzen mesedetan. Hain justu ere, musikaz gozatzen hasteko unea iritsi zaienean, utzi! Gurasoen papera azpimarratu nahiko nuke. Diziplina latza eskatzen du musikak, eta jai dauka gaxtetxo batek gurasoak gainean ez badauzka. Bere kabuz, nekez hartuko baitu instrumentua.

Santa Zezilia musikarien zaindaria, azaroaren 22an. Nola duzu ospatzekoa aurten?
Modu askotara, hara eta hona aste osoko agenda aldrebesarekin. Asteartean eta ostegunean Aretxabaleta eta Lazkaon ikasleekin kalejira daukagu euskal kantagintzako betiko kantuekin. Ostiralean, bi entsegu dauzkat, bata Getariako musika bandarekin eta bestea Arrasateko orkestrarekin. Larunbatean eta igandean, Arrasateko orkestrarekin zarzuela emanaldi bana dauzkat. Igande horretan, Andoaingo disko bikoitzaren aurkezpena dela eta, Gora Kaletxiki txarangarekin parte hartzeko ere esan didate. Nahi nuke, baina ez dakit kunplitu ahal izango dudan azken horrekin, Arrasatekoa kontuan hartuta.  
Eta jakina, egun horietan berdin-berdin eman behar dira klaseak eskoletan, nahiz eta Santza Zezilia musikarien zaindaria izan.

Getariko Udal musika bandako zuzendari...  
Ez da normala flauta-jotzaile bat zuzendari izatea, baina halaxe gertatu da. Orain ohartzen ari naiz banda bateko musikari izatea nahiko gauza erosoa izan litekeela, zuzendaritzaren aldean. Denbora eta dedikazioa ederki kentzen dizun ardura da! Batetik, piezak modaltu, instrumentu bakoitzari egokitzea eta hori guztia dago, baina bestetik, giza taldea nola kudeatu, horrek ere bere lanak ematen ditu. Psikologiarekin jokatu behar da, kontuan hartuz musikari bakoitzaren egoera pertsonala; ezin zaie exijitu musikari profesional bati bezainbat.
Ikaragarri bizi dut musika, gozatu egiten dut, eta bizipen horiek aurrean ditudanei transmititzeko dohaina badaukadala iruditzen zait. Konfiantza ematen diet guztiei, eta azkenean, dena ondo irten izan zaigu.

“Andoainen egina eta entzuna” diska bikoitzean parte hartu duzu…
Oso bizipen aberrasgarria izan zen grabaketa prozesua. Tentsio handikoa ere bai, Gipuzkoako musikari onenen artean egoteak dakarrena. Akatsak berehala igartzen baitira halakoetan! Andoaingo herriarentzat oso ondare polita izango dela uste dut. Diska horrek beste birtuteetan artean, agerian jarriko digu zenbateko ondare musikala daukan Andoainek. Gipuzkoan, herri gutxik berdintzen gaitu.

Familia musika zalea duzu zeharo. Hiru kidek Gora Kale Txiki txarangan jo izan duzue elkarrekin...
Familian atzera joanda ez daukagu tradizio handirik, baina lauok bizi dugu sakonki musika. Amak instrumenturik jotzen ez duen arren, ahizpak eta biok etxe giroan berari esker entzun izan dugu betitik musika klasikoa. Bere laguntza tematiari zor diot iritsi naizen tokira iritsi izana. Ahizpa biolinarekin ibili zen, baina nik uste suerte txarra izan zuela lehen aipatu dudan estilo zaharkituriko irakaslea topatu zuelako, eta utzi egin zuen. Aitak, badu meritua! Ez dauka musika ikasketarik, baina halako batean buruan sartu zitzaion tuba jo behar zuela; laguntza eskatu zidan eta lortu arte ez zuen etsi.

Zer dauka zeharkako flautak, beste instrumentuek ez daukatena?
Ez da oso ikusgarria, moda kontuetatik kanpo egoten da, baina hasieratik egin zitzaidan erakargarri. Amaren musika klasikoko kasettak aditu aldiko, biolina lagun zuela flautak ateratzen zuen soinua egiten zitzaidan gogoko. Gaztetan, instrumentu guztiak probatu nituen eta flautarekin sentitu nintzen erosoen. Agian, irakaslea gertukoa izateak ere lagundu zidan erabakian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!