Nolatan zaletu zinen perretxikoetara? Jateko baino, biltzeko afizio handiagoa izan dut beti. Dozena urterekin hasiko nintzen perretxikoak biltzen, mendira ehizera joaten hasi nintzenean. Gero, ‘perretxikoak ba omen dittuk’ entzuten nuenean perretxiko bila abiatzen nintzen. Egun batzuk oso onak izaten ziren, baina hurrena, ez nuen bakarra topatzen.
Zein ingurutara jo izan duzu batik bat? Nafarroan edota hemen inguruan ibiltzen nintzen gehien: Amasa, Zizurkil eta Aduna aldean. Nafarroan asko bildu izan nuen, han hemen baino gehiago ateratzen baita. Perretxikoari txilar pixka bat bai, baina generalean lur garbia gustatzen zaio. Lehen hemen inguruan gaur baino gehiago ateratzen zen, baso gehiago zegoelako.
Ilargiak ba al du eraginik? Esaera bada perretxiko bila ilbeheran joan behar dela, baina nik ez diot fede askorik horri. Batzuetan ilargiaren zain egon eta batere ez da ateratzen eta beste batean, inork uste ez duen garaian sekulako pila.
Zein perretxiko duzu gogokoen? Batzuek gibelurdina finagoa dela diote, baina niri onddoa gustatzen zait gehien. Hark egiten du biltzerakoan ere grazirik gehien. Generalean, mendira joaten denak onddoa nahi izaten du. Oraintxe hasi da onddoaren garai bete-betea.
Gomendiorik? Ezagutzen ez duenak kontu handia behar du perretxikoarekin eta dakienak ere bistarekin ibili behar du, ez baita zaila onak direlakoan txarrak hartzea. Badira bospasei seguru: onddoa, gibelurdina, xixoria, kuletroa…, baina argi ibili behar da.