Herri baten soinu banda, bi diskotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 19a, 12:24

Ikusmin handia piztu du “Andoainen egina eta entzuna” disko bikoitzak, igande honetan Basteron zuzenean aurkeztuko dutena. Herriko musikari eta eragile ugari igoko da taula gainera. Grabaketa lanak zuzendu dituen Joxe Mari Oiartzabalekin eta kultura zinegotzi den Esti Mujikarekin hitz egin du Aiurrik, igandeko aurkezpenaren atarian.

Luze jo du diskoaren ekoizpenak. Detaile ugari lotu behar izan dira bidean, baina prozesuaren azken txanpan zarete. Nola zaudete une honetan?
Esti Mujika:
Ez dut ukatuko urduritasun puntu bat sentitzen ez dudanik. Andoaingo makina bat musikarien inplikazioa eskatzen duen egun handi bat bizituko dugu, eta zinegotzi naizen aldetik Basterotik denak pozik irtetea besterik ezin dut desiratu. Ikusleek lan hau bultzatu duten herritar taldearen eta udalaren ahalegina baloratzea nahiko nuke.
Bestalde, eta musikari bezala, ezin dut ahaztu Santa Zezilia eguna. Modu batera edo bestera ospatu izan dugu, eta aurtengoak badauka bere aparteko xarma. Izan ere, musikariek herri baten musika eta kultur ondarea erakutsiko baitute.  

Joxe Mari Oiartzabal:  Esti ez bezala, ni lasai nagoela esan dezaket. Egin ditugun entseguetan, esaterako, Mikel Emezabal buru den Musika Banda bikain prestatu dela konturatu naiz. Igandeko ekitaldiarekin instrumentu jotzaile guztiak buru belarri inplikatuta daudela ikusten da, eta  horrek niri behintzat egunduko lasaitasuna ematen dit. Ez baita ahaztu behar Bandak bere gain hartuko duela ekitaldiaren pisurik handiena, nahiz eta hiru abesbatzek, txistulariek eta danbor jotzaileek ere nork bere ardurak eduki.

Egun berezi baten aurrean, herri kohesioa lortzen den horietakoa dela esan daiteke?
E.M.:
Zenbait une polit eta hunkigarri bizi izan ditugu urtean zehar, 400. urteurrenaren kontura. Herri identitatea indartzen dituzten horietakoak barne. Igandekoak ere baditu berezitasun ugari apartekoa izango dela ziurtatzeko. Musikaren alaitasuna goizean goizetik zabalduko da Andoaingo kaleetan, Gora Kale Txiki txarangaren, Olagain txistulari taldearen eta danbor jotzaileen eskutik. Andoaingo musika ondarearen parte bat jasotzen duten bi disko aurkeztea ez da egunero gertatzen, eta gutxiago herri baten bizitasun musikala irudikatzen duten hainbat musikarik eta abeslarik zuzenean aurkeztea. Bestalde, ez nuke ahaztu nahi diskoetako abestien konposatzaileak edo beren senideak kontzertuan izango direla; publikoki esker ona adierazteko aukera edukiko dugu. Denak edo ia denak andoaindarrak ditugu. Gonbidapena egin zaie, eta asko Basterora hurbilduko dira.
J.M.O.: Andoaingo herriarentzat eta musikarentzat historikoa izango den eguna biziko dute. Jaialdi gogoangarria izango da. Kontzertuan biziko diren sentsazioak eta emozioak, Andoaingo herriarekin identifikatzen den edonork gordeko ditu betirako bere oroimenean. Etxera eramango duen diska bikoitzak, gainera, oroimen hori bizirik mantentzen lagunduko dio.

Musikariak zarete biak ere. Diskoak nola definituko zenituzkete?
J.M.O:
Kultur produktu gisa primerakoa da. Biak ala biak erabilgarriak, biziak dira. Andoaingo herritarrek bi diskoak maiz entzun eta erabiliko dituzte jaietan, ospakizunetan... Diskoagatik hori esatea, ez da gutxi!
E.M.: Batik bat andoaindarren interesa bilatzen duen produktua da. Andoaindarrok musikaren munduan zer eduki dugun, zer daukagun, eta zer edukiko dugun islatzen digu. Erabilgarria da oso, Joxe Marik esan duen bezala, eta Udalak ahalegin berezia egingo du zabalkundearekin asmatzeko. Ikastetxeetan eta herriko elkarte ezberdinetan sustatuko da etorkizunean.
Diskeei erantsita datorren liburuxka ere azpimarratu beharko genuke, kalitate handiko argitalpena baita. Maiz esan ohi da Andoainek beti izan duela lotura berezia musikarekin, baina benetan historian atzera arakatzen hasten zaren arte ez zara ohartzen zenbat musikari, zenbat konposatzaile eta zenbat doinu dauzkan herri honek. Liburuxka, errealitate hori gogorazteko eta balorean jartzeko baliagarri izan daiteke.

Zer daukazue esateko Euskalduna futbol taldeak egin duen kexaren gainean, bere ereserkia diskoetan sartu ez dela eta?
E.M.:
Konstziente ginen diskoaren formatoak mugak zituela abesti kopuruei zegokionez eta aukeraketa egiterakoan batzuk ezingo zirela sartu, zoritxarrez. Gauzak horrela, generalitatearen printzipioa lehenetsi da eta ez partikularitatearena. Norbait edo zerbait ordezkatuko duten abestiak aukeratzeko irizpideak markatu dira (egileak, lekuak...). Euskaldunaren ereserkiari dagokionez, Jose Saez Pepe Andoain da bere egilea eta honen beste abesti bat (Goiburu) ikusi zen egokiagoa, diskoaren osotasuna kontuan hartuta. Bigarrengo diskoak, berriz, herriko elkarte gastronomikoen ereserkiak –danborradei lotuak eta herriko jai ezberdinetan jotzen direnak gehienak– biltzea jarri zuen helburu hasieratik, eta azken emaitzak horri erantzuten dio.
Nolanahi ere, esan beharra dago diskoaren ideia abian jarri zenean, abestien oso zerrenda luzea osatu zela. Andoainek kantutegi aberatsa daukan seinale denez, etorkizunean abestien bilduma berri bat egiteari ez genioke aterik itxi behar.


Disko bikoitza
• Salgai: 12 euro egunean bertan.
• Salgai: 15 euro ondoren.

Emanaldia
11:30 Kalejira bikoitza: Kaletxikitik Olagain txistularien elkartearen eta zazpi elkarteeko danbor jotzaileak; Zumea plazatik Gora Kale Txiki eta zazpi elkarteetako danbor jotzaileak.

12:30 Kontzertua Basteron.

• Partehartzaileak: Musika banda,  helduen eta gazteen abesbatzak, Alberto Agirre abesbatza, Olagain Txistularien elkartea, elkarteetako danbor joleak, Miryan Ulanga piano jolea eta Urki. Lau zuzendari: Katrin Iturralde, Mikel Emezabal, Jose Antonio Pascual, eta Joxe Mari Oiartzabal.

• Ekitaldian konposatzaileak gogoan hartuko dira: Eulogio Saldias, Luis Fraca, Juan Batista Barandiaran, Joxe Mari Huizi, Jose Sanez Pepe Andoain, Juan Luis Atxega, Pedro Aizpurua, Alberto Agirre, Iñigo Iribarren, Miren Mujika, Juan Luis Atxega, Junkal Gerrero, J.M. Gonzalez eta Joxe Mari Oiartzabal. Hitzen egileak: Pello Esnal, Joxe Mari Iriarte eta Aitor Mendiluze.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!