Nola aurkitu zinen Urretxuko final laurdenetako saioan?
Ondo. Egia esan, ondo prestatuta joan nintzen txapelketara. Udaberritik hasi ginen biltzen eta doinu berri bat ere eraman nuen kartzelarako. Urteekin, ez da txapelketak berekin dakarren tentsioa desagertzen, baina tentsio horren baitan, normal sentitu nintzen. Ez nintzen bertso denetan fin ibili, baina, oro har, gustura geratu nintzen bostetik hiru ariketetan behintzat. Baina ni konforme geratuagatik, besteek hobeto egin bazuten, ez dago zer esanik.
Eskuratutako 473,5 puntuak ez ziren finalerdietara sailkatzeko nahikoak izan…
Nik puntuazioa entzun nuenean ez zitzaidan txarra iruditu hasieran, baina ondorengo saioak goragotik joan dira. Txapelketan ez da norberak egiten duena bakarrik, besteena ere kontuan hartu behar da eta kasu honetan, ez da nahikoa izan. Bada, naturaltasunez hartu eta aurrera. Txapelketa lehia bat da eta, finaletan egoten ohitu garenez, bide hori borobildu egin nahi nuen, baina ez da posible izan.
Belaunaldi berriak indartsu datozela esango al zenuke?
Belaunaldi berriak indartsu etortzen dira beti. Oraingoan, berri-berriak baino dagoeneko zaildutako belaunaldia nabarmendu dela esango nuke. 18 urteren bueltakorik ez da pasa finalerdietara. Bai, ordea, aurten bigarren, hirugarren edo txapelketa gehiagotan parte hartu dutenak. Borroka asko eginiko bertsolari kurtituak. Eskualdera etorrita, iguarandarrek, esaterako, bigarren txapelketa dute, eskarmentukoak dira. Txapelketa zer den behintzat probatu dute eta esperientzia hori garrantzitsua izaten da, denborak nahiz txapelketan egoten jakitea kudeatu ahal izateko.
Tentsioa neurtzen jakin behar den arren, berritasunak ere ematen du indarra. Behin zure bidea erakutsia daukazunean zailagoa izaten da aurrera egitea, maila ere zu zarenaren gainean eskatzen baitzaizu. Berria zarenean, ordea, dena berria da eta egiten duzuna estimatu egiten da. Sorozabalek txapelketa datorrenarentzat dela polita esaten zuen. Gu ere izan ginen berriak, orain dela 20 urte, eta orain berri direnek ere ezagutuko dute ondorengoen haize berria. Bizitzaren legea da hori.
Gipuzkoako nahiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ugaritako finaletan parte hartzeaz gain, herriz herri, plaza asko egindako bertsolaria zara zu…
Bietan aritu gara bai, eta zazpi finaletan kantatzea egokitu zait, Euskal Herriko bitan eta Gipuzkoako bostetan. Egungo bertsolaritzan, txapelketan pixka bat egin beharra dago plazan ere ibiltzeko, zirkuitu jakin batean ibiltzeko behintzat. Gipuzkoako Txapelketan 1995ean hartu nuen parte lehenengoz eta txapeldunorde gelditu nintzen. Geroztik, urte askoan 100 plazatik gora eginez ibili naiz, ia Euskal Herri osoan barrena. Era berean, egia da plazak ere bere izate propioa baduela, eta bertsolariak plazan egindako lana baloratzen eta gogoratzen du bertsozaleak. Zoazen lekuan zure maila eman eta zure lana erakustea lortzen baduzu, hori ere estimatu egiten da. Dena ez da ez txapelketako egun batera jokatzen. Alde horretatik, pozik nago plazaz plaza izan dudan aukera zabalagatik. Eta, oraindik ere, beste erritmo batean izan arren, oso gustura nabil bertsotan.
Zein asmo duzu aurrera begira?
