Inauteri garai bete-betean, gogotsu?
Gustuko ditut Inauteriak, txorakeriak egiteko eta lagunekin elkartzeko aukera ematen dutelako. Larunbatean Andoainen ibiltzeaz gain, Tolosarako ohitura ere badugu.
Zertaz mozorrotuko zara?
Larunbatean ez dugu Andoaingo desfilean parte hartzen, baina lagunartean urtero mozorrotu eta tabernaz taberna ibili ohi gara. Oso giro polita izaten da. Kosta zaigu erabakitzea, baina azkenean Edurnezuri eta zazpi ipotxez mozorrotuko gara.
Axeri puxka biltzearekin hasita, indarrean da Inauteria Andoainen…
Lehen urtean soilik hartu nuen parte puska biltzaile gisa. Oso ohitura polita eta herrikoia da, auzotarrengana hurbilduz. Larunbateko desfilea baino gehiago gustatzen zait niri, bihurrikeriak egin eta herritarrak zirikatzeko aukera hobea ematen du. Antolatzaileek meritu handia dute ohitura zaharra berreskuratu eta urtero kaleratzen.
Kaldererotan erreginaren paperean aritu zinen iaz… eta aurten?
Aurrez beste lantalde bat aritzen zen kaldereroak antolatzen eta iaz gora kaletxiki txarangak hartu zuen bereziki ardura hori. Proposamena jaso ondoren, aritz escudero eta biok erreginaren paperean parte hartzera animatu ginen. Berezia izan zen. Karrozaren gainean gu, kanpokoa ikusi eta entzunez. Udaletxeko balkoitik pregoia botatzea ere polita izan zen, herritarrak hitzez eta bertso bidez xaxatuz. Aurten ere kaldererotako erreginen paperean arituko gara, herritarrak festara animatuz. Herritik sortutako ekimenak herritarron artean bultzatu behar dira.