Tokian tokiko, garaian garaiko

Bidaiatzearen plazera gora

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 18a, 01:00

15 urte daramatzate Fernando eta emazteak bidaia eta egonaldiak eskaintzen.

Zertan da bidaiatzeko grina egun? Azken bi urteotan gorakada nabaritu dugu. Herritarrek bidaiatzeko gogoa eta beharra erakutsi dute. Krisiaren bonbardaketaren erdian, jendea ez zen bidaiak egitera ausartzen, baina erlaxatuago gaude egun eta oporretara joatea erabaki du askok.

Zer eskaintzen duzue bidaia agentzia bezala? Bidaia aholkularia naiz eta bezeroari aholkularitza eskaintzen diot. 15 urte hauetan esperientzia handia hartu dugu eta leku asko ezagutu dugunez, bakoitzari bere nahien araberako bidaia prestatzen saiatzen gara. Eskaintza pertsonalizatu horrek erakartzen du bezeroa, normalean errepikatu egiten duena. Hala ere, garai berrietara egokitu behar da eta zuzeneko arretaz gain, Internet sarean ere egiten dugu lan. Batetik, www.viajemania.net webgunea kudeatzen dugu eta bereziki, familia ugariei zuzendutako www.masdecuatro.com gunearekin buru-belarri ari gara lanean. Eskaintza berri eta erakargarriak egiteko martxan izaten dut burua beti.

Nora jo du aurten bereziki bidaiariak? Udan Baleareak nabarmentzen dira batik bat eta aurten baita Costa Brava ere. Era berean, Karibera jende ugari animatu da eta New York ere beti egoten da modan. Udazkenetik aurrera Kanarietako bolada hasiko da eta baita Europa aldeko bidaiena ere. Euro Disney-koa, berriz, urte guztian zehar saltzen dugu. Gure ezaugarrietako bat da, parkea eta ingurua ondo ezagutzen ditugunez, eskaintza onak egiten ditugu eta jende asko gerturatzen zaigu bidaia horren bila.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!