Egia esatera, azken urte lasaiagootan bertsotan inoiz baino gusturago eta inoiz baino gehiago gozatzen ari naiz. Eta aurrera begira grina horri eutsi nahiko nioke. Berrogeita hiru urteko bertsolaria txapelketarako dagoeneko zaharra da azken 30 urteotako bertsolaritzan. Kantatzeko, berriz, adinak eta mundu pixkat bat izateak ematen duen begirada da bertsoaren sinesgarritasunaren oinarri nagusietako bat... Ikusiko dugu geroak zer ematen duen. Ez dut aterik ixten, baina zaila izango da berriz ere txapelketen etapa horretara itzultzea. Plazako saioez gain, bertsolaritzaren inguruan landu daitekeen eremu asko ere badago, plazan nahiz txapelketetan murgilduta ibilita, askorik landu ez ditudanak: bertso jarriak, beste diziplinekin loturak... Egin izan ditut eta oraindik ere tentatzen naute.
Zein irakurketa egingo zenuke aurtengo Gipuzkoako Txapelketaren inguruan?
Oraindik txapelketaren zatirik esanguratsuena falta da (finalaurrekoak eta finala) eta goizegi da balorazioak egiteko. Orain artekotik, ezkutuxeago egon den belaunaldia nabarmendu dela esan liteke. Orain artean sekula finalean aritu ez diren bertsolariak, finaletan aritu direnen gainetik geratu dira euren saioetan. Bestalde, oro har, gai aldetik ondo joan dira saioak eta ikusleen aldetik ere oso harrera ona izan dute.
Zer diozu eskualdeko bertsolarien parte hartzeaz?
Eskualdeko bertsolari gazteek txapelketan aurrera egitea oso positiboa da, eurak baitira irakasle dabiltzanak eta gazteentzat erreferentzia direnak. Gazteak zaletzeko garrantzitsua da ispilu hori ere hor egotea. Alde horretatik, arnas berria da eta segi dezatela. Ea finalaurrekoetan lan txukuna egin eta bat edo beste finalean sartzen den.
Eskualdeko koadrilak oso ondo egiten du bertsotan eta denbora gutxian salto handia eman dute. Eskualdeko bertsolaritza bultzatzeko, elkarren artean bildu eta taldea osatzeko abilidadea izan dute eta hori txalotzekoa da. Bailarako bertsolaritzarentzako, berriz, luxua; talde hori martxan eta fundamentu horrekin edukitzea.
Pena, Unai Mendizabal zizurkildarra, Mikel Artolarekin berdinduta, kanpoan geratu izana, Euskal Herriko Txapelketan kantatzeko aukera ere jokoan baitzegoen. Oraindik gaztea da eta izango du aukera, baino lastima da. Haritz Mujika asteasuarrak ere ez du zorte gehiegi izan, baina, bertsotan oso ondo egiten du eta lanean segi dezala.
Ilunbeko finalari begira sorpresarik izango al da?
Aurtengo finalean gutxienez bi finalista berri izango dira aurrekoarekin konparatuta. Oraingo sailkapeneko postuak ikusita, berriz, pentsa liteke inoiz baino aldaketa gehiago gerta litekeela… Baina finalaurrekoak ezberdinak dira, tentsioak ere desberdin jokatzen du eta... Txapelketak badaki kontserbadore izaten ere... Aukera dezente dago eskualdekoren bat behintzat finalean sartzeko…
Beñat eta Oihana Iguaran lehengusuak finalerdietan
Aurrera doa pixkanaka Gipuzkoako Bertsolari txapelketa.
Finalerdien faseari hasiera emango zaio dagoeneko datorren igandean,
azaroak 22, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian 17:30etatik aurrera. Beñat Iguaran amasarra arituko da bertan, Agin Laburu, Alaia Martin, Aritz Lizarralde, Jon Martin eta Unai Gaztelumendirekin batera.
Hurrengo igandean, azaroak 29, berriz, Oihana Iguaran amasarraren txanda izango da. Tolosako Usabal kiroldegian abestuko du, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo eta Unai Agirrere bertsolariekin batera. Abenduaren 6an Eibarko Astelena pilotalekuan azken finalaurrekoa jokatuta, orduantxe jakingo da zein bertsolarik abestuko duten abenduaren 19ko Ilunbeko finalean.
Zorterik beroena Beterri-Aiztondo eskualdeko ordezkariei, Beñat eta Oihana Iguaran lehengusu amasarrei. Eta txaloak, finalaurrekoetatik kanpo geratu arren, bide polita egin duten Jexux Mari Irazu, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolariei.