Ahots oneko mutikoa izan zen Tomas. Hiru mailatako entierroak izaten ziren garaian elizako abesbatzan abesten zuen eta “primerako entierroa zenean, Jabier Berasaluze eta biok eskolatik geldiarazten gintuen maisuak, kantatzera joateko”, azaldu zion Aiurriri 2010eko apirilean. Kantari aritzeaz gain, tronpeta ere jotzen zuen eta Villabonako bandako nahiz Los del último vagón txaranga alaiko kide izan zen gaztetan. Villabonako Sacem lantegian egin zuen lan 17 urtez, bere kontura Zizurkilgo lantegia zabaldu zuen arte. Zikloturista izan zen eta motozalea ere bai. Ossa moto “fin askoa” izan zuen hasieran, mobilettea gero. Bidaia motz eta luzeagoak egin zituen moto gainean.. Autoa ere gogoko zuen eta taxista nahiz autoeskolako irakasle modura ere aritu zen lanean.
Txikiteoaren ohiturari hutsik egin gabe eutsi dion lagunarteko kide zen Tomas. Pertsona irekia izaki, batarekin eta bestearekin hizketan nahiz txantxetan maiz aritzen zena. “Jan eta lo Zizurkilen eginagatik, Villabonan bizi naiz gehiago. Egunero biltzen gara lagunak eta Villabonan tabernaz taberna ibiltzen gara 22:00ak aldera arte. Txikiteora atera aurretik afari-merienda egiten dut nik, bestela ez dago agoantatzerik”, adierazi zuen. Gizon umoretsua zen, txistezalea. Joxe Ramon Galarraga amasarrari, esaterako, ikusten zuenero kontatzen omen zion txisteren bat, “hi, bakik. Bakak beste bat kontatzeko’, esanaz. Gaztetxotan bezala, oraindik ere musikak hunkitu egiten zuen. Besteak beste, sarritan entzuten zituen Mozart, Beethoven edota Wagnerren lanak.