Amaitu dira jada Atxulondo Kultur Etxea egokitzeko lanak. Zein berrikuntza nagusi egin da bertan? Igogailua jarri da eta, hainbeste urteren ondoren, irisgarria izango da eraikina. Era berean, beheko solairuko komunak berritu dira eta irisgarri egin dira baita ere.
Azaroaren 2an zabaldu zituen berriz ere ateak. Zein zerbitzu duzue martxan dagoeneko? Obra aurretik genituen zerbitzu guztiak martxan jarriko ditugu: Udal liburutegia eta 2015-2016 ikasturteko ikastaro guztiak jarri ditugu abian berriz ere.
Eskainiko diren ikastaroen artean oihartzun berezirik izan duenik? Urteroko ildo berdina jarraitu dugu, baina haur txikienei eskaintza ireki diegu: gimnasia erritmikoa eta multiekintza egiteko aukera izango dute.
Zein ordutegi izango du aurrerantzean Kultur Etxeak? Liburutegiaren ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da.
Deiren bat luzatuko al zenieke herritarrei? Beti bezala Kultur Etxea erabiltzera animatu nahiko nituzke. Lau hilabetez itxita egon ondoren, herriko plaza kulturaz betetzeko irrikaz gaude.