Txepetxa eguna ospatu berri duzue. Kontaiguzue... Duela lau urte antolatu genuen lehendabiziko aldiz. Oso giro polita geneukan herriko gazteen artean, eta baita lanerako gogoa ere. Elkarrekin ondo pasatzeko aitzakia polita zela iruditzen zitzaigun, Zizurkil goi eta beheko jendea elkartuz. Egitarau polita osatzen saiatzen gara, eta pixkanaka, indartzen ari da jaia.
Aurten ere egun osoko egitaraua prestatu zenuten. Bai, herri kirolak, triki-poteoa, bazkaria, txerri harrapaketa, gaueko kontzertuak, etab. Gainera, eguraldia lagun izan genuen eta giro ederra sortu zen goizetik. Jendeak lanerako eta parte hartzeko borondatea agertu zuen, eta pozgarria da hori. Ohiko bileratan hamabost bat pertsona elkartzen gara, baina egunean bertan, jende asko egoten da lanerako prest.
Urtean zehar, zein ekitalditan hartzen duzue parte? Santa Ageda egunean abesten ateratzen gara, Gazte Egunerako dirua ateratzeko. Aurten, gainera, Korrikako kilometro bat erosi genuen eta horrez gain, herriko jaietako hainbat ekintza antolatzen dugu. Gure artean harreman ona dugu, eta hori horrela, ez da batere kostatzen ekintzak antolatzea.
Inguruko gazteak ere hurbiltzen dira... Bai; Alkiza, Aduna, Asteasu..., inguruko herrietako jendea etortzen da. Denentzako bilgune bihurtu da Zizurkil; hamasei urtetik gorako gazteak biltzen gara, mugarik gabe.
Nondik datorkio izena gazte asanbladari? Pello Mari Otañok txepetxari jarritako bertsoek eman ziguten ideia. Zizurkildarrak izanik, izen egokia iruditu zitzaigun.