Bizipenak partekatuz zaintzen ikasteko gunea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 19a, 08:43

Zaintzaileak zainduz programaren baitan, urtean zehar zenbait ikastaro egiten dituzte zaintzaile eta beren senideei zuzenduta.

Adineko pertsonak, menpekotasuna duen norbait edota arazo kognitiboak dituen familiarren bat zaintzea ez da erraza izaten; ez behintzat, eguneroko zaintza eskatzen dutenen kasuan. Horrelakoetan, zaintzaileek formakuntza behar dutela jabetu zen Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatea duela hiru urte, zaintzaileen errealitatea ezagutzeko egindako ikerketa batean. Bertan, zaintzaileek adierazi zuten euren beharrik handiena prestakuntza zela. Gauzak horrela, trebaketa ikastaroak jarri zituzten abian 2013an eta egun, ikastaro horiekin aurrera jarraitzen dute. Esaterako, joan zen astean, Mobilizazioak eta transferentziak izeneko saioak egin zituzten Atxulondon eta martxotik aurrera, laguntza taldea jarriko da abian.
Zaintzaileak zainduz programako koordinatzaile den Zahira Castillok azaldu duenez, bi ikastaro mota antolatzen dituzte. Batetik, Foru Aldundiaren Sendian programaren bitartez, zaintzaile familiarrentzako ikastaroak eta, bestetik, eskualdeko elkarteen bidez, zaintzaile guztiei zuzendutakoak. Horietan guztietan, Silvia Camio aritzen da dinamizatzaile lanetan, partaideek dituzten beharrei erantzuna emateko eta zenbait azaroren irtenbideak proposatzeko.

Arazoak kontatuz ikasten
Zaintzaileen jarduerekin eta euren buruaren zaintzarekin zerikusia duten ikastaroak burutzen dituzte. Taldekideek antzeko arazoak izaten dituztela dio Silviak: “estresa kasu guztietan agertzen denez, erlaxazio ariketak erakusteaz gain, estresa detektatzen eta prebenitzen erakusten diet”.
Ikastaro gehienetan sentimenduak lantzen dituzte: beldurra, dolua, haserrea, tristezia, kulpa... Emozioak nola kudeatu ikasten dute; izan ere, gaixotasun bakoitzak bere maneiatzeko teknikak ditu. “Ezberdina da alzheimerra duen norbait edo minbizia duen norbait zaintzea. Askotan, ez dute jakiten nola jokatu eta teknika horiek ezagutu behar dituzte”, azaldu du Silviak. Zaintzaileen kasu gehienetan, beraien buruaz ahazten direla uste du Silviak, “gaixoaren zaintzaz gehiago arduratzen direlako beren buruaz baino”. Horrenbestez, ikastaroetan asko azpimarratzen diete ardura gehiegi hartzea ez zaiela komeni.
Guztiaren gainetik, ordea, hitz egiteko beharra gailentzen da, parte hartzaileen behar nagusia emozioak adieraztea baita. Hitz egiteko behar handia izaten dute eta lagungarria egiten zaie bakoitzaren bizipenak kontatzea. Horrela, konfiantzazko gune horretan, gainontzekoen esperientzietatik asko ikasten dutela adierazi dute.

Etxerako lagungarri
Ana Irastorzak azaldu du du ahal duen guztietan ikastaroetara joaten dela: “Gustatzen zait ikastaroetara etortzea. Beharra nuelako hasi nintzen, eta oraindik ere beharra dudala sentitzen dut. Ondo etortzen zaizkit saioak, deskonektatzeko eta barrua hustutzeko balio didatelako”. Feli Mendizabalek dioenez, beti ikasten dute zerbait. “Zaintzerakoan, nire buruari askotan galdetu izan diot ondo egiten ari ote naizen. Ikastaroetan kontatuta, ondo nabilela ohartu eta gaizki ez sentiarazteko balio dit”.
Ikastaroetan ikasitakoa etxean lagungarri zaiela eta zaintza errazago eramaten ikasi dutela aitortu dute. “Alzheimerra duen norbait zaintzea ez da erraza. Silviak emandako gomendioen bidez, bere jokaera aldatzea lortu dut. Hitz egiteko edo zaintzeko modua aldatu dut, eta eramanerrazagoa egiten zait”, adierazi du Anak. Feliren ustetan, elkarri bizipenak kontatzea positiboa da, kasuak ezberdinak izanagatik ere, besteengandik ikasten dutelako. “Beti dago zerbait norberarentzat baliagarria izan daitekeena”, azaldu du. Horrenbestez, ikastaroetara gerturatzeko gomendioa luzatu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!