Agin Laburu, Alaia Martin, Ander Lizarralde, Beñat Iguaran, Jon Martin eta Unai Gaztelumendi dira lehenengo finalaurrekoan kantatuko duten bertsolariak. Saroi Jauregik aurkeztuko du Aritzbatalde kiroldegian 17:30an hasiko den saioa. Zarauzko finalaurrekoan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera.
Finalaurreketako fasean honako lana egin beharko dute bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
- Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Saio honetako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 6 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 10ean eta gainerakoena 13 euroan. Saioko egunean sarrerak aretoko leihatilan jarriko dira salgai,16:00etatik aurrera.
Zarauzko saioaren ondoren, hurrengo bi igandeetan joikatuko dira beste bi finalaurrekoak, azaroaren 29an Tolosan eta abenduaren 6an, Eibarren. Fase horretatik aterako da abenduaren 19ko finalean kantatuko duen zortzikoa.