Egutegian markatutako data al duzu Durangokoa?
Bai. Gordeta ditut umetako oroitzapenak, gurasoen eskutik joaten nintzenekoak: Santa Maria elizaren arkupeetan eta baita geroagokoak ere, azoka plazan. Baina gaztaroan kale egin nuen hainbat urtez. Semea gurekin iaz joan zen aurrenekoz, eta berak ere gozatua hartu zuen!
Zerk erakartzen zaitu liburu eta diska azokatik?
Bertan dagoen aukera ikustea gustatzen zait, zabala baita. Liburu batek atentzioa deitu, azala ikusi, eskuetan hartu, ukitu, zabaldu…
Aurten gertuko liburu bat erakusgai izango duzue…
Bai, udaberrian Elgoibarko gure aitaren biografia argitaratu genuen (Felix Etxeberria, Parapango akuilua) eta azokan salgai egongo da. Honek poza eragiten dit eta aurten berarekin joatea nahiko nuke! Nire bizitzako hiru gizonekin: aita, bikote eta semearekin, alegia.
Azoka gunetik atera eta zer?
Batzuetan lagunartean elkartu eta Durangoko giroaz gozatu. Baina ez da ohikoena. Ez naiz jende asko dagoen lekuetan ibiltzeko zalea. Horrela, azkenaldian, azokara eguerdian joaten gara, postuak lasaiago ikusteko aukera ematen baitu ordu tarte horrek. Eta arratsean azoka guneak eskaintzen dituen kontzertu bakarren bat ikusi.
Baina egia esan behar badut, gehien maite dudana, posturik postu nire gisara ibiltzea izaten da, zer aurkituko, zerk tentatuko…