Zer moduz abiatu dira torneoko partidak? Pasaka modalitatea besteak baino atzeratuxeago, baina ondo. Martxan dira denak.
Lau modalitate ezberdin jokatzen ari dira… Zer moduzko erantzuna izan dute? Eskuz binaka nagusien afizionatu mailakoa, pala gomaz binaka, frontenis banaka eta pasaka binaka. Pasaka modalitate berria da hemen, iaz hasi ginen zer edo zer berria egin nahian. Teniseko sarea erdian jarrita jolasten da, pilota alde batetik bestera pasaz. Txapelketako modalitaterik bereziena da, oso gutxi jolasten baita inguruan. Gainerakoan eskuzkoak izaten du erantzunik onena. Frontenisean gero eta gazte gehiagok ematen du izena (20 pertsonak aurten) eta palan txapelketara kanpoko jendea ere etorri da (15 bikote aurten).
Noiz eta non jokatzen dira partidak? Frontenis eta pasaka txapelketak Olaederrako frontoian. Frontenisa astelehen, asteazken eta ostiraletan 16:30etatik aurrera. Pasaka astearte eta ostegunetan 18:30etatik aurrera. Pala eta esku pilota txapelketa, berriz, Bearzana pilotalekuan. Pala astelehen eta asteazkenetan eta esku pilota astearte eta ostegunetan 18:30etatik aurrera. Pasaeran jende dezente geratzen da partidak ikustera, baina oraindik herritar askok ez daki torneo honen berri. Santioak arte arratsaldero izango da pilota partidaren bat herrian. Batzuetan, egun berean bat baino gehiago ere bai.
Santio festen baitan jokatuko dira finalak. Noiz? Pasaka eta frontenisa uztailaren 24an 16:30etatik aurrera. Pala eta eskuzkoa uztailaren 28an 18:00etatik aurrera.