Astelehen goizean Urnietako PSE-EEko bozeramaile Consuelo Frutosek eta Urnietako sozialisten idazkari orokor Herme Gonzalezek euren egoitzan agerraldia egin zuten, EAJ-PNVren agintaldiari kritika zorrotza egiteko.
Consuelo Frutosek hartu zuen hitza lehenik, “lehen ehun egunak igaro zirenean ohartarazi genuen, alegia, gobernua soilik eta bakarrik kudeaketa administratiboari begira lanean ari zela. Ez dute egitasmo argia Urnietarako gure udalerriarekiko ideiarik, ilusiorik eta gogorik gabe daude. Egoera honetan sozialistak agintaldi plana aurkezten lehenak izan gara. Urriaren 15ean 60 proposamen aurkeztu genituen, alor guztietakoak: eskilara mekanikoak, etxebizitza sozialak, estalitako aisialdi gunea, skate park gunea, hobekuntzak kiroldegian... eta hori guztiaz gain herritarren parte hartzeari buruzko gida bat aurkeztu dugu. Gaur, azaroak 16, Antolakuntza batzordeko batzarra izan dugu eta Legegintzaldi planaren aurkako botoa eman dugu, izan ere gaur gaurkoz ofizialki ez dute gure proposamen bat bera ere kontutan hartu”.
Aste honetan zehar Antolakuntza, Lurraldea eta Herritargoa Udalaren hiru batzorde nagusien bilerak burutu dira. Datorren asteartean, azaroak 24, Udal batzarraldian Legegintzaldi plana aztergai izango da. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da.
PSE-EE alderdiko buruzagi bezala, Herme Gonzalezek bigarren adierazpena irakurri zuen hedabideen aurrean. Haserre agertu zen alkatearekin, ustez hedabideetan egindako adierazpen batzuren harira: “Ez dugu onartuko gure kudeaketari buruz inor gezurretan aritzea. Izan ere, Mikel Pagola alkateak prentsa bidez adierazi du oposiziokoen ekarpenen zain dagoela. Bada, guk gureak orain hilabete aurkeztu genituen udaletxean”.
Legegintzali plan berriarekiko zalantzak agertu zituen, “aurreko agintaldian euren programaren %40 besterik ez baitzuten bete”.
Kezkaz bizi du gaur egungo kudeaketa, “kezka handiz bizi dugu egoera, orain arteko kudeaketa kaskarra izan da. Hutsaren hurrena. Guk sozialistok oposiziotik gure programa aurrera eraman nahi dugu, Urnietarako etorkizuneko egitasmoa eskuartean dugulako”.
EH BILDUREN AGERRALDIA
Astearte goizean EH Bilduko Itziar Artola eta Mikel Izagirrek agerraldia egin zuten udaletxean, Legegintzaldi plana eta beste zenbait gaiei buruzko iritzia agertzeko: “Legegintzaldi planari dagokionez, orain gutxi EAJren asmoak biltzen dituen plana aurkeztu digu Udal gobernuak, eztabaidarako tartea ireki duelarik. EH Bildutik adierazi nahi dugu ez garela eztabaida honetan sartu, informazioaren zati bat besterik ez digutelako aurkeztu. Ezer eztabaidatzen hasi baino lehen informazio edukitzea exijitzen dugu, hain zuzen plan hori burutzeko gestio plana eta garatzeko aurrekontuen xehetasunak ere. Gure jarrera irmoa da, informaziorik gabe ez dago ezer eztabaidatzerik”.
Ekarpenak egin dituela adierazi du, bestalde, parte hartze prozesuari dagokionez: “Udalak prozesua aurrera eramateko gida modukoa prestatu du eta geuk gida horren lanketan parte hartu dugu, ekarpen asko eginez: gehienak onartu eta gidan txertatu dituzte; beste batzuk, aldiz, airean gelditu dira. EH Bildutik herritar guztiei dei egin nahi diegu prozesu honetan parte hartzera; etorkizuneko Urnietaren eraikuntzaren partaide izatera. Martxan jarriko den prozesu hau horretarako abiapuntua izan daiteke, etorkizunean parte hartzea udalgintzako alor guztietara zabaltzeko”.
Legegintzaldi planaren balorazioa egin aurretik, EH Bilduk jeltzaleen gabeziei kritika egin zien, bereziki, hondakinen bilketari eta ikastolako eraikin berriari dagokionez. “Hondakinei dagokionez, 2012an udal talde politiko guztiek aho batez onarturiko %65eko birziklapen tasa lortzeko helburua ez da betetzen gaur egun, %44ra ozta-ozta iristen garelarik. EAJk adierazi izan du, 2012an adosturiko helburua lortzen ez bazen, neurriak hartuko zituela eta dirudienez ez dauka betetzeko borondate gehiegirik, ez baitu herrian gehiago birziklatzeko inolako neurririk hartzen. Beharbada ez zaiolako interesatzen eta nahiago duelako zabor piloa sortzea, errauskailuaren makro-proiektuari jaten emateko”.
Babiloniako plan partziala edota bestela esanda ikastola berriaren plana martxan jartzeari buruz, “2015erako udal aurrekontuetan 35.000 euro zehaztu ziren EH Bildutik salatu nahi dugu EAJk esku pribatuetan utzi duela plan horren garapena”.