DINA7 taldeko Koldo Juregi aspaldidanik ibili da karobiaren gaia buruan bueltaka, baina piztea ez zuen sekula pentsatu. Adierazi duenez, duela bi urte jarri zitzaion pausu hori emateko gogoa, eta Ekomuseorako gaiak pentsatzerako orduan, behin eta berriz etortzen zitzaion egitasmo hau gogora. Azkenean, duela bi urte proiektuari heltzea erabaki zuten. "Lehenengo urtean karobia eraberritu genuen. Hutsetik, guztia berritu genuen. Orain, ordea, sua emateko unea iritsi da eta ea harria erretzea lortzen dugun".
Gaur goizean piztu dute karobia, baina lan handiena orain hasiko dela azpimarratu du Koldok. Hiruzpalau egunez, anaiarekin batera, eguneko 24 orduak igaroko ditu berau zaintzen, gau eta egun. "Egurra sartzen arituko gara, indarra hartu arte". Hala ere, argi utzi nahi izan du posible dela ondo ez ateratzea eta edozein unetan erortzea. "Lehen horrelakoak gertatzen ziren eta orain ere arrisku hori badago